Sandra Ramajo. Realeko jokalaria

«Ezin gara Athleticen jokoaren menpe egon: gu geu izan behar dugu»

Aspaldian derbi bat irabazi ez izanaren arantza kendu nahi du gaur Realak, Sandra Ramajok nabarmendu duenez. Taldea oso lan serioa eta ona egiten ari dela dio, eta uste du norgehiagokak ez duela zerikusirik izango iragan denboraldikoarekin.
JON URBE / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko otsailak 10
Zubietako zelaian itxaron die kazetariari eta argazkilariari Sandra Ramajo Realeko kapitainak. Maiatzean belauneko lotailu gurutzatua apurtu eta gero, berriki itzuli da lehiara. Nabari zaio futbolaren falta izan duela.

Pizgarri gutxi beharko dituzue halako aste bati heltzeko, ezta?

Noski. Gainera, datorren asteazkenean ere ligako partida dugu, Levanteren kontra. Athleticen aurkako derbia beti da berezia, eta Espainiako Kopako finalerdia, berriz, mugarria izan daiteke klubaren historian, lehen aldiz final baterako sailkatuko ginatekeelako. Gogo eta ilusio handiz gaude.

Kopako finalerdia hor izanda, nola jarri arreta ligako bi partida horietan?

Beste norgehiagoka batzuk egokitu izan balitzaizkigu, zailagoa izango zen, beharbada. Baina derbia irabazteko gogoz eta itxaropen handiarekin gaude, aspaldi ez baitugu lortu. Derbi bat izateaz gain, Athletic sailkapenean gure aurretik dagoen taldea da. Sei puntura dago, eta aldea murriztu nahi dugu, gora egiten jarraitzeko. Levante ere aurkari zuzena da goiko postuetako borroka horretan. Asko dugu jokoan. Gainera, bi partida horietan ondo lehiatzeak eta irabazteak konfiantza emango digu Kopako lehiarako. Garrantzitsuena da bi norgehiagoka horietan lesiorik eta kanporatzerik ez egotea.

Taldea emaitza eta joko bolada onean da. Horrek ere indarra eta konfiantza emango dizue.

Hala da. Denboraldi hasiera oso ona izan zen. Baina Lezaman Athleticen aurkako derbia galdu eta gero, behera egin genuen. Ondorengo partidetan ez ginen lehiatu ordu arte bezala. Argitasuna falta izan zitzaigun, bai defentsan, bai erasoan. Baina gai izan gara egoera hori irauli eta denboraldi hasierako jokoa berriz egiteko. Orain oso ongi lehiatzen ari da taldea, ziurtasunez. Partidak kontrolpean dituen sentipena ematen du une oro. Denboraldia bide onetik doa, eta ezin gara lasaikerian erori. Anbizio handia daukagu.

Aurreko sasoian zenioten lehen aldiz Anoetan jokatzeak zerikusia izan zuela derbian egin zenuten jokoan, eta urduri aritu zinetela. Gaurkoari beste modu batera helduko diozue?

Bai, zalantzarik gabe, bai baitugu aurreko sasoiko eskarmentua. Gainera, pistarik gabe, zaleak gainean izango ditugu, eta ziur naiz horrek ere lagundu egingo digula. Bestalde, gure taldea ere aldatu egin da. Etorri diren jokalariek beste freskotasun bat eman diote taldeari. Gainera, hemen gaudenek aurrerapauso bat eman dugu: Anek, Iraiak, Itxasok, Chinik... Edozeinek jokatzen duela ere, joko oso ona erakusten du.

Zer egin behar duzue Athletici irabazteko?

Argi izan behar dugu zeintzuk diren haien ahuluneak, min egin ahal izateko. Baina, hortik harago, gu geu izan behar dugu, eta jokatu ohi dugun moduan jokatu. Ezin gara jokoaren hain menpe egon, eta ezin dugu atzean sartuta igaro partida. Ohi dugun joko alaia, zuzena eta bizia egin behar dugu zelai erditik aurrera, haien bizkarrera jokatuta min handia egin baitiezaiekegu. Defentsan, berriz, serio eta oldarkor aritu behar dugu, haien baloi irteeran estu hartuz. Etxean jokatuko dugu, eta partidaren bila joan behar dugu; betiere, zentzuz jokatuta eta derbi batek dituen lehia eta intentsitatea ondo kudeatuta. Haiek oso ondo egiten dute hori, eta guri hori falta izan zaigu denboraldi hauetan. Lortuz gero, ziur nago haien gainetik egon gaitezkeela, oso talde ona baitugu.

Zeintzuk dira haien indarguneak?

Talde jokoa. Baina, horrekin batera, bi jokalari nabarmenduko nituzke: Lucia eta Erika. Azken derbietan, Luciaren abiadurak min handia egin digu, eta, gainera, oso ondo ari da denboraldi honetan. Athleticen erasoan jokalaririk erabakigarriena da. Erikak, berriz, eskarmentu handia du. Gainera, derbietan hazi egiten da. Badaki halako partidak nola jokatu.

Nola ikusi duzu haien denboraldia?

