Alex Mumbru. Bilbo Basketeko entrenatzaile ohia

«Ematen duen baino gehiago zor diot Bilbo Basketi»

Bi urterako etorri zen, 2009an, eta hamahiru osatu ditu azkenean: bederatzi jokalari moduan, eta lau entrenatzaile gisa. Denetarik bizi izan du Bilbo Basketen, «zerua eta infernua», aitortu duen bezala. Erronka berrien bila abiatuko da.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Autoan harrapatu du BERRIak Alex Mumbru (Bartzelona, 1979). Elkarrizketa eskatu, eta aurreneko kolpean, zalantza: «Ez naiz ari asko ematen». Baina animatu egin da azkenean. Telefonoz erantzun ditu galderak. Astelehenean jakinarazi zuen aurrerantzean ez dela izango Bilbo Basketeko entrenatzaile.

Agur agerraldian esan zenuen: «Zerua ukitu dut». Zertaz ari zinen?

Finalak jokatu ditugula adierazi nahi nuen. 10.000 zaleren aurrean jokatu dugula ere bai, gu animatzen eta gure alde oihuka. Zerua ukitzea hori da niretzat, pentsaezina zen-eta guretzat.

«Infernutik gertu ere egon naiz», esan zenuen. Zertan?

Desagertzeko arriskuan egon ginen; LEB ligara jaitsi ginen. Azkenean, infernua ukitu genuen ia.

Zerua kirol emaitzak bakarrik izan dira, ala bestelakoetatik ere bada zerbait?

Bada horretatik ere, eta kirol arloa ez den beste gauza horietan guztietan zerua besterik ez dut ukitu. Ez da infernurik egon. Nabarmentzekoa da nola tratatu nauten, adibidez. Dena da hori, azken batean. Etxean bezala sentiarazi naute, eta horrek sekulako garrantzia dauka etxetik ateratzen zarenean. Bilbotarra banintz bezala hartu naute, eta gauza handia da hori.

Bilbora etorri zinenean, ez zenuen pentsatu ere egingo hainbeste urte egingo zenituela, ezta?

Bi denboraldirako kontratua sinatu nuen, talde lehiakorra osatzeko asmoz. Aukera polita zela pentsatu nuen, eta, azkenean, hamahiru egin ditut. Zer esan nahi duen? Gustura egon naizela, eta gauzak ondo egin ditudala; bestela, lehenago botako ninduten. Nire bizitzaren heren bat pasatu dut hiri batean, azkenean.

Nolako kluba aurkitu zenuen etorri zinenean?

Umiltasun handia zeukan, hazteko sekulako gogoa, eta horretarako aukera ere bai, gainera. Horrek guztiak konbentzitu ninduen. Gauzak ondo ari zen egiten, sekulako zaleak zeuzkan, eta pabiloi berria izango zuen handik urtebetera: Miribilla. Ilusioa egin zidaten gauza horiek, eta ondo saldu zidaten egitasmoa. Ez nuen irentsi, ez ninduten engainatu. Ikusi egin nuen, gustatu, eta etorritakoan konturatu nintzen esan zidaten baino gehiago ere bazela. Bilbon eta Bizkaian goi mailako saskibaloia egotea nahi zuten zaleek, eta beti egon dira hor. Une txarretan ere bai, LEB ligara jaitsi ginenean.

Eta hazi egin zen kluba: ACBko finala 2011n, Euroligako final-laurdenak 2012an...

Eurokopako final bat ere jokatu genuen [2013]. Hain berria zen klub batentzat ia pentsaezina zen hainbeste lortzea.

Hazi bezain azkar hasi zen gainbehera, ordea. Bide on hartan jarraitu ezinaren pena daukazu?

Pena daukat ezer ez irabazteagatik. Jakin izan banu gero klubak hondoa joko zuela, ez nuen sinatuko jauzi erabakigarriarena. Baina azkarregi hazi ginen, eta erori ere, abiadura berean. Erdian harrapatu gintuen asko. Gutxienez, gero gai izan gara Bilbo berriz ere ACB ligan jartzeko, merezi duen lekuan.

Alderaketak alderaketa, bere garaian gora iristeak baino meritu handiagoa ez du oraingoak?

