Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia egingo dute Iruñean, lehen aldiz

Ostegunetik larunbatera egingo dute. Gizarte gaiak lantzen dituzten 36 film lehiatuko dira; horietako hamahiru euskal herritarrek zuzenduak dira. Mahai inguruak eta eskolak ere egongo dira

Helena Baiona zinemagileak emakume ijitoen inguruko Romipen film laburra estreinatuko du jaialdian. NIFF.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Zinemak egitasmo berri bat du Iruñean: ostiraletik igandera ospatuko duten NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia. Arquetipo komunikazio enpresak eta Lekarozen (Nafarroa) eraikitzen ari diren Meliton zinema estudioko kideek antolatu dute jaialdia, zinemak herrialdean duen egoera osasuntsuari etekina ateratzeko, Joaquin Calderon zuzendariak azaldu duen moduan: «Zinemaren aldeko apustua egiten ari dira Nafarroan, besteak beste, zerga pizgarriekin, eta zinema borborka dago hemen; guk egoera pribilegiatu hori baliatu nahi dugu gizartean zenbait gairen inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko». Izan ere, zinema «gizarte eraldaketarako arma» gisa ulertzen dute. Hala, askotariko gizarte gaiak jorratzen dituzten 36 lan lehiatuko dira, laburrak zein luzeak, eta fikziozkoak nahiz dokumentalak. Bost dira jaialdia zeharkatuko duten gai nagusiak: planeta, feminismoa, LGBTI, migrazioak eta analfabetismoa.

Jaialdiak, gainera, ohorezko presidente bat eta ama ponteko bat izendatu ditu: Asghar Farhadi zinemagile irandarra eta Itziar Ituño aktore bizkaitarra. Bigarren hori ezin izango da Iruñera joan, baina bideo bidez adierazi duzineman dabiltzanek hura «aldaketarako motor» gisa erabiltzeko ardura dutela: «Zinema ez da bakarrik entretenimendua; balio du errealitate batzuk mahaigaineratzeko eta aldarrikatzeko, eta bestela ikusiko ez liratekeen istorio asko kontatzeko».

Hautatu dituzten filmen artean hamahiru euskal herritarrek zuzenduak dira; besteak beste, Beñat Gereka Gurseko kontzentrazio esparruaren errealitatea erakusten duen Basotik itsasora lanarekin lehiatuko da; Ander Iriartek Emarri eramango du, zeinetan emakume batzuek beren ikuspegi feminista herri kirolaren bitartez gauzatzen saiatzen diren; Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte aitzindariaren eta haren erbestealdiaren inguruko film bat eramango du, Irrintziaren oihartzunak, eta Fermin Aiok, berriz, Ongietorri lana, errefuxiatuen eta migratzaileen gatazka lantzen duena. Lehiatuko diren pelikulen artean, halaber, Goya saria jaso duten bi daude: Jose Herreraren Cazatalentos eta Carlota Peredaren Cerdita film laburrak.

Hautatutako lanek Ikus-Entzunezko Film Onenaren Urrezko Meliton saria jaso dezakete, 2.000 eurokoa, bai eta Zuzendaritza edota Interpretazio onenaren Zilarrezko Meliton sariak ere, biak 1.000 eurokoak. Javier Tolentino kazetariak, Pablo Blanco zinemagileak, Mintxo Diaz produktoreak eta Natalia Ardanaz historialariak osatuko dute epaimahaia. Sari berezi bat ere emango dute festibalean: Ohorezko Meliton saria. Txema Blasco aktore gasteiztarrari emango diote saria, haren ibilbideari aitortza egiteko. Film labur askotan aritzeagatik da nabarmentzekoa haren lana.

Sail Ofizialean dauden film zenbait beste azpisail batzuetan ere programatuko dituzte; kasurako, Nafarroako zinemagileek ondutako bost lan From Navarra izeneko atalean sartu dituzte. Horiek dira Helena Baionaren Romipen, Natxo Leunzaren Born in Gambia, Iñaki Alforjaren Motxila 21 En Vivo, Ekhiñe Etxeberriaren Mikele eta Raul de la Fuenteren Minerita. Bost lanok ere jaialdia zeharkatzen dituzten gizarte gaiak jorratzen dituzte.

