Lotu uhala, gorabeherak datoz eta

Muinoek harbideen lekukoa hartuko dute, gaurtik datorren igandera bitarte, Ardenetako klasikoetan. Julian Alaphilippe eta Anna van der Breggen dira hautagai nagusiak, baina ez bakarrak. Amstel Gold Race jokatuko da gaur.

Lotu uhala, gorabeherak datoz eta.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ardenetako hirukoaren txanda iritsi da. Eta, horrekin batera, uhala lotu du nazioarteko tropelak. Izan ere, errusiar mendi baten modukoak dira Amtsel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieje-Bastogne-Lieje klasikoak. Bakoitzak bere bereizgarriak ditu, baina hirurak daude muino laburrez eta pikoz josiak. Bermatuta dago zirrara; baita lehia estua ere. Gizonezkoetan, Julian Alaphilipperi (Deceuninck-Quick Step) so daude begi gehienak, baina badira frantziarrak sasoi hasieran erakutsitako nagusitasuna kolokan jar dezaketen txirrindulariak. Gauza bera gertatzen da emakumezkoetan Anna van der Breggenekin (Boels-Dolmans).

Dagoeneko zortzi garaipen lortuta, tartean Milan-Sanremo monumentua, Alaphilippek derrigor eduki behar du faborito etiketa. Frantziarrak jarraipena eman dio iaz izaniko hazkundeari, eta tropeleko errematatzailerik onena bihurtu da. Orain arte, Alejandro Valverderena (Movistar) izan da tronu hori, eta bere erregetza oraindik ez dela iraungi erakutsi nahi du. Bederatzi garaipen daramatza Ardenetako probetan, eta ale bakarrera dauka Eddy Mercxen marka. Ez da akuilu makala. Maximilian Schachmannek ere (Bora-Hansgrohe) ez du edonolako pizgarria: bere lehen klasiko handia irabazi nahi du. Gaia badu horretarako, Euskal Herriko Itzulian hiru etapa zakuratuta erakutsi duenez.

Hiru horiek dira txirrindularitza zale guztien ahotan dabiltzan izenak, baina ez da komeni Michal Kwiatkowskiz (Sky) eta Dan Martinez (UAE) ahaztea. Biak ere espezialistak dira Ardenetako klasikoetan, eta sasoiko iritsiko dira; Martin batez ere, Itzulian bigarren egin ondotik. Bestelako aldartez helduko da Peter Sagan (Bora-Hansgrohe), garaipen bakarra lortu baitu 25 lasterketa egunetan. Edonola ere, munduko txapeldun ohia beti hartu behar da aintzat. Amstel Gold Racen lehiatuko da lehenik, eta, ondoren, Lieje-Bastogne-Liejen hartuko du parte, aurrenekoz.

Koska bat beherago, hautagai ugari ageri dira: Tim Wellens (Lotto Soudal), Michael Woods (Education First), Michael Matthews (Sunweb), Romain Bardet (Ag2r), Enrico Gasparotto (Dimension Data)… Euskadi-Muriaseko ziklistak ere zeresana ematen saiatuko dira, aurrenekoz lehiatuko baitira Fleche Wallonen.

Emakumezkoetan, azken urteetako tiraniari eusten saiatuko da Van der Breggen. Fleche Wallonen, inork ez dio itzalik egin 2014az geroztik. Lieje-Bastogne-Liejen ere ez du aurkaririk izan 2017an klasikoa aurrenekoz antolatu zenetik. Amstel Gold Raceri ere urte berean berrekin zitzaion, hamalau urteko etenaren ondotik, eta herbeheretarra izan zen indartsuena orduan. Alegia, koroa hirukoitza irabazi zuen 2017an, eta aurten balentria hori berriz lortzen saiatuko da.

Haren mehatxu nagusia Annemiek van Vleuten da (Mitchelton-Scott). Emaitza onak lortu ditu sasoiko lehen klasikoetan, eta, Ardenetan oraindik garaipenik ez duen arren, Van der Breggeni gauzak zail jartzen saiatuko da. Helburu bera izango dute Katarzyna Niewiadomak (Canyon), Ashleigh Moolmanek (CCC-Liv) edota Amanda Sprattek (Mitchelton-Scott).

Hasteko, Amstel

Gaur jokatuko da Ardenetako hirukoko lehen proba, Amstel Gold Race. Errepide estu eta gorabeheratsuak izango dira, ohi bezala, Herbehereetako klasikoaren bereizgarriak. Gizonezkoen ibilbideak 266 kilometro eta 35 muino izango ditu, eta, azken bi aldietan bezala, ez da Caubergeko igoera mitikoan amaituko. Bemelerberg izango da azken muinoa, eta handik helmugara sei kilometro egongo dira sasi-ordekan. Alaphilipperi komeni zaion baino bukaera leunagoa da. Lasterketa esprintean bukatzen bada, lanak eman diezazkioke Mathieu Van der Poelek (Corendon-Circus), asteazkenean Brabanste Pijlen ikusi zenez. Herbeheretarrak pedal kolpe izugarria erakutsi du Flandrian, eta gaur ere distira egiten saiatuko da, etxeko klasiko nagusian.

Emakumezkoetan, berriz, iaz bezala berriz irabazten saiatuko da Chantal Blaak (Boels-Dolmans). 126 kilometro eta hemeretzi muinoko lasterketa izango da, eta hau bai, Caubergen erabakiko da —1.2 kilometro eta batez besteko %5,8ko pendiza—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.