Onintza Enbeita.
BIRA

Tenporak eta

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Aste honetan tenporak izan dira. Umetan pentsatzen nuen gure aitaren harrikada bat baino ez zirela. Gero etorri zen Pello Zabala, eta Euskal Herria atmosferari adi jarri zuen hurrengo hilabeteetarako tendentziaren peskizan. Pellori eta aitari adi egoten naiz ni: ez dut aitortzeko lotsarik. Obsesiorik ez dut, fede itsurik ere ez, baina inguruan daukagunak hitz egiten digula uste dut. Entzuten saiatzen naiz neuk dakidan apurretik, eta, isobara mapak zehatzagoak izan arren, eusten nauen horren parte sentitzea gustatzen zait. Agian ez dut bihar etorriko denaren tenperatura zehatzik jakingo, baina ez dut behar. Nahikoa dut ni mugitzen naizen modu berean unibertsoa ere mugimenduan dagoela jakitea, eta lurrak biraka jarraitzen duela ulertzea, eta atmosfera zein itsasoa korrontez beteta daudela ulertzea, eta ilargiak hor jarraitzen duela sentitzea: orain gora, gero behera.

Askotan egin didate barre halakoei begira egoteagatik. Ez dit ardura. Zientziak erakutsi digu uraren igoerak eta jaitsierak ilargiak eragiten dituela. Edo eskolan hala irakatsi ziguten behintzat. Eta diot nik: gu, ia dena ura bagara, nola ez digu guri ere eragingo? Inguratzen gaituenaren parte gara, eta inguratzen gaituen horrek eragina dauka guregan. Bai behintzat bizirik mantentzen dugun apurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.