urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Astearte Handiaren ostean

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetan, XXI. mendearen laurdenera arte gutxienez, ez da emakumezko presidenterik izango. 70 urteak aise gainditutako gizonezko zuri bat izango dute gidari. Presidentea demokrata bada, 80 baino gehiago izango ditu lehen agintaldia amaitzean. Hori bai, Kennedygandik lehen aldiz ez litzateke protestantea izango: hura bezala katolikoa da Joe Biden ere. Bernie Sanders, berriz, lehen presidente judua genuke, presidentetzarik gabe ere botere eta eragin handia izan duen lobby juduak ideia hori gehiegi maite ez badu ere.

Horixe da panorama Estatu Batuetan; dozenaka demokratak eman zuten presidentegai izateko urratsa, dozena bakarra iritsi zen duela hilabete Iowako caucus-etara, eta, handik bost astera, bi hautagairen artean dago jokoa: Joe Biden ala Bernie Sanders.

Duela astebete, Sandersek Nevadan lortutako garaipenaren garrantzia geneukan aipagai, eta zelan hark, Astearte Handiaren atarian, Biden faborito zen Hego Karolinako bozketan ere eragin zezakeen. Lehen arrazoian zuzen genbiltzan, ez hainbeste bigarrenean: inkestek Sanders Bidenen atzetik baina hurbiltzen erakusten bazuten ere, azkenean 30 puntuko aldea atera zion Barack Obamaren presidenteordeak Vermonteko hautagai sozialistari. Lurrikara hasia zen. Jim Clyburnen babesak —Hego Karolinako hautetsia Kongresuko ordezkari afro-amerikar nagusia da—, Bidenengana ekarri zituen estatu horretako primarioetako boto gehienak. Sanders espero baino askoz urrunago geratu zen, eta Bidenek botoz hustu ziren Tom Steyer eta ordura arte fin ibili ziren Pete Buttigieg eta Amy Klobuchar. Steyerrek gau horretan bertan utzi zuen lehia. Biharamunean Buttigiegek, eta segidan Klobucharrek. Alderdi demokratako establishment-aren jokaldiak 48 orduan primarioak goitik behera iraultzea lortu zuen: asteartera itxaron gabe erretiratzea eta Biden babestea adostu zuten hautagai moderatuek (zeren truke?), eta Joe Biden nagusitu zen hamalau estatuetatik hamarretan. Bernie Sandersek baino ordezkari gehiago ditu dagoeneko Milwaukeeko uztaileko konbentziora begira. Urrun daude biak ere izendapen automatikotik, baina estatubatuarrek hain sarritan aipatzen duten momentum edo aldeko haizearen une goxoa du Bidenek.

Kaliforniak Sanders bozkatu zuen, baina Bidenentzat izan zen Texas. Eta Sandersentzat zirudien Minnesotak ere Bidenen alde egin zuen (Klobucharren erretiradaren garrantziaren erakusle). Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, azaroan lehiaren balantzan erabakigarriak izango diren estatu industrialetako bat baita. Etzi da zita horietako bigarren estatuan, Michiganen. Langile zuri asko eta Detroiteko komunitate beltza; noren alde egin, garrantzi handia izango du. Sandersen kanpainaren argudioetako bat hori baita: baliteke Bidenek boto gehiago biltzea oro har, baina gakoak diren estatuetan Donald Trumpek irabazten badu, jai dute. Horregatik Minnesota, Michigan edo Pennsylvaniak garrantzi berezia daukate.

Boto moderatuaren mugimenduak bete-betean funtzionatu zuen artean, ezkerrean urduritasuna agertu da. Sandersek berak eskatu behar izan zien jarraitzaileei Elizabeth Warrenen aurkako irainak eteteko. Bidenen kanpainari jokoa egitea leporatzen zieten, boto aurrerakoia zatituz. Bideni mesederik egin badio, beste leku baten izan da: Nevadako debatean Michael Bloomberg txiki-txiki egin zuen Warrenek, eta (Bidenek kale eginez gero) establishment-aren balizko ordezko hautagai izateko aukera galarazi zion. Egiaz, oso indartsu ekin zion Warrenek kanpainari eta ziur aski bera zen orduan, duela ia urtebete, hautagairik onena Trumpi gailentzeko (iragan errepublikanoa daukala eta Pocahontas afera gaindituz gero, jatorri indigena asmatu izana leporatu baitzioten). Baina makal ibili da primarioetan. Joan den asteartean Massachusettsen —bere estatuan— irabazi ez eta hirugarren geldituta, argi zegoen ez zuela hautagaitza lortzerik.

Mezu aurrerakoia eraman du Warrenek, teorian elkar ez higatzeko akordioa ere bazegoen Sandersen kanpainarekin, nahiz eta bien arteko ezinikusia nabarmena izan den behin baino gehiagotan. Hautagai moderatuek Biden babesteko deia egin duten artean, Warrenek ez du inoren alde egin. Duela lau urte ere azken unean hartu zuen erabakia, eta Hillary Clinton hobetsi zuen.

Pentsatzekoa da bai Sandersen bai Bidenen ingurukoak ibiliko direla Warrenen kanpainako arduradunak limurtzen egunotan; ikusi beharko da zer negoziazio egiten duten. Baina, berariaz babestu gabe ere, Warrenen jarraitzaile gehienek Sandersen alde egingo dute ziur aski etziko primarioetan. Hala gertatu ezean, Bidenek har dezakeen abantaila guztiz erabakigarria bihur daiteke. Demokraten establishment-ak amesten duten agertokia da, ahalik bizkorren nagusitzea Biden; duela lau urteko konbentzioak zatiketa handia eta salaketa larriak ekarri zituen. Paradoxikoki, Bidenek ezkerrerantz egin du, sindikatuak aipatu ditu; eta Sandersek, berriz, demokrata tradizional batzuk uxatzen dituen tonu oldarkorra baretu du, Obamaren figura ere aldarrikatuz. Ez ote du beranduegi egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.