Siriako gerrak 10 urte

Jokalari gehiegi xake taularako

Siriako gerra nazioarteko eragileen jokaleku bihurtu da. Mendebaldeak ez du lortu gerra piztu zenean agintean zegoena botatzea: Al-Assad. Haren esku dago lur eremurik handiena.

Jendea pilatuta, Siriako Homs hirian izandako atentatu baten ostean, 2016an. MOHAMMED BADRA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Erreforma politikoaren alde eta agintekeriaren aurka 2011n herrialde arabiarretan izan ziren matxinadek forma berezituak hartu zituzten herrialdez herrialde. Sirian izan ziren protestek erakutsi zuten gainerako lekuetako formula bera ez zela aplikagarria herrialde horretan; ez, behintzat, Baxar al-Assaden gobernua agintetik kentzeko. Besteak beste, Egipton eta Libian izandako protestetan ispilatu ziren protesten sustatzaileak, baina ez ziren baliagarriak izan Siriarako. Eta ez ziren izan, hein batean, hainbat etnia eta erlijioren bizileku delako herrialdea, kokapen estrategikoa duelako taula geopolitikoan, eta petrolio eta gas erreserba handien jabe delako.

Hamar urte egin dituen gerra baten pizgarri izan ziren 2011ko protesta haiek. Herrialde baten suntsipena, hilketa masiboak eta milioika errefuxiatu eragin ditu XXI. mendean izan den gerrarik handienak. Agintean mantentzea lortu du Al-Assadek, eta herrialdearen zatirik handiena kontrolpean dauka.

Hala ez dagoen inguru bakanetakoa Turkiarekin muga egiten duen Idlib probintzia da, herrialdearen ipar-mendebaldean. Al-Assaden aurkako matxinoek, talde jihadistek eta Turkiako tropek partekatzen dute eremu hori, eta eutsi egin diete Siriako armadak eta Errusiakoak inguru hori bereganatzeko asmoz egindako ahaleginei. 2019ko abuztuan su-etena eman zuten bi aliatu horiek, baina tentsioa ez da gutxitu, eta erasoaldiak ohikoak dira bertan. Oposizioaren eta talde islamisten gotorleku nagusia da, eta talde horien erresistentzia baliatu du Turkiako armadak eremu horretan hedatzeko. Izan ere, Siriara duen sarbidea izateaz gain, jasotzen dituen errefuxiatuak kanporatzeko darabilen bidea ere bada Idlibekoa Recep Tayyip Erdoganen gobernuarentzat.

Gerrak eragindako migrazio fluxua zuzenen jaso duen herrialdea da Turkia, eta, horregatik, Sirian esku hartzen duten potentzien artean bakea ezartzeko interes handiena duena ere bada, fluxu hori eteten lagunduko bailuke. Ez dago prest bere posizio militarrak galtzeko eta Al-Assadi ingurua hartzen uzteko, ordea, eta Kremlinak, berriz, argi esan du Siriaren batasun nazionala lortzen eta galdutako eremuak berreskuratzen lagunduko diola hari.

Posizio antagonikoetan jarri ditu horrek Turkia eta Errusia, eta tentsioa areagotu egin da bi potentzien artean. Nazioartean egiten dituzten esku hartzeek erasan egin dezakete haien arteko harremana, eta hori kaltegarriagoa izan daiteke Turkiarentzat, bai baitu Errusiarekiko menpekotasunik, arlo ekonomikoan nahiz militarrean. NATOko kide da Turkia, baina Errusiari ere erosi izan dizkio armak. Halaber, gas hornitzaile garrantzitsua da Errusia Turkiarentzat, eta duela gutxi inauguratu dute biak lotuko dituen Turk Stream gasbidea.

Tentsio orekatu horretan mantendu beharra dauka Turkiak. Mendebaldearekin aliantzak ditu, nahiz eta Europako Batasunak erreparoz begiratzen dion eta errefuxiatuak trukerako txanpon gisa erabiltzea leporatzen dion. Bi bloke horien artean dagoela, autonomia eta eragiteko gaitasuna areagotzen saiatzen ari da, batez ere, gaitasun militarrak handituta —NATOko armada handiena dauka, AEBen atzetik—baina herrialde barnean egoera ekonomiko zaila dauka, eta erreferentzia militarra izatearekin ez du nahikoa izango.

