Sevilla 3-2 Reala

Nagiak jota zelairatu da Reala

Txuri-urdinak makal aritu dira Sevillaren aurkako partidako bi zatien hasieran, eta kondenatu egin ditu horrek. Etxekoen bi hutsek arnasa pixka bat eman diote Imanolenei, baina alferrik: galdu egin du

En-Nesyri Sevillako aurrelaria bere hirugarren gola sartzen, atzo, Zubeldia lurrean dela. JULIO MUÑOZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Sevilla. Bono; Jesus Navas (Vidal, 70. min)., Kounde, Diego Carlos, Acuña ; Fernando, Jordan, Rakitic (Oscar, 85. min) ; Suso (Munir, 84. min), Ocampos (F. Vazquez, 89. min), eta En-Nesyri (De Jong, 89. min.).
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Sagnan (Le Normand, 46. min), Aihen; Merino, Zubimendi, Guridi (Barrenetxea, 56. min); Portu (Januzaj 78. min), Oiartzabal (Lopez, 78. min)., eta Isak.
Golak. 1-0. En-Nesyrik. (3. min.); 1-1. Diego Carlosek, b.a. (5. min.). 2-1. En-Nesyrik (6.min). 2-2. Isakek (14. min.). 3-2. En-Nesyrik (46. min.).Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Realeko Aihen, Sagnan eta Guridiri. Bestelakoak. Ikuslerik ez Sanchez Pizjuanen.

Ohartarazpen argia egin zuen atzoko BERRIAn Imanol Etxeberria atezain ohiak. Julen Lopetegik entrenatzaile gisa egindako lehen urratsak bertatik bertara bizi izan zituen Rayo Vallecanon, eta esan zuen Asteasun jaiotako prestatzaileak zer ezaugarri zituen teknikari modura: «Orain jartzen duen gogo hori bazuen orduan ere. Indarra zuen. Ariketetan, kontzentrazio arloan... Beti esaten zuen jokoan sartuta egon behar zela».

Ez zebilen oker Etxeberria. Sevillak bere egin zuen atzo prestatzailearen grina hori, eta bizi zelairatu zen Realaren aurkako partidako bi zatien hasieretan. Ezin gauza bera esan txuri-urdinengatik. Realak lehen eta bigarren minutuetan jokatu zuen eskasen, eta garesti ordaindu zuen hori: 3 eta 2 galdu zuen.

Nagiak jota zelairatu zen Reala. Lehendabiziko minuturako atzean zulo handia utzi zuen Imanol Alguacilen taldeak, eta aurkariak gertu egon ziren hasi orduko gola sartzeko. Ez zuten sartu, baina berehalakoan jarri ziren markagailuan aurretik. Izan ere, hirugarren minutuan 1-0ekoa sartu zuen Sevillak. Susok ezker hegaletik egindako jokaldi batean, Fernandok EnNesyrirekin jokatu zuen, eta aurrelariak ez zuen hutsik egin. Realaren defentsa eraberrituak —Le Normand eta Monreal falta ziren— makal ekin zion, eta larrutik ordaindu zuen.

Dena den, zorte kolpe batek ia segidan lagundu zion Realari. Txuri-urdinek baloia jokoan jarri orduko erasora egin zuten; baloia gidatuko zuenik gabe zela, Diego Carlosen oinetara heldu zen. Alexander Isakek presio egin zion, eta atzelari brasildarrak bere atean sartu zuen gola. Hasierako kamustasunari neurria hartzeko moduan zen Reala.

Itxaropen hutsa izan zen,ordea. Joan-etorriko neurketa bat irudikatua zuen Sevillak, baina ezta hori ere; erraztasun gehiegi eman zizkion Realak, eta, etxekoen hutsak huts, Lopetegiren taldeak erakutsi zuen partidari hobeto heldu ziola. Haiek ziren une oro arriskuko jokaldiak sortzen ari zirenak.

Halaxe heldu zen etxekoen bigarrena ere. Realak neurketa orekatzea lortu eta bi minutura, erasora egin zuen Sevillak. Espainiako taldeak Fernandoren bidez egin zuen aurrera: hark jokatu zuen Rakiticekin, eta kroaziarrak Jordanekin antolatu zuen berriz ere Lopetegirenak aurretik jartzeko jokaldia. Jordanek area ertzean hartu zuen baloia En-Nesyriri eman zion, eta marokoarrak bigarrena sartu zuen. Markagailuak seigarren minutua adierazi zuenerako, halakoxea zen egoera: Sevillak 2, En-Nesyirik sartuak biak, eta Realak bat.

Zoramen betean zeuden bi taldeek garesti ordaindu zuten hori. Ordu laurdena betetzeko zela urrats bat egin zuen Realak. Aldeko korner bat izan zuten donostiarrek; bigarren zutoinean zegoen Isak, solte, eta hark jotako baloia sarera heldu zen. Lau hutsek beste horrenbeste gol sartu zituzten.

Merino, makal

Binako berdinketak arnasa pixka bat eman zion norgehiagokari. Bi taldeak ez ziren gai beren onena erakusteko, baina Sevilla apur bat bizkorrago ari zen jokoan. Hirugarrena sartzeko gai ere izan ziren Lopetegirenak, eta horrexek eman zien garaipena.

Ez zen bere merituengatik izan, ordea. Beste behin, nagikeriak jota zelairatu zen Reala. Bigarren zatia hasi orduko, kontrolpean izan zezakeen baloi bat galdu zuen Merinok, eta horrek kondenatu zituen txuri-urdinak. Zelai erdian trakets aritu zen nafarra; saiatu zen Sevillako zenbait jokalariren artetik baloia jokatuta ateratzen, baina kale; galdu egin zuen, eta En-Nesyrik bere hirugarren gola sartu zuen. Donostiarren bizkar hat-trick bat egin zuen.

Gero, partidak ez zuen askoz gehiagorako eman. Imanol Alguacil saiatu zen aldaketen bidez bere taldea suspertzen, baina ezer gutxirako balio izan zion horrek: «Azkenaldi honetan ez gabiltza aise, batik bat, baloirik gabe. Nahiz eta aurkari on bat izan aurrean, beste era batera jokatu behar dugu. Bestela, zaila izango da partidak aurrera ateratzea». Atzo ez zuen atera Realak, hein batean, hasiera eskasengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.