Sektorea bizi dagoen seinale

Hainbat koprodukzio aurkeztu dituzte asteon Iruñean, Conecta Fiction topaketan. Fikzio asko ekoizteko Amerikako eta Europako telebistak eta ekoiztetxeak bat egiten ari dira.

Ines del alma mía telesaila estreinatu dute asteon Iruñeko Baluarten, Conecta Fiction topaketaren barne. CONECTA FICTION.
urtzi urkizu
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Iruñea telebistako koprodukzioen epizentro bilakatu da asteon, Conecta Fiction nazioarteko topaketaren bitartez. Ekainean Internet bidezko ekitaldiak egin zituzten, baina egunotan Baluarte jauregian egin ahal izan dituzte zenbait solasaldi, elkarrizketa eta ekitaldi. Ikus-entzunezkoen sektorea pandemia garaian izaten ari den zailtasunak aztertu dituzte hainbat profesionalek, eta itxaropenerako mezuak zabaltzen ahalegindu dira.

Iruñeko herritarrek eta egunotan bertan izan diren herritarrek Inés del alma mía telesailaz gozatu ahal izan dute pantaila handian. Espainiako telebista publikoak, Txileko Chilevision telebista kateak eta Boomerang ekoiztetxeak bat egin dute proiektu horretan. Isabel Allenderen eleberri batean dago oinarrituta, XVI. mendean girotuta, eta Espainiako emakume batek Txilen bizi izandako gorabeherak kontatzen ditu. La1 kateak udazkenean estreinatuko du telesaila.

Conecta Fictioneko solasaldrik i nabarmenetako bat, bestalde, Alex Berger Frantziako ekoizle eta Canal Pluseko presidenteordearekin egindakoa izan da. Le bureau des legendes telesailaren nondik norakoak azaldu ditu; Frantziako espioi batzuen sentimenduak azaleratzen ditu fikzioak. Bergerren arabera, AEBetako ekoizpen sistemak imitatuz, bere herrialdeko produkzio eskemak aldatzeko aukera eman du Le bureau des legendes-ek.

Fikziozko koprodukzioez gain, errealitatearekin lotutako saioen nondik norakoak ere kontatu dituzte Iruñean. Hala, dokudramen garapen nabarmena gertatzen ari dela azaldu dute Christian Beetz ekoizleak, David Andresortzaile eta errealizadoreak, Jorge Ortiz Movistar Pluseko eduki arduradunak eta Emma Frank gidoilariak. Esan dutenez, dokudramen saioak audientzia berrien formaturik kutunenak bilakatu dira azkenaldian, errealitatea islatzen duten edukiei dagokienez. Beetzek zuzendutako Detlev Rohwedder dokumental saioaren lehen irudiak ikusi ahal izan dira Baluarten; Alemaniako Detlev Rohwedder politikaria 1991. urtean hil zuten, eta saioak hilketaren nondik norakoak ikertzen ditu. Hilaren 25ean estreinatuko du Netflix plataformak.

Puri-purian den beste arlo bat ere aztergai izan da Iruñean: podcastak. Horretarako, Roger Casas-Alatriste El Cañonazo Transmediako ekoizlea, Sergio Dominguez Mexikoko Acasteko zuzendari nagusia, Javier Zelaia Podimo Spaineko zuzendaria eta Maria Jesus Espinosa Prisako Podium Podcasteko zuzendaria gonbidatu dituzte. Ohartarazi dute egun alde handia dagoela entretenimenduzko podcastek AEBeko merkatuan duen indarraren eta Espainiakoaren artean.

Audientzia digital berriez mintzatu dira egunotan. Influencer-ek gazteekin hurbiltasuna bereganatzeko duten ahalmena azaldu dute Ekuadorko eta Espainiako zenbait ekoizlek.

Baina koprodukzioak dira ekitaldiaren oinarri. Hartara, oihartzuna izan du Ana Tramel. El juego / Ana: All in telesailaren aurkezpenak. Alemaniako ZDF eta Espainiako RTVEren artean ekoitzitako lan bat da hori, eta ludopatiaren ondorioak ditu ardatz. Istorioaren parte bat Nafarroako hiriburuan garatzen da.

Baluarte jauregian, era berean, Conecta Fictioneko proiektuen sariak banatu dituzte: Acorde saria, Sin hora-ri; Alma saria, Madrid Apollo-ri; Arpa saria, Lisboa Noir-eri; Playz saria, Yrreal-i; eta TVE saria, Demokracia-ri.

Ez du saririk eraman Lemoniz proiektuak, baina Euskal Herriko ikus-entzule askoren arreta bereganatuko du lanak. Pablo de la Chicak sortutako proiektu bat da, eta istorioa honako hau da: 1992ko udan, Interpoleko kriminologo Ane Arteagak Paris utzi eta Euskal Herrira itzultzea erabakiko du. Bere etxe inguruko basoa poliziaz beteta dago, ETAko komando baten atzetik dabiltza. Halako batean, hobi bat aurkituko dute basoan, eta Aneren alaba desagertu egingo da.

Datorren asterako, Internet bidezko zenbait solasaldi antolatu ditu Conecta Fictionek; tartean, Patria telesaileko (HBO) zuzendari Felix Biskarret (Iruñea, 1975) elkarrizketatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.