Euskadi-Muriasek eskua luzatu dio Fundazioari, bi taldeek bat egiteko

Orbea bizikleta etxeko buruek uste dute operazioa erraztu dezaketela. 2017an bildu ziren, baina egitasmo oso ezberdinak zituzten

Imanol Magro Eizmendi.
Lasarte-Oria
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Euskadi-Muriasek lankidetza proposamena egin dio Euskadi fundazioari heldu den sasoirako, eta Orbea bizikleta etxeak akordioa «erraztu» dezakeela uste du. Euskadi-Muriasek atzo eman zuen proposamenaren berri, eta, Javier Lasagabaster taldeko marketin arduradunak kazetariekin eginiko bileran esan zuenez, posible da: «Baiezkoa lortu daiteke, eta denok zoriontsuago izango gara horrela». Jon Odriozola kirol zuzendariak ere begi onez ikusiko luke: «Egitasmoari egonkortasuna eman nahi badiogu, guztion artean eman behar diogu». Izan ere, Euskadi-Muriasek oraindik ezin du ziurtatu heldu den sasoian berriz ere Kontinental Profesional mailan lehiatuko denik.

Euskadi Murias eta Euskadi fundazioa, baina, elkarrengandik urrun daude. Muriaseko kideek azaldu zutenez, 2017. urtean bi taldeetako kideek bilera egin zuen Jaurlaritzako kirol zuzendaritzan, eta egitasmo ikuskera oso ezberdina zuten. Muriasek harrobi egitasmoa nahi zuen, Kontinental Profesionalean arituko zena; fundazioak, berriz, World Tourra du helburua. Lasagabasterrentzat, baina, hori, orain, Euskal Herriko babesleekin, «ezinezkoa» da. «Lortuko balute, ni izango nintzateke zorionduko lituzkeen aurrenekoa, baina ezagutzen dut merkatua, eta hemen ez dago hamar milioi euro jarriko dituen babeslerik». Bilera hartan, Muriaseko buruen arabera, bi taldeek zuzendaritzan pisu bera izatea proposatu zuten.

2017an, kirol zuzendaritza izan zen bilera dinamizatu zuena; kasu honetan, berriz, Muriasek Orbea etxean ikusten du giltza. Bizikleta etxeak materiala ematen dio Euskadi-Muriasen gizonezko taldeari, eta Euskadi fundazioko zuzendaritzan sartuta dago; sasoi honetan hura izan da babesle nagusia. Era berean, babes kontratu bat du Vital Concept Frantziako taldearekin —sasoi honetan ez da lehiatuko itzuli handi batean ere—. Euskadi-Muriaseko buruen ustez, Orbeak «batasuna erraztu» dezake.

Egun, Euskadi Murias Kontinental Profesional mailan dago, Bigarren Mailan, eta, Itzulian parte hartu ondoren, Espainiako Vuelta jokatuko du. Euskadi fundazioa, aldiz, Mikel Landa presidente duena, Kontinental mailakoa da, hirugarren mailakoa, eta gaur egun aurrekontu txikiagoa du. B taldeak mahai berean esertzekotan hori kontuan hartu beharko litzakeela uste du Muriasek.

Oihartzun handia

Euskadi-Muriasek Espainiako Vueltan babesle berri bat izatea espero du. Negoziazioak bide onetik doaz. Erakunde publikoen bidea ere urratzen hasi behar da. Euskal Elkargoarekin akordioa oso aurreratua dute, eta haren irudia eramango dute elastikoan. Iñigo Urkullu lehendakariarekin biltzeko eguna ere jarria dute. «Euskadi izena munduan barrena eraman dugu, eta hori kontuan hartu behar da». Odriozolak zehaztu zuenez, baina, ez dute diru laguntza nahi, babesa baizik.

Euskadi-Muriasek, halaber, gihar erakustaldia egiteko baliatu zuen bilera, hurrengo urterako babesle bila baitabil. Nazioarteko eskaintzak jaso ditu, baina Euskal Herrikoa nahi du. Sasoi honetan lorturikoaren balorazioa oso ona da. Taldearen kalkuluen arabera, Muriasen sarturiko euro bakoitzak hamaseiko errentagarritasuna du publizitate eraginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.