Baionak jaialdian estreinatuko du bere filma, emakume ijitoen errealitateari begiratzen diona, ikuspegi feminista batetik eta zazpi andreren ahotsen bitartez. Leunzarenak, bestetik, Gambiako eguneroko bizitzaren garratzaren berri ematen du, haur baten bizipenen bitartez. Alforjaren filma Mochila 21 taldearen bira baten road movie bat da, aniztasunean, errespetuan eta laguntasunean oinarritzen dena. Etxeberriaren lanak Mikele Grande Uharteko gazte transexualaren egunerokoaren berri ematen du, eta De la Fuenterena, berriz, Boliviako meategietan lanean diharduten hiru emakumek jasaten duten egoeraren berri ematen du.

Sail Ofizialeko filmez gain, Workshop Contest atalaren barruan lehiatuko dira Asghar Farhadi zinemagile irandarrak Meliton estudioetan gidatu zuen sorkuntza tailerrean ondutako hamasei lan. Farhadik maiatza eta ekaina bitartean eman zuen ikastaroa, eta berrogei ikasleetako hamaseiren lanak hautatu dituzte lehiaketarako. Lan horien egileen artean Euskal Herriko, Espainiako, Italiako, Ekuadorreko, Greziako, Errepublika Dominikarreko eta Portugalgo zuzendariak daude. Euskal herritarrak lau dira: Fermin Gil, Martin Barandalla, Javier Otero eta Pablo Etxart. Farhadiren lanen itzultzaile ofizialak, Ahmad Taherik, gidatuko du saileko epaimahaia, eta lehiaketaren irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du.

Beste atal berezi bat ere izango du jaialdiak: Navarra Film Challenge. Jaialdiaren bitartean gauzatuko dute, eta parte hartu nahi duen orok 2 eta 5 minutu arteko film labur bat sortu beharko du 48 orduan. Parte hartzaile guztiek gai berean oinarritu beharko dituzte beren lanak: bizitza. Objektu zehatz bat ere sartu beharko dute lan guztietan; asteazkenean jakinaraziko dute zein den, 23:59etan. Piezarik onenak 1.000 euroko saria jasoko du, eta finalera heltzen diren proiektu guztiak jaialdiaren azken egunean proiektatuko dituzte, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Eskolak eta mahai inguruak

Lehiaketatik harago, NIFFek ikasteko aukera ere emango du: hiru masterclass antolatu dituzte, filmen sortze prozesuko hainbat urrats lantzeko. Mintxo Diaz produktoreak ikus-entzunezko proiektu bat hasieratik sortzeko gakoak azalduko ditu; Pablo Blanco zuzendaria filmen muntaketaren alde artistiko eta teknikoaren inguruan arituko da, eta Lia Chapmanek, berriz, irakatsiko du nola egin aurre hautaprobei. Ostiralean izango dira eskola guztiak, Kondestablearen jauregian.

Jaialdia zeharkatzen duten sei gai nagusien inguruko mahai inguruak ere antolatu dituzte. Zuzendariarentzat, Planeta izenekoa da nabarmengarriena, hizlariak oso bereziak baitira, haren irudiko. Solasaldi horretan, Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendaria, Joaquin Araujo idazle eta naturalista eta Tomas Yerro idazle, irakasle eta Vianako Printzea sariduna mintzatuko dira.

Azkenik, musikari ere egingo diote tartea festibalean. Ostegunean, inaugurazio egunean, Jorge Sanchez abeslari kubatarra izango da kantuan, Migrazioak ataleko proiekzioen ondotik, eta Jolis Muñoz flamenko kantari nafarrak ostiralean abestuko du, Workshop Contest saioaren aurretik. Virginia Senosiain aktore eta clownak, berriz, Feminismoak atala irekiko du, umorezko esketx batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.