Altxatu eta berriz eraiki

Kopako bi finalak galdu eta gero, Athleticek barrura begiratu behar du, ilusioa berreskuratu eta orain arteko bide arrakastatsuari segida emateko. Zuzendaritzak, teknikariek eta jokalariek badute lana.

Marcelino Garcia Iñigo Martinezi aginduak ematen atzoko entrenamenduan. JUAN FLOR.
haritz gallastegi
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Athleticek hiru final jokatu ditu denboraldion. Urtarrilean Espainiako Superkopa irabazi izanak sekulako ilusioa piztu zuen jarraitzaileen artean. Baina Espainiako Kopako bi finalak galdu izanak, eta, era berean, horietan emandako maila eskasak mugitu egin ditu proiektu zuri-gorriaren zutabeak. Ligan sailkapenaren erdialdean egonda, taldea helburu barik geratu da sasoiaren azken txanpan. Horrenbestez, proiektua indarberritzeko epe motz eta ertainera egin beharreko urratsak zehazteko garai aproposa da.

JARRAITU BEHARRA

Taldea eta ingurua jota daude. Hortaz, ez da komeni giroa behar baino gehiago gaiztotzea. Aurrera begira eman beharreko pausoak lasaitasunez egiteko, ezinbestekoa da egonkortasun instituzionala. Ildo horretan, taldeak sasoi amaierara arte lehiatzea derrigorrezkoa da. Ez da besoak jaisteko ordua. Horrek min handia egingo lioke proiektuari. Beraz, profesionaltasunez, lanean jarraitu beharra dago denboraldiari agur esan arte. Azken zazpi jardunaldietan dena emateko asmoz zelairatu behar dute zuri-gorriek.

HANKAK LURREAN

Klubak zein bere inguruak argi izan behar dute futbolak hartu duen bidean zein den Athleticen lekua. Hau da, taldeari eskatu egin behar zaio, baina ez da langa goregi jartzea komeni. Gainerakoan, erortzean kolpea nahi baino handiago izaten da. Athletic ezin da urtero txapelketak irabazteko lehian egon. Nekez lortuko ditu azken hamarkadan eskuratutako emaitzak. Beraz, lortutakoari merezitako balioa eman, eta, era berean, ahalik eta lehiakorrena izateko eskaera egin behar zaio. Baina gaitza da exijentziaren eta errealitatearen arteko oreka kudeatzea.

ZUZENDARITZA, AUSART

Aitor Elizegi buru duen lantaldeak agintaldiaren zati handi bat bete du. Kluba ezagutu dute. Zer dagoen eta zer falta den badakite. Eta orain etorkizuna eraikitzeko sasoia da. Epe laburrera begira, zailtasun ekonomiko handiekin egin beharko diote aurre egoerari. Hain zuzen, horregatik izan daiteke garai aproposa etxekoaren aldeko apustu garbia egiteko. Lezaman zein lehen taldearen aulkian harrobiaren alde egingo duten goi mailako profesionalak behar dira. Gazteen alde egiteak dakarren guztiaren zama bere gain hartzeko prest dauden teknikariak, alegia. Jon Moncayola, Javi Martinez eta Fernando Llorente fitxatzeak taldea indartzen lagundu dezakete, baina jokalari horiek ez dira Athleticen etorkizunaren giltza. Apustua beste bat da.

MARCELINOK HOBETU BEHAR

«Taldeak orain arte erakutsi duena baino gehiago eman dezake». Athleticeko entrenatzaileak esana da. Marcelinok Garciak ez du Athletic hobetu. Entrenatzaile espainarra iritsi aurreko eta egungo Athletic oso antzekoak dira: joko aldetik lehengo gabezia bertsuekin jarraitzen du. Erasoan sormen eta argitasun falta handia duen taldea da. Ondorioz, kosta egiten zaio golak sartzea. Eta emaitzak ere ez dira hobeak. Horretaz gain, ez du taldea zaharberritu. Gaizka Garitanok berak aukera gehiago eman zizkien gazteei bere azken sasoian, Marcelinok baino gehiago. Finean, taldea lehengo egoeran dago. Marcelinok eta bere lantaldeak gehiago erakutsi behar dute. Hobetu egin behar dute.

GAZTEEN GOSEA

Baina Marcelino ez da gazteen protagonismo txikiaren errudun bakarra. Teknikariak haien aldeko apustua egin behar du, baina jokalariek bota behar dute lehen taldeko atea. Aurretik dituztenak baino hobeak direla erakutsi behar dute: Sancet, Morcillo, Villalibre, Vencedor eta enparauek aukera ona dute hurrengo jardunaldietan euren balioa erakusteko. Ez dute talde hoberik aurkituko hazteko. Bide batez, Athletic B-n lan bikaina egiten ari diren futbolariei aukera ematea ere ez litzateke bide txarra, baina bigarren taldearekin mailaz igotzeko borrokan murgilduta egotea ez da alternatiba txarra. Biak dira balekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.