Idlibekoa ez da Turkiak irekita daukan fronte bakarra. Siriaren barneko Kurdistango Rojava eskualde autonomoa inbaditzeko saioak areagotu egin ditu, AEBetako presidente ohi Donald Trump bere tropak bertatik ateratzen hasi zenetik. PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako erasoak direla argudiatuta, SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioaren aurkako operazioak intentsifikatu ditu, eta kurduen erantzuna soilik jaso du. Are, kurduek esan izan dute Idlibeko gatazka baretzearen kalte ordaina eurak direla, eta horregatik ez dietela erantzun Siriak eta Errusiak erasoaldiei.

EIk galdutakoa, gudu zelai

EI Estatu Islamikoaren Kalifa herria garaitu izana mugarri garrantzitsua izan zen Siriako gerran. AEBen eta kurduen milizien erasoaldiak, Errusiaren esku hartzeak lagunduta, zokoratu egin zuen EI, eta azken gotorlekuak galdu zituen: Deir ez-Zor probintzia, 2017an, eta Baghuz hiria, 2019an. SDFk garaipena aldarrikatu zuen, baina etsai komuna desagertzeak lurraldearen banaketa egin beharra ere eragin zuen. SDFren kontrolpean geratu zen Eufrates ibaiaren ekialdea, eta mendebalde gehiena Siriako Estatuaren agintepera itzuli zen. Idlib probintzian talde islamistak hedatu ziren, eta kurduen Afrin barrutia eta haren ekialdeko eskualdeak Turkiak inbaditu zituen. Hegoaldeko zenbait base militar mantendu zituzten AEBetako tropek, Jordaniaren iparraldean. Baita Deir ez-Zor probintzian ere.

Egun ere inguru hori kontrolatzen dute, miliziano suniten laguntzarekin, baina Trumpek tropak erretiratzeko hasi zuen operazioak inguru horretan hedatzea ahalbidetu die miliziano xiitei, eta Mendebaldeko potentziak beldur dira Iranek egoera baliatuko ote duen. Al-Assaden aliatua da Irango Guardia Iraultzailea; baita Libanoko Hezbollah ere. Horregatik, inguru horren aurkako hainbat eraso egin ditu azken hilabeteetan Israelek. Xiiten operazio handi baten mamua haizatu du Tel Avivek, eta adierazia du edozein modutan galaraziko duela Iran eta Libano lotuko dituen pasabide xiita bat egitea. Urtarrilean dozenaka lagun hil zituen Israelgo armadak Deir ez-Zorren, aire eraso batean, argudio horren pean.

Arrazoi bera erabili zuen Israelen aliatu AEBek duela hiru aste, probintzia horretako zenbait gune bonbardatu eta gutxienez 22 lagun hil zituztenean. Joe Bidenen gobernuak agindutako lehen erasoa izan zen. AEBei eta nazioarteko koalizioari Iraken egindako erasoei erantzutea zuen helburu operazioak, Pentagonoak adierazi zuenez. «Mezu garbi bat» bidali nahi zutela azaldu zuen Washingtonek: «Biden presidenteak ekin egingo du AEBetako eta koalizioko langileak babesteko».

Azken operazio horiek izan daitezke AEBek eta Israelek datozen hilabeteetan hartuko duten rolaren erakusle. Aire bidezko erasoekin milizia xiiten kokalekuak erasotzea izan daiteke bi potentzia horientzat Sirian euren presentzia mantentzeko eta Al-Assaden aldeko indarren hedapena galarazteko modua. Hala ere, AEBek neurtu egin beharko dute zer indar egingo duten horretan, Iranekin duen harremana gehiago ez dadin okertu. Itun nuklearrera itzultzeko asmoa adierazi du Bidenek, eta horretarako ordainsaria izan daiteke Siriako esku hartzea gutxitzea, jakinda Israelgo armadak jarraituko duela bere etsaien aurka egiten han, eta horretan oztoporik ez dutela jarriko Mendebaldeko potentziek.

Al-Assadi, berriz, geroz eta eremu gutxiago geratzen zaio berreskuratzeko, eta espero daiteke ahaleginduko dela behin betiko garaipen bat albait azkarren lortzen, eta presio egingo diela aliatu dituenei, horretan lagun dezaten. Posizio zurrunak dituzte herrialdearen puska bat nahi duten indar guztiek, ordea, eta horiek mugitzeak gerra luza dezake, nazioarteko akordio bat erdietsi ezean. Gatazka amaitzeko modu argirik ez da ikusten, gaur-gaurkoz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.