Meritua dauka goian egon eta erori ondoren berriz ere sinesteak, hazteak eta abar. Zaleek sinetsi egin zuten berriz, eta LEB ligako denboraldia zoragarria izan zen. Bukatu zen bezala bukatuta, gainera. Etxean gure jendearen aurrean igoera lortzea sekulakoa izan zen, oso partida estuan, gainera. Entrenatzaile moduan izan dudan unerik politenetakoa izan da. Berrasmatu egin ginen klub moduan, eta orain badakigu zer egin behar den: kolpetik eta kolpera hazi ez, urrats txikiak eta sendoak emanez egin aurrera. Pixkanaka joan behar da, baina haziz.

Jokalari moduan, zein duzu oroitzapenik onena Bilbon?

ACB ligako finala eta Euroligako final-laurdenak.

Real Madrilekin ere goi-goian ibili zinen, baina balio handiagoa ematen diozu Bilbo Basketekin lorturikoari?

Bai, jakina. ACB ligan, 2011n, Valentzia eta Real Madril kanporatu behar izan genituen finalera heltzeko. Oso kanporaketa zailak izan ziren. Gero, hurrengo sasoian, Euroligan ginen, kanporaketetan Kirilenkoren CSKA kanporatu nahian. Europako goi-goi maila zen hura, guretzat oso zaila. Partida bat behintzat irabazi genien, hemen, Miribillan. Ederki gogoratzen naiz nola galdu genituen lehen bi partidak Moskun. Hirugarrena hemen zen, eta irabazi egin genien. Ez zuten uste galduko zutenik, hotela hartu gabe baitzuten egun gehiago igarotzeko Bilbon.

Unerik txarrena zein jokalari moduan?

ACBtik jaistea. Errudun sentitu nintzen, urte asko neramatzalako hemen.

Soldata kobratu ezinda egotea baino gogorragoa izan zen?

Bai. Azkenean, soldatarena zen onartzea edo ospa egitea. Eta onartu egin nuen zer zegoen.

Aukera izango zenuen, bada, ospa egiteko, ezta?

Balioa duen edo ez, bada, auskalo. Eusteko garaia zen. Klubak gauza asko eman zizkigun garai onetan, eta, txarra heldu zenean, lehen emandakoa itzultzeko unea zen. Garbi zegoen zaleek ez zutela ezeren errurik.

Zaleengatik geratu zinen?

Bai. Klubarengatik ere bai.

Kluba dago zorretan zurekin, edo zu klubarekin?

Asko eman dit. Esate baterako, entrenatzaile izaten hasteko aukera hemen bakarrik eman ahal zidaten, jokalari izan nintzelako bertan. Hazteko aukera eman dit, umeak ere hemen hazi dira, Men in Black bat izateko aukera eman dit... Aukera asko eman dizkit. Nik gehiago zor diot, ematen duen baino gehiago.

Nolakoa izan zen entrenatzaile izateko aukera eskaini zizuten unea?

Azkarra izan zen. Jaitsi egin ginen LEB ligara, eta erretiratu egin nintzen. Entrenatzaile izan nahi nuen, eta klubak bazekien. Ikasi egin nuen jokalari nintzenean. Baina uste nuen Bilboko egonaldia amaituta neukala, eta traste guztiak eraman nituen. Taldea zuzentzeko eskaini zidaten, eta nik, onartu. Zuzendaritzaren meritua izan zen erabat.

Asmatu ez zutenik ezin esan; lehen denboraldian, arrakasta: ACBra igo zineten.

Ondo hastea izan zen. Iritsi eta arrakasta. Jaitsi nuen kluba urtebetean igotzea polita izan zen. ACBko lehen sasoian, Kopa jokatu genuen, eta titulurako kanporaketak ere bai, Valentzian, pandemia bete-betean. Iaz, larri ibili ginen, erabat ezberdin. Europan ere jokatu genuen, eta kalte egin zigun, lesio asko izan genituelako. Baina lortu genuen mailari eustea, eta meritua dauka, aurrekontua horretarako genuelako.

Azken denboraldia, oraingoa. Lastima titulurako kanporaketan sartu ez izana hutsagatik.

Bai. Borroka egin dugu, eta gustura. Gehiago nahi genuen, baina gure aurrekontuarekin ia kanporaketak jokatzea ez da gutxi. Gainera, Europan jokatzeko aukera izango du taldeak berriz datorren sasoian.

