Urrizaren seigarrena

Txapelketako partidarik onena jokatuta, Urrizak merezita jantzi du beste behin banakako txapela. Iruñekoak bikain baliatu du sakea Utergaren jokoa saihesteko
Javi Urriza, saltoka, seigarren buruz buruko txapela ospatzen.
Javi Urriza, saltoka, seigarren buruz buruko txapela ospatzen. J. C. RUIZ / FOKU

Jon Eskudero -

2018ko irailak 9
Garaipen zerrenda gizentzen jarraitzen du Javier Urrizak, erremontearen historia liburuan gero eta toki zabalagoa lortzen. Koteto Ezkurra da oraindik ere banakako txapelketetan jaun eta jabe, 11 bider jantzia baitu txapel preziatua. Ordea, dagoeneko sei baditu Urrizak berak ere, ondo merezita jantzi baitzuen atzo seigarrena, Hernaniko Galarretan, Santi Utergari 30 eta 15 irabazi ondoren. Inoiz baino final orekatuagoa izan zitekeela zioten adituek; ligaxkako partidan Uterga nagusitu izanak ere berdintzen zituen pronostikoak. Baina, usteak erdia ustel bilakatu zituen Iruñeko pilotariak. Txapeldun handi baten izaera lagun izan zuen, eta partida bikaina jokatu hasi eta buka; ez zion inolako aukerarik eman Doneztebekoari. Pozez gainezka zegoen podiumean. «Txapelketako partidarik onena jokatu dut finalean, eta galtzetan ezin kabiturik nago. Sekula baino gehiago sufritu dut txapelketa honetan, baina lanak saria izan du».

Soilik lehen tantoetan izan zen oreka nagusi. Bi finalistei kosta egin zitzaien sakea egoki baliatzea, eta bigarren pilotakadekin min handiagoa egin zuten sakearekin baino. Horiek hala, bana, bina eta hiruna joan ziren. Pentsatzekoa zen gogortasun handia izango zuela lehiak, baina ez. Sakeari neurria hartu orduko, hegazkinaren pare abiatu zen aurrera Urriza. Txapelketa osoan sentitutako ezinak alboratuta, erraz aritu zen kantxan, eroso eta gozatuz, eta uste baino azkarrago ireki zuen aldea: 7-3, 12-5 eta 13-6. Behetik gora egin zuen nabarmen txapeldunaren jokoak, eta Urriza onenaren pare aritu zen.

Bada, neurketa lan erdietara ailegatu zenean iritsi zen Utergaren susperraldia, baina ez behar adinakoa. Saskitik pilota motela aterata, etekina atera nahi izan zion doneztebarrak aurreko jokoari, baina aurkariak ez zion aukera handirik eman. Saiatu zen alditan ere ez zuen zorte handirik izan, baina Urriza izan zen horren errudun nagusia. Soilik 15-9kora hurbildu zen Uterga; tarte horretan sakez bi falta ere egin zituen Urrizak. Dena den, ez zen urduri jarri, eta tantoz tanto, erraz egin zuen aurrerako bidea. Ezker hormara ezin hobetu gurutzatu zuen pilota, errebotera ere sarritan bidali zuen kontrarioa, eta, aukera izan zuenetan, bi paretarekin zutitu zituen pilotazaleak.

Azken txanpan, ordura artekoari eutsi besterik ez zion egin Urrizak. Tantoek aurrera egin ahala gero eta alde handiagoa zegoen markagailuan, eta Galarretan bildutako jende andanak txapeldunaren erakustaldiarekin gozatu zuen.

Zazpi final jokatuta, sei txapel jantziak ditu Iruñekoak, eta badirudi ez daukala mugarik. Ezkurraren marka urruti dauka oraindik, baina ezer ez da ezinezkoa. «Ez dut horretan pentsatzen. Izugarri sufritu dut txapelketa honetan, eta orain gozatu egin nahi dut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna