Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Kursaaleko Auditoriuma

Ahalegina

2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Victor Pablo Perez. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 21.

Ezaguna da musika sinfoniko-koralak Musika Hamabostaldiaren programazioa ezaugarritzen duela urtez urte, batez ere, etxean ditugun abesbatzen ondareari esker. Esfortzu logistiko handia egin dute aurten nortasun hori berreskuratzeko: hainbat besaulki lerro galdu dira eszenatokian espazio nahikoa sortzeko, eta maskor akustikoa guztiz zabaldu da bederatzi mailako oholtza sartu, eta musikariek distantzia mantendu dezaten.

Bigarren hitzordu sinfoniko-koralean aukeratutako programa heterogeneoa bezain erakargarria zen, gutxitan jotzen diren erlijio-piezaz osatutakoa. Francis Poulencek egoera pertsonal mingarrian idatzi zuen Litanies à la Vierge Noire ahots zuri eta organoarentzat, 1936an Rocamadourrera egindako bisitan. Pieza delikatua da, introspektiboa eta deboziozkoa, baina baita sutsua eta bizia ere. Donostiako Orfeoiko emakumeak neurritsuegi aritu ziren orokorrean, ahotsak desorekan, pasarte sendoenetan eta piano sotiletan distira itzalita, ziurrenik musukoen eraginagatik. Giroa antzekoa izan zen Gabriel Faure eta bere ikasle Andre Messagerrek 1881ean herriko emakume eta neskentzat idatzitako Villervilleko arrantzaleen meza obran. Orkestraren interpretazio lauak eta abesbatzatik zetorren opakutasunak soiltasunetik bikaintasuna ateratzeko aukera ezabatu zuten.

Bigarren zatian, Ludwig van Beethovenek idatzitako oratorio bakarra eskaini zuten, Kristo Olibondoen Mendian. Airam Hernandez tenorraren ahotsak irmotasunez eta lerro garbiaz haragiztatu zituen atzitua izan aurreko Jesusen ezinegona eta asaldura, zeinak obrak erdigunean jartzen dituen. Iwona Sobotka sopranoa edertasunez aritu zen aria eta errezitatibo zorrotzetan, eta Frederic Jost baxuak emisio erregularra eta betea izan zuen bere parte hartze motzean. Haatik, abesbatzaren eta orkestraren artean aditze falta zegoela zirudien, tempo arazo txikiak barne, batutak konpondu ez zituenak.

Maskararekin eta metro eta erdiko tarteaz jardutea idealaz oso urruti dagoen egoera da abesbatza batentzat, baina ez okerrena. Gehiago galduko genukeen ahalegina egin izan ez balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.