Reala 0-2 Real Madril

Biguntasuna ordaindu du

Lehen zati amaiera on baten ostean, Realak bi gol jaso ditu bigarren zatiaren hasieran, atzean gaizki zaindutako bi jokalditan. Ezin izan du suspertu. Txuri-urdinek hirugarren porrota kateatu dute

Realeko jokalariak burumakur, Real Madrilek bigarren gola sartu eta gero. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Viniciusek (47. min.). 0-2: Jovicek (57. min.).

Realak denboraldi honetan ezaugarri bat izan badu, atzealdean erakutsi duen sendotasuna izan da. Baina azken partidetan bigun aritu da arlo horretan, eta hori ordaindu egiten da. Zer esanik ez aurrean Real Madril bezalako talde bat badago. Atzo hori gertatu zitzaion, eta 0-2 galdu zuen Anoetan Ancelottiren taldearen aurka. Lehen zati amaiera on baten ostean, bigarrenaren hasiera oso txarra izan zen, batez ere atzean, eta Real Madrilek bi gol egin zituen: Viniciusek eta Jovicek. Hortik aurrera adorea bai, baina besterik ez. Europa Ligaren eta Ligaren artean hirugarren porrota segidan, lehena Ligan Anoetan. Altxatzea baino ez zaie geratzen txuri-urdinei, ostegunean partida erabakigarria baitute Europa Ligan jarraitzeko, PSVren kontra.

Espanyolen aurka ez bezala, Imanolek bi aurrelarirekin jokatzearen alde egin zuen. Isak eta Sorloth aritu ziren puntan, eta taldea zelai erditik gidatzeko ardura Gebararentzat eta Zubimendirentzat izan zen.

Realak baloia pazientziaz mugituz hasi zuen neurketa. Real Madril, berriz, Rodrygoren eta Viniciusen abiadura bailatuz, kontraerasora irten zen ahal zuen aldiro. Imanolenek, ordea, ondo egin zuten joan-etorriko lana.16. minutuan Benzemak min hartu zuen, eta Ancelottik Jovic zelairatu zuen. Ondoren iritsi ziren lehen minutu horietako aukerarik argienak: Januzajek urrutitik egindako jaurtiketa bat, eta Rodrygok area ertzetik egindako erremate bat.

Real Madril pixkanaka baloi jabetza izaten hasi zen Krossen eta Modricen bidez, eta erasora jokalari askorekin ailegatzen. Reala, berriz, atzean sartu zen. Baina ondo eutsi zion, eta Januzaj erdira sartuz,txuri-urdinak pare bat aldiz ailegatu ziren Courtoisen atera, bisitarien nagusitasuna gainetik kenduz.Presioa gorago egiteak ere lagundu zion horretan, baloi jabetzea gehiago izatea ahalbidetu baitzion. Lehen zatiko azken txanpan Realak izan zuen partidaren aginte makila, eta Shorlotek eta Isakek ez zuten asmatu 39.minutuan, area barruan egindako erremate banatan; ezta, Oiartzabalek geroago.Sarearen kanpoaldera jaurti zuen.Eztabaidagarria izan zen lehen zatiko azken jokaldia, kontraerasora atera eta kornerra behartu zuen. Epaileak ez zuen jaurtitzen utzi. Txistu artean joan zen Gil Manzano.

Bi kolpe segidan

Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen espainiarren gola. Lo zelairatu zen Reala, Gorosabelek eta Zubeldiak ez zuten ondo zaindu Jovicek eta Viniciusek egindako jokaldi bat, eta brasildarrak ez zuen barkatu.Bigarrena handik gutxira iritsi zen, korner batean. Jovicek bakar-bakarrik errematatu zuen korner bat area barruan.

Eroso aritu zen norgehiagoka amaitu bitar Real Madril, kontraerasoa jokatuz. Nahiz eta ez zuen asko estutu, 86. minutuan Viniciusek Remiroren aurrean izandako buruz burukoan izan zen. Realak bultzatu zuen, baina aparteko aukerarik egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.