Porrotaren sentsazioa

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Azken boladan irakurri ditudan hiru elkarrizketetan: Ruben Sanchez Bakaikoa idazleari Argia-n egindakoa, Anjel Mari Olalde Araba Euskaraz-en koordinatzaileari BERRIAk egin diona eta Felipe Juaristi idazleari BERRIAn egindakoa, behin baino gehiago porrotaren ideia agertzen da. Hiru pertsona horiek pentsaera eta filosofia desberdinetakoak dira, seguru asko ez dute elkar ezagutzen, batzuek kontrako planteamenduak defenditu dituzte eta, hala ere, elkarrizketak irakurri eta hausnartzean, bakoitzak bere arloan euskal komunitatean porrot handi bat gertatu dela argi eta garbi adierazten digutela ikusi dut. Hitz gutxitan, bakoitzak, nire ustez, zein porrot adierazten duen aditzera ematen saiatuko naiz. Lehen elkarrizketan Ruben Sanchez Bakaikoak, preso eta iheslarien gaian gertatu dena azaltzen du: «Presoak eta iheslariak geratu dira oker kolektibo estrategiko-taktiko baten albo kalte bezala. Ezker abertzalearen familian konpondu gabe geratu den arazoa da, eta konpontzeko itxura handirik ez duena gaur gaurkoz». Argiago ezin du esan idazleak: garai batean, ez hain aspaldi, amesten genituen garaipen iraultzaileen kontra, euskal gizartearen zati handi batek alde batera utzi ditu preso eta iheslariak, eta, idazleak ondo dioenez, ez da arazoa hain erraz konponduko. Bigarren elkarrizketan, Anjel Mari Olalderi egindakoan, euskararen aldeko mugimenduan gabezia handiak daudela aditzera eman nahi ditu pertsona horrek eta, ezin hobeto adierazten duenez, haren hitzak zuzenean transkribatuko ditut: «Azken batean, gizartean dauden gabeziak ere islatzen dira halako jaietan. Egun, gero eta zailagoa da jendea mugitzea... baina zerbait gaizki egin dugun sentsazioa ere badaukat. Egun eroso bizi gara, eta beharrezkoa da erosotasun horretatik ateratzeko bideak jartzea». Euskarari eta euskal kulturari buruz hitz egitean ordezkari politikoek eta euskalgintzako pertsonek normalean erabiltzen duten triunfalismotik urrun, askoz ikuspegi beltz eta pesimistagoa transmititzen digu Olaldek, eta nik asko eskertzen dizkiot haren hitzak, behar den tokian, errespetu handiz eta inolaz ere gutxietsi gabe, jakina, jartzen baititu horrenbeste maite ditugun euskararen aldeko jai erraldoi horiek. Hirugarren elkarrizketan, Felipe Juaristi idazleari egindakoa, euskal kulturak gaur egun dituen gabeziez eta prekaritateaz argi mintzatzen zaigu Juaristi: «Txio bat nahikoa da gure literatur eta kultur sistema osoa hankaz gora jartzeko, eta horrek esan nahi du sistema oso ahula dela eta oso harreman prekarioetan dagoela oinarrituta». Juaristik euskal kulturari buruz esaten duena aztertzeak artikulu monografiko bat, edo artikulu monografiko bat baino gehiago eskatuko luke, baina laburki adierazi dudana nahikoa dela uste dut, gaiaren larritasunaz jabetzeko. Kulturan ere, beraz, askotan iruditzen zaigunaren kontra, ez gaude hain ondo.

Adieraztea zail suertatzen zaigun arren, porrotaren sentsazio mingotsa da garai batean Euskal Herriaren alde borroka egin genuen euskaldun batzuok gaur egun duguna. Artikulu batek ez dit xehetasun handiegietan sartzeko tokirik uzten, baina geure historia hurbila aztertu besterik ez dugu egin behar, zer izan ginen eta gaur zer garen ikusteko: 70eko, 80ko hamarkadak eta 90ekoaren hasierako urteak (amnistiaren aldeko borrokak, preso eta iheslariekin zegoen maitasuna eta konpromisoa, ikastolen mugimendua, Aberri Egun maitagarri horiek, Gernikako bonbardaketaren 50. urtemugan egindako akanpada, bakearen aldeko borroka, kontzientzia eragozpen eta intsumisioaren aldekoa, Elkarri gizarte-mugimendua, hainbat eta hainbat gazteren ilusio eta borroka egiteko grina, eta abar luze bat.). Non dago hori guztia gaur egun? Orduko geure ametsak lortu al genituen? Argi dago ezetz eta, horregatik, herri eta komunitate gisa gurea porrot handia izan dela uste dugu askok. Porrot horren arrazoiak zeintzuk dira? Bat baino gehiago izango dira, seguru asko, baina, gustatzen ez zaigun arren, bat azpimarratu behar dela iruditzen zait. Borroka armatuaren azken urteak oso krudel eta odoltsuak izan ziren, errugabe askok galdu zuen bizitza, ETAk ez zuen geure herriaren sentsibilitatea kontuan hartu, hilketen kontra baitzegoen aspaldi jendea eta, azkenik, jende asko, Euskal Herrian zegoen giroarengatik (hilketak, torturak, errepresioa, pertsonen arteko ezinikusiak...) borrokatik urrutiratu zen. Dena den, euskaldunok uste genuenaren kontra, borroka armatuaren desagerpenak ere ez du borroka zibilaren berpiztea ekarri, eta hau da, nire ustez, gaur egun denok egin behar dugun hausnarketa: nola berpiztuko dugu euskal gizarte zibila, Euskal Herriaren aldeko borroka baketsua egiteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.