Garaipenik handiena izan da denboraldi honetan berriz ere Miribilla beteta egotea?

Bai, eta kirol arloan, taldea berriz ere Europan sartzea.

Hau ere esan zenuen agurrean: «Bakean noa».

Zintzoa naiz; gauzak garbi esaten ditut. Lasai noa neure buruarekin, dena eman dudalako beti. Kluba leku onean utzi dut, eta asko betetzen nau horrek. Joateko modu ona da.

Garrantzitsua izaten baita lekuetatik ondo ateratzea, ezta?

Hori da. Hobe da jendeak zure falta sumatzea, sobran zaudela pentsatzea baino. Pozik noa alde egiteko moduarekin. Jendeak ulertu egin du erabakia, eta hori ere polita da.

Zailena, agian, umeei esatea Bilbotik joan behar dutela?

Euskaraz hitz egiten dute, hemengoak dira. Lagunak hemen dituzte, eskola ere bai. Baina ulertzen dute, eta, haiek esaten duten bezala, aitaren lanaren parte da, eta ohitu egin behar dute. Azaldu egin diegu, ulertarazten saiatu, negar egiten lagundu... Gero arte bat izan dadila lagunei esango dietena, eta ez agur bat.

Non egingo dituzte orain lagun berriak?

Eskola berrian, doazen lekura doazela.

Ez da beste talderik egon Bilbotik joateko erabakiaren atzean?

Ez. Erabakia hartuta neukan lehendik. Klubak eta nik bagenekien noraino heldu gintezkeen, eta bien arteko negoziaziorik ere ez da egon. Uste dut geratu behar zuen bezala geratu dela gaia.

Laster jakingo dugu zer taldetara zoazen?

Batek daki. Uda oso luzea da. Ea azkar jakiten dugun, baina pixka bat geratuta dago dena. Lasai nago.

Hurrengo geltokia orain arte Bilbon emandako pausoen hurrengoa izango da, berez tokatzen dena, ala jauzi handiren bat egingo duzu?

Datorrena etorriko da, eta prest egon behar dut.

Lagun asko utzi dituzu hemen. Arrantzarako laguna aipatu zenuen agerraldian. Horiek uztea ere zaila, ezta?

Bai. Hemen badakigu hegaluze polita dagoela [barrezka]. Bilbon zaletasun handia dago arrantzarako, eta udan ateratzen nintzen.

Euskaraz gehiago ikasi ez izanaren pena omen duzu. Benetan?

Bai. Hori utzi dut egin gabe. Euskara menderatzen saiatu naiz, baina ez da erraza.

Zer eman dizu Bilbo hiriak?

Hiru seme zoragarri, eta tratu paregabea. Hemengoen izaera, euskaldunena ere neurekin eramango dut. Lagun asko ere bai. Pixka bat banatuko naiz; ez ditut betiko utziko, hala ere.

Nolakoak gara euskaldunak?

Fidagarriak, langileak, zintzoak eta hitzekoak. Kosta egiten da zuengana gerturatzea edo zuen barruan sartzea, baina, behin hori egindakoan, ez zara ateratzen. Gustatzen zaizue zuena bizitzea, kalean egotea, oso familia giroan.

Bilbon bakarrik ez zinen geratuko, baina. Ezagutu dituzu inguruak ere?

Bai, ibili naiz bueltaka. Bizkaiaren muina ere ezagutu dut, osoa.

Zeren bila atera izan zara?

Bazterrak ezagutzera. Gustatzen zait nagoen lekuak ezagutzea. Mendira ere igo izan naiz. Euskal kulturaren parte ere bada mendia, eta kirola, jakina. Esku pilotan ere jokatu dut. Zenbait txokotara ere joan naiz. Bat gehiago izan naiz.

Zer moduz pilotan?

Ez naiz oso ona. Lehenago hasi behar nuen. Baina garrantzitsuena gogoa jartzea da [barrezka].

Pilota gogorrarekin jokatu izan duzu?

Profesionalenarekin ez, ez.

Beste zaletasunik baduzu?

Musika entzutea, bizikletan ibiltzea, kirola egitea, arrantza, mendia... Denetarik pixka bat.

Saskibaloia burutik kentzeko dira zaletasun horiek?

Bai, baina ezinezkoa da. Mendira igotzen ere, buruan saskibaloia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.