EUSKAL DERBIA. Adriana Nanclares. Realeko jokalaria

«Gure joko estiloa ezartzen saiatuko gara hasieratik»

Biharko derbia jokatzeko taldea «gogotsu» dagoela nabarmendu du Nanclaresek. Lesio asko izan zituen aurreko sasoian, baina azken partidetan jokatzeko aukera izan du: «Ondo ikusi dut neure burua».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu eta dutxa hartu ostean, presarik gabe eseri da Z7 zelaiko harmailetan Adriana Nanclares Realeko jokalaria (Miranda Ebro, Espainia, 2002). Gaztea da, baina ate azpian erakutsi ohi duen patxadarekin eta heldutasunarekin mintzatu da. Aurreko sasoian bizitakoak helduagoa egin duela onartu du.

Nola dago taldea biharko derbiari begira?

Gogotsu. Aurreko denboraldian jada jokatu genuen San Mamesen, eta ordukoa errepikatzea dugu helburu, bai hiru puntuak lortu genituelako, baita sentipen onak izan genituelako ere.

Nolako partida espero duzu? Izan ere, etenaren aurretik haiek bi garaipen kateatu zituzten. Zuek, berriz, Madrilen aurka galdu egin zenuten.

Partida lehiatua izango da. Zaila izan arren, lehen unetik gure jokatzeko era ezartzen ahaleginduko gara. Patxada izan behar dugu horretarako, eta haiei ez utzi jokoaren kontrola izaten. Bestalde, zelai erditik aurrera jokaldiak ondo lotzen asmatu behar dugu.

Zer nabarmenduko zenuke Athleticen jokoaz?

Kontraerasoa batez ere. Aurrean oso jokalari bizkorrak ditu, eta min handia egiten dute. Talde gaztea dira, eta txinparta askokoa. Oso adi egon behar dugu, eta baloi inozoak ez galdu.

Zein iruditzen zaizu haien jokalaririk arriskutsuena?

Ane Azkona oso sasoi onean dago, eta hegaletatik ere arrisku handia sortzen duen talde bat da.

Derbiaz gain, urtea amaitu bitarte Levanteren, Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka jokatu behar duzue. Estutzeko garaiada?

Argi dago. Goian egon nahi badugu, ezinbestekoa da partida horietan puntuak biltzea. Azken txanpa honetara sasoi betean iristeko ari gara lanean. Partida bakoitza irabazteko, hobetzeko eta hazten segitzeko aukera baten moduan ikusi behar dugu. Kontrarioek gero hobeto ezagutzen gaituzte, eta horrek zaildu egiten ditu gauzak. Ez dugu lortu eroso sentitzea eta hiruzpalau emaitza on kateatzea. Puntu bat falta izan zaigu horretarako. Baina bide horretan gaude.

Batez ere Zubietan, aurkariak asko ixten zaizkizue atzean.

Aurrean eraginkortasuna faltatzen ari zaigu, eta horrek dakar aurkariak are gehiago sartzea atzean, gure akatsen bat baliatzeko.

Aurreko denboraldian, Elene Letek jokatu zuen derbia. Azken partidetan, ordea, Natalia Arroyok zure aldeko apustua egin du. Zeure burua hamaikakoan ikusten duzu bihar?

Ni horretarako ari naiz lanean, eta nire esku dagoena egiten ari naiz: ondo entrenatzea. Itxaropen eta nahi hori daukat.

Azken partidetan titular izateak konfiantza emango dizu, ezta?

Bai, noski. Aurreko denboraldia oso gogorra izan zen niretzat, min hartuta igaro nuen denbora asko, eta apenas jokatu nuen. Alde horretatik, denboraldi honetan dudan helburua da jarraitutasun bat izatea eta nire bertsiorik onena aurkitzea. Egunetik egunera gero eta hobeto ikusten dut neure burua. Ea hala jarraitzen dudan.

Nola eraman zenuen aurreko sasoiko egoera? Kontuan hartu behar da duela bi denboraldiko ezusteetako bat izan zinela.

Erabat osatuta nengoela zirudienean, beti zetorren beste lesioren bat. Hasieran, etengabe bilatzen nion azalpenen bat: «Zergatik niri?», galdetzen nion neure buruari. Baina konturatuz joan nintzen alferrik zela horretan pentsatzea, eta nire esku zegoena zelaosatze prozesuan onena ematea. Hala egin nuen. Futbolak zailak diren beste egoera batzuetan jarriko nau etorkizunean ere, eta esperientzia honek balio izan dit horiei beste modu batera heltzeko.

Zer balantze egiten duzu orain arte jokatutako partidez?

Egia da lehen partidak ez nituela jokatu, baina lasai nengoen. Bilatzen nuena zen gutxienez segida batekin entrenatzea eta aukera nuenerako prest egotea. Jakitun nintzen Elene sekulako denboraldia egitetik zetorrela [gol gutxien jaso zituen atezaina izan zen]. Aukera iritsi zait, eta gustura nago jokatu dudan partidetan egindako lanarekin, ondo ikusi dut neure burua. Nahiko geldiketa onak egin ditut, bai geldikako jokaldietan, baita jokoari lotutakoetan ere. Bestalde, hankekin jokatuz, taldeari ere baloi irteeran lagundu diodala uste dut. Kostatzen ari zaigu alor hori denboraldi honetan, eta hobetzen jarraitu nahi dut taldeari gehiago laguntzeko.

Hainbeste denbora jokatu gabe egon eta gero, zer da gehien kostatu zaizuna?

Tentsioa, erritmoa, lehia... desberdinak dira jokoan hiru puntu daudenean. Horretara ohitu behar duzu berriro, maiztasunez jokatzen ez duzunean, apur bat galdu egiten baita txip hori.

Lehiakideak zarete, baina baita taldekideak ere. Nolako harremana duzue Elene Leterekin?

Argi dago biok jokatu nahi dugula, baina oso harreman ona dugu. Oso lehia polita dugu asteburuero jokatzeko. Argi dugu bioi egiten digula mesede horrek daramagun hazkundean eta hobekuntza prozesuan. Elenerengandik gehien miresten dudana da ez dela sekula konformatzen. Egunerokoan estutzen zaituen taldekide bat ez baduzu, inoiz erlaxatu egin zaitezke. Baina, kasu honetan, hori pentsaezina da. Biok oso ondo ari gara, eta berehala galdu dezakezu lekua. Horrek guztiak taldeari ere egiten dio mesede. Lasaitasuna ematen dio, sentitzen duelako jokatzen duenak jokatzen duela ere atea ondo zainduta egongo dela. Gainera, funtsezkoa da biek argi izatea zein sasoitan gauden eta bestea hobeto badago hark jokatzea dela onena taldearentzat.

Oso gaztea zara, eta lesioa izan zenuenean sekulako aurrerapausoak ematen ari zinen. Orain presio handiagoa duzu hobetzeko eta hazteko?

Beti izan dut buruan egunerokoan hobetzea. Baina, aldi berean, jakitun naiz pausoz pauso joan behar dudala. Patxada eta pazientzia izan behar ditut. Hobe da gauzak lasai eta ondo egitea, presaka eta gaizki egitea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.