Kostatu egin zitzaien sasoiari neurria hartzea, oso egutegi zaila izan baitzuten hasieran. Baina, derbia irabazi eta gero, gora egin zuten. Athleticek hori du: bolada onean ez egon arren, gai da egoera iraultzeko. Gainera, joko ikusgarria ez eginda ere, izugarri ondo lehiatzen da, eta, horri esker, maldan gora dituen partida asko irabazten ditu. Meritu handia du, futbolean, luzera garaipenak hartzen baitira kontuan.

Zu nola zaude?

%70-%80an nago, eta jokatzeko aukerak pilatuz joan behar dut. Denboraldi-aurre moduko bat egiten ari naiz. Kopan debutatzea oso polita izan zen. Baina oinak lurrean ditut, eta jakitun nago kostatu egingo zaidala taldean sartzea; taldea oso ondo dago.

Nolakoak izan dira hilabete hauek?

Gogorrak, baina, aldi berean, irakasgai izan dira. Indartsuago egin naute, bai pertsona moduan, bai jokalari moduan. Futbol asko ikusi dut, eta balio izan dit zelaian zaudenean konturatzen ez zaren gauza askoz jabetzeko, baita gauza askori are balio handiagoa emateko ere. Gainera, une oro taldearekin egoten saiatu naiz, eta kapitain batek dituen ardurekin eta lanarekin jarraitzen. Beste modu batera lagundu dut. Hor egon naiz behar izan nautenerako, eta saiatu naiz erakusten lanarekin halako egoera zailak gainditu egin behar direla. Alde horretatik, kapitainok eredu izan behar dugu; funtsezkoa iruditzen zait. Haiek niri eman didaten babesa eta laguntza ere erabakigarriak izan dira. Oso gertu sentitu ditut. Ez bakarrik taldekideak, baita teknikariak, sendagileak eta prestatzaile fisikoak ere.

Luze egin zaizu?

Gogorrena eta luzeena ebakuntza egin arteko denbora izan zen. Ahalik eta azkarren izatea nahi nuen, baina belaunak prest egon behar zuen, ebakuntza ondo ateratzeko. Hori funtsezkoa izan da gerora. Bestalde, etxean eman nituen lehen egunak ere nahikoa astunak izan ziren, ezin bainintzen etxetik atera. Kalera ateratzen hastea aldaketa handia izan zen. Horrekin bakarrik poztu egiten nintzen. Baina dagoeneko ahaztuak dut garai zail hori. Orain, sentipen oso onak ditut, eta hori da inportanteena. Belauna oso ondo dago. Oso egonkor dago, eta ez da puzten. Hori oso seinale ona da. Orain, indar eta abiadura handiagoa hartzea da kontua, baina pixkanaka ari naiz. Oso pozik nago, halako lesioak ez baitira errazak, eta itzuli arte ez baitakizu nola egongo zaren. Baina lortu dut. Gainera, lesioekin ezin naiz kexatu. Orain arte ia ez ditut izan, eta asko disfrutatu dut futbolaz.

Asko hitz egin duzue Kopako finalerdiaz?

Zertxobait. Egia esan, zortea izan genuen zozketan, Bartzelona eta Atletico Madril saihestu baikenituen, eta, gainera, etxean jokatuko baitugu. Baina Sevilla ere aintzat hartzeko taldea da: etxetik kanpo jokatu ditu aurreko bi kanporaketak, eta irabazi egin ditu; besteak beste, Levanteri. Oso talde deserosoa da. Ligan, aurreko asteburuan, 0-2 irabazi genien arren, ez zen erraza izan. Behean daude sailkapenean, baina entrenatzaile aldaketak mesede egin die. Hobeto jokatzen ari dira, biziago eta batuago. Apenas uzten duten zulorik atzean, eta jokalari bizkorrak eta indartsuak dituzte erasoan. Goian, gainera, presio handia egiten dute, eta ez diote muzin egiten baloia izateari. Bi taldeek ez dugu ezer galtzeko, eta haiek ere poztuko ziren gure aurka jokatzeaz. Baina, derbiaz lehen esan bezala, gu geu baldin bagara, irabazteko aukera handia izango dugu.

Realak bigarren aldiz jokatuko du Kopako finalerdi bat. Aurrenekoa 2011n izan zen, Bartzelonaren aurka. Zuk jokatu zenuen. Zer duzu gogoan?

Las Rozasen jokatu genuen, Madrilen. Lorpen handia izan zen, jokalari gehienak hemengoak ginelako. Taldeko giroak tankera handia zuen oraingoarekin. Orduan ere hainbat kanporaketa gainditu behar izaten genituen, eta oso denboraldi ona egin genuen. Ondo gogoan dut eguerdian jokatu genuela, eta bero handia egin zuela. Ez genuen partida txarra egin. Goletako bat geldikako jokaldi batean sartu ziguten, eta haiek aurrean zituzten jokalarien jokoa erabakigarria izan zen. Ametsa litzateke orain finala jokatzea, harro egoteko moduko zerbait: Realak urte hauetan egin duen lanaren saria litzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna