Imanol Lasaren kode etikoa

Aitor Leiza, Aitziber Sarobe, Edurne Huesa eta Rafa Saiz
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 8an Gipuzkoako Foru Aldundian elkartu ginen Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariak Imanol Lasa, ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatuarekin; Arantza Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendariarekin eta Xabier Arruti Nekazaritza eta Lurralde Orekako Zuzendariarekin. Bilera Naturkon-ek eskatu zuen, legealdia berriaren hasiera izanda, Diputatuari gure taldea aurkeztu eta bere agintepean dagoen Mendietako eta Natura Inguruneko sailarekin elkarlanerako gure nahia eta eskaera luzatzeko.

Naturkon elkarteen elkartea da, inora ezer aurkeztu aurretik, proposamenak zein erabakiak adostuta eramaten ditugularik. Natur kontserbazioaren defentsan beti, talde ezberdinen ahotsa ordezkatzen dugu, eta ondorioz, denon artean adostutako proposamenak eta ekimenak gauzatzen ditugu. Bilera hartara ere, aurreko legealdiaren balorazio partekatua eta ezkorra, gehi elkarlanerako proposamen adostua eraman genituen. Bilera baino hilabete lehenago Imanol Lasari helarazitako txostena gure blogean dago zintzilik ikusi nahi duenarentzat (2020.Aldundian BILERA izenarekin: http://naturkon.blogspot.com).

Bilera oso gogorra izan zen. Aldunditik hitza hartu zuen bakarra Imanol Lasa diputatua izanik, hasiera-hasieratik erakutsi zuen bilerarako proposatutako gaiak, eta gure arteko harreman posibleak, saihesteko intentzioa. Behin eta berriro aipatu zigun aurkeztu genuen txostenak aldundiaren kode etikoa ez duela errespetatzen, irainez eta gezurrez beteta dagoela, eta hitzez hitz esan zigun, bilerarekin aurrera jarraitzeak guk aurkeztutako txostena ontzat ematea suposatzen zuela eta hori ezin zuela onartu. Kontuan hartuta txosten hori Naturkon-en legealdiaren balorazioa dela, noski, inoren onespena jasotzeko prestatu gabea, zaila zen, eta da, ulertzen diputatuaren jarrera hori. Esan beharrik ez dago, bilerarekin ezin izan zela aurrera egin, eta gure aldetik eskatu genion, hitzez esandakoak idatziz bidaltzeko txostenari erreferentzia eginez, eta azaltzeko, zeintzuk diren aldundiarekin harremantzeko irizpideak delako kode etiko horren baitan.

Hilabete pasatu da, eta ez dugu diputatuaren berririk jaso. Bilera, hartan gelditu da, baina diputatuari bidali diogu elkarlanerako prest jarraitzen dugunaren jakinarazpena.

Naturkon-ek Gipuzkoako ekologismoaren eta natur kontserbazioaren ikuspegia ordezkatzen du. Gaur egun, landa eremuaren, eta bereziki, babestutako eremuaren kudeaketarekiko gure ikuspegiak ez du bat egiten landa eremuaren ustiapenetik bizi direnekin (egurzaleak, abeltzainak, industria ezberdinetako ordezkariak...), eta bizi-bizi dauden gatazkak ere sortu ditu horrek (pinudien krisia, Aralarko pistak etab.). Egoera hauetan ezinbestekoa zaigu aldundira zuzentzea, berea baita guztiona den ondare naturala eta bioaniztasuna zaintzearen ardura. Baina umezurtz gaude. Aldundiak, gaur, ez du berea duen ardura hori betetzen eta ez du bide horretan lan egitea eskatzen duen gure ahotsa onartzen. Ematen duenez, ez dute gizartean dugun ordezkaritza balioesten.

Guk ez dugu etsiko. Ezin dugu onartu ingurumen kalteak kontuan hartzen ez dituen garapen sozioekonomikorik. Administrazioak bere diskurtsoan hain ozen esaten duen hori gauzatzea da eskatzen duguna, eta horretan arduraz jokatzea. Garapen sostengarriaz, klima aldaketaz, karbono isurien gutxitzeaz, ekonomia zirkularraz eta antzeko kontuez ari zaizkigu etengabe; baina, hitzei esanahia kenduz, gutxi batzuen interesak guztion interesen gainetik egoten jarrai dezaten.

Ez dakigu, ez zaigulako esan, zein den Aldundiarekin harremantzeko bete beharreko kode etikoa. Guk ez dugu inor iraindu, ez diogu inori errespetua galdu eta ez dugu gezurrik esaten. Kontuak eskatzen ditugu, hori bai, kudeaketa publikoak zintzoa eta gardena izan behar baitu. Gizalegez eta modu proaktiboan, ezinbestez administrazioarekin lan egiteko intentzioarekin jarraitzen dugu, eta hor izango gara deitzen gaituztenontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.