Eltzean daude osagai guztiak

Osasunak garaipen landu eta baliotsua lortu du Almeriaren zelaian (0-1). Brandonek sartu du neurketako gol bakarra, 75. minutuan

Ruben Osasunako atezaina, taldekideei onespen keinua egiten. IÑIGO URIZ / FOKU FOKUAGENTZ.
enaut agirrebengoa
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Oraindik kilometro asko gelditzen dira Bigarren Mailako maratoia bukatzeko, baina oso usain ona dario Osasunaren denboraldiari. Nafarroako taldeak jada eskuratu ditu arrakasta lortzeko osagai nagusiak: oso garbi du zertan jokatu, Sadarren tirania ezarri du, eta etxetik kanpo ere hasi da erritmo egokia hartzen. Astindua jaso zuen Las Palmasen zelaian duela bi aste, baina, bestela, goranzko bilakaera du Iruñetik at. Hobekuntza hori Almeriari irabazita berretsi zuen atzo. Nafarroako taldeari asko kosta zaio igotzeko postuetan sartzea —hirugarren dago—, baina orain ez da kanporaketak jokatze hutsarekin konformatzen; igoera zuzena du jomugan.

Zelai zaila zen atzokoa. Etxean lehia bakarra zuen galdua Almeriak. Ez zen partida samurra izan inondik ere, baina analisi egokia egin zuten Jagoba Arrasateren jokalariek. Odol hotzez jokatu zuten, une askotan ekimena aurkariaren esku utzita. Tinko eutsi zieten aurkariaren oldarraldiei, eta azkenean, haiek hautsi zuten lehia. Brandonek egin zuen gol erabakigarria, partida amaitzeko ordu laurden falta zenean. Lan eskerga egin ostean iritsi zitzaion saria aurrelariari. Ohi bezala, etenik gabe estutu zituen aurkariak, eta neurketari urrearen balioa duen gol batekin jarri zion ginga.

Ez zen hori izan Brandonek eduki zuen aukera garbi bakarra. Izan ere, 30. minutuan zutoinera bidali zuen baloia, Ruben Garciaren erdiraketa neurtua buruz errematatu ostean. Beste bi aukera on ere izan zituen Osasunak lehen zatian, Rubenen eta Nacho Vidalen eskutik. Almeria gehiagotan izan zen baloiaren jabe, eta gehiagotan zapaldu zuen aurkariaren area, baina zorrotzagoa izan zen Iruñeko taldea, atsedenaren aurretik batik bat. Torres eta Rubenen kalitatea eta Brandonen mugikortasuna izan ziren gorritxoen arma nagusiak.

Gidoia aldatu egin zen bigarren zatian. Etxekoek pausoa eman zuten, eta gorritxoek atzerago paratu zituzten lerroak. Hala, gutxiago agertu ziren erasoan. Minutuak aurrera zihoazen, eta Arrasaterenek berdinketa ontzat jotzen zutela zirudien. Haatik, zukua atera zioten bigarren zatiko gol aukera bakarrari. Rubenek erdiraketa aparta egin, eta bigarrenean ez zuen barkatu Brandonek, area txikian ezkerrez errematatuta. Almeriak gogor estutu zuen azken minutuetan, eta baloi bat zutoinera bidali, baina Osasunak ondo kudeatu zuen larrialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.