Sustrai hegodunak

Sardiniera hutsez egiten den katea da Eja TV, baina irlako beste hizkuntza gutxituak ere entzun daitezke bertan. Zailtasunak zailtasun, aukera zabala eskaintzen du kate horrek egun.

Saio eskaintza askotarikoa du egun Eja TVk. BERRIA.
Marco Santopadre
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun

Eja TV bete ahal izan nuen amets bat da, erro sakonak dituen proiektu bat». Horrela azaltzen du Tore Cubedduk 2014an sortu zuen katea, lehenik webean eta 2019tik Sardiniako telebistan. «Komunikabideetan ez zegoen inolako tokirik sardiniarrek beren hizkuntzak normaltasunezko testuinguru batean erabili ahal izateko».

 

Orain, telebistako 172 katea «apustu irabazle bat» da,  Cubeddurentzat, «zenbakietatik harago. Izate hutsagatik, eta sardiniar hiztun guztientzat elementu sinboliko bat ordezkatzeagatik, hizkuntzaren deuseztapenaren aurkako barrera bat».

Duela urte gutxira arte, benetan zaila zen irlako komunikabideetan sardinieraz edo tokiko beste hizkuntzetan zeuden saioak topatzea. Gai folklorikoak —abestiak, jaialdiak, kontakizunak— jorratzen zituzten tarte txikiak ziren eskaintza bakarra. «Urte askotan, sardinierak komu- nikabideetan zuen presentzia betebehar moduan ikusi zen. Bazterreko ekoizpenak ziren, italiera hutseko testuinguruan txertatuak. Hizkuntza zoologiko batean giltzapetu zuten, non 'oraindik sardinieraz mintzo direnak' miretsi zitezkeen».

Egun, ordea, Eja TVko programazio osoa sardinieraz da, eta baditu tarteak tabarchinieraz —hego-mendebaldeko bi irlatan bizi diren milaka lagunek erabiltzen duten Genoako dialektoa—, katalanez, sassarieraz eta gallureraz ere —irlaren iparraldean hitz egiten diren bi hizkuntza, italiarrarekin eta korsikerarekin lotura dutenak—. Askorentzat mirari bat dirudi. «Gazte asko beren egoeraz jabetu dira, eta beren nortasunetik hasi nahi dute berriro. Lilliu arkeologoaren hitzak erabiliz, gure etorkizuna 'sustrai hegodunak' dira».

Tore  Cubedduk zenbait uste oso eta konpromiso ondu ditu urte luzez Sardiniatiko kanpo bizita.  Cubeddu 1975ean jaio zen, Suitzan;gurasoak sardiniarrak zituen, eta nerabezaroa Seneghen, Sardinian, igaro zuen. Baina, gero, Munichera joan zen ikastera; ondoren, Cagliarira itzuli zen, eta Turinera lekualdatu zen. Filosofian lizentziaduna da, master bat egin zuen Narrazio Tekniketan, eta, duela hamabost urtetik, zinemari eta hizkuntza erreparatzen die. «Duela hamar urtetik esan du harro- Babel zinema jaialdiko zuzendari artistikoa naiz. Hizkuntza gutxituei soilik zuzenduriko lehen jaialdia da Europan». 2012an, Terra de Punt ekoiztetxea sortu zuen, EjaTVren sorreraren bultzatzailea izan zena, Sardiniako funts publikoen esleipenei esker.

«Gure herriko kontakizunaren protagonista bihurtzea da helburua, Sardinia leku hobeago bat egitea, bere nortasunaz harro egoteko eta munduari irekitzeko prest; eskaintzen dituen aukera handiei, ezberdintasunei».

Hizkuntzaren zaintza

Eja TVk tarte zabalak eskaintzen dizkie sardinieraren aldaerei, aurrejuzguen arabera ulertzen ez diren horiei: «Saioetako aurkezleek beren ama hizkuntzan hitz egiten dute. Hala ere, idazkera estandar bat erabiltzen dugu. Arauak behar ditugu, eta estandarra da aukera bakarra». Enpresari gaztearentzat hizkuntza gutxituetan aritzen diren kateen kalitatezko estandarrak handia izan behar du, aurkako efekturik nahi ez bada: «Maila baxuko ikus-entzunezkoek eta zinemak periferietako kulturak hondora ditzakete, eta haien duintasunean atzera-bueltarik gabeko eragin ezkorra izan».

Saioak modu errazean egiten dituzte, baina zailtasunak zailtasun, —sardinieraz lan egiteko gai diren profesionalak falta dira, eta filmen eta dokumentalen ekoizpena urria da— Eja TVren kalitateak hobera egin du, eta saioetan aniztasun handiagoa dago. «Helburua mota guztietako produktuak ekoiztea da, hala nola kultura eta entretenimendukoak. Gure ikusleek —gehienbat jantziak eta nortasunarekiko interesa dutenak— interesa dute eduki moderno eta azkarretan, eta on demand kate berrien estilotik hurbil dauden metodo narratiboak dituzte nahiago». Sardinierak bide luzea du oraindik ere komunikabideetan, baina hazia hasi da ernatzen azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.