Noiz sortua: 2020-02-02 00:30:00

Musika

Billie Eilish, bere garaiko ikonoa

Bost Grammy sari garrantzitsuenek berretsi baino ez dute egin musikari estatubatuarrarena izan dela azken urtea. Milioika jarraitzaileren babesari hedabide espezializatuena batu dio kantariak.

Billie Eilish, iazko abuztuan, Biddinghuizenen, Herbehereetan.
Billie Eilish, iazko abuztuan, Biddinghuizenen, Herbehereetan. FERDY DAMMAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2020ko otsailak 2

XXI. mendeko nerabeen ezinegon existentzialari ahotsa ematen diola esan izan dute Billie Eilishez. Edo gaur egungo gizarte hiritar, global eta askotarikoaren isla dela. 2015ean —artean 13 urte zituela—, bere kantuak SoundCloud plataforman jarri zituen, eta egun gutxi batzuetan milaka entzunaldi lortu; ordutik, Z deritzon belaunaldi gaztearen ikono eta irudi bilakatu da. Ikono zen orain dela urtebete, eta ikono are eta handiagoa da orain, When We All Fall Asleep, Where Do We Go? lehen disko luzea izan baita amaitu berri den urtean gehien aipatu, laudatu eta entzun direnetako bat. Joan den igandean, bost Grammy sari lortu zituen Los Angelesen (AEB) —kantu eta grabazio onena (Bad Guy), diskoa, artista berria eta pop bokaleko diskoa—, eta horrek berretsi baino ez du egin Billie Eilishen abagunea dela hau. Oraingoa.

 

Ez da erraza neurtzea Eilishek sare sozialetan eta musika plataformetan izan duen inpaktua. 2015eko urrian, eta dantza irakasle batek koreografia bat musika originalarekin egiteko eskatu ondoren, Ocean Eyes kantua grabatu zuen. Neba Finneas O'Connellek bere taldearentzat idatzitako pieza bat zen, baina arrebari utzi zion kantatzen. Handik gutxira, SoundCloud plataforman jarri zuten, eta, ia ohartu gabe, kantua hedatuz eta hedatuz joan zen. Diskoetxe baten babesik gabe, eta formatu fisikoan atera gabe, Ocean Eyes-ek bi milioi entzunaldi baino gehiago izan zituen Spotifyn hilabete gutxi batzuetan.

Orduz geroztik, dena abiada azkarrean bizi izan du Eilish gazteak —abenduan bete zituen 18 urte—. Betiere bere anaiak lagunduta —hark ekoitzi du orain arte egin duen lana—; kantuak sare sozialetan jarriz joan zen (Six Feet Under, Bellyache), eta, 2017an, Don't Smile at Me EPa kaleratu zuen, formatu fisikoan eta Interscope zigiluaren bitartez. Lan horietan guztietan, bere musikaren ertz guztiak agerian utziz joan zen Eilish. Pop ilun garaikidetzat har daitekeen arren, Los Angelesko abeslariaren musikak ez baitie muzin egiten R&Bari, elektronika beatei eta hip-hopari; ezta balada aztoragarriei ere. Denetatik du zerbait, eta ezerk ez du bere osotasunean definitzen. Nahiz eta Eilishek ez duen ukatzen Lorde eta Lana del Rey erreferente izan dituela.

Alde horretatik, When We All Fall Asleep, Where Do We Go?-k argi adierazten du Eilishen asmoetako bat badela tonu ezberdineko kantuak biltzea. Bad Guy baxuaren erritmoan oinarritutako hit ilun bezain dantzagarria, ukeleleak lagundutako sehaska kantua (8), traparekin kateatutako elektronika (Bury a Friend), molde klasikoko popa (Wish You Were Gay) eta baladak (Xanny, I Love You) bata bestearen atzetik harilkatzen baitira haustura handirik eragin gabe. «Nire lehentasunetako bat da kantu bera behin eta berriro ez egitea», azaldu du Eilishek berak, eta jarraian ñabardura bat gehitu: «[Kantuak] Elkarrekin daude, baina ezberdinak dira. Diskoan mood ezberdinak daude, baina nire erronka izan da koherentzia izango duen obra bat egitea. Zaila da zerbait koherentea eta, era berean, bakana izatea, eta uste dut nahiko ondo egin dudala». Horregatik, diskoko kantuen ordenari ere garrantzi handia eman dio, denak duelako, haren iritziz, «zentzua» diskoaren osotasunean. Eta horregatik, era berean, azken hiru kantuak (Listen Before I Go, I Love You, Goodbye), pieza bakar bat osatuko balute bezala entzun daitezke. «Diskoaren amaiera norbaiti esandako esaldi bat bezala pentsatua dago: 'Listen Before I Go, I Love You, Goodbye' (Entzun ni joan aurretik, maite zaitut, agur)».

Eta hor daude hitzak ere, Eilishen proposamenaz hitz egitean, inork albo batera uzten ez duen ezaugarria. Ametsek —eta batez ere amesgaiztoek—, mendekotasunek, pentsamendu ilunek, obsesioek eta desamodioak lekua dute pieza horietan. «Kantu batzuek hitz egiten dute benetakoak ez diruditen gauza on eta politei buruz; eta beste batzuek, berriz, jasan ere ez ditzakezun egoera beldurgarriei buruz». Badaki Eilishek erreferentzia bilakatu dela jende askorentzat, eta, hori dela eta, bere buruari inportantzia kentzen ere saiatzen da: «Jendeak utzi egin behar dio ni hain serio hartzeari. Ni ez naiz hain pertsona serioa, eta izugarri maite dut nire kantuetan umorea izatea».

Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Gizon bat, Zagreben. ©ANTONIO BAT / EFE

Sakelakoen kokapena jasoko du Madrilek

Berria

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainiek euren sareak erabiltzen dituzten sakelakoak non dauden kontrolatuko dute, eta informazioa Madrilgo Gobernuari emango diote. Koronabirusaren aurkako borrokan, populazioaren inguruko mugimenduei buruzko datuak biltzea da asmoa, Madrilen arabera, eta, gaineratu duenez, ikerketak ez ditu “gizabanakoen mugimenduak atzemango”, baizik datu “anonimoak eta multzoka”.

Murga, Urkullu eta Beltran de Heredia, diputazio iraunkorrean telematikoki azalpenak ematen. ©/ Irekia

Oposizioak «gardentasun falta» egotzi dio Urkulluri

Irati Urdalleta Lete

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Argudiatu du «osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean jasotako informazioan oinarrituta» jokatu dutela.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean ©Jon Urbe (Foku)

Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

Jokin Sagarzazu

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzala eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuk «kolapsoan» daudela. ELAk, berriz, materiala bermatzeko eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna