Durangoko 53. Azoka

Jende asko, eta gertu

Gaur du azken eguna Durangoko 53. Azokak. Argitaletxeak eta diskoetxeak pozik agertu dira orain artean izandako bisitari kopuruarekin eta salmentekin. Bideoa, amaieran.

Jende ugari izan da egunero Landakon eta beste guneetan, Durangoko 53. Azokan. Gaur du azken eguna. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Jendetza. Beste urte batez, leporaino bete dute kulturzaleek Landako. Asteazken arratsaldean ibili ahal izan zen lasaien Durangoko 53. Azokako korridoreetan barrena, baina gainerako egunetan jende ugari izan da une oro batera eta bestera, liburu, disko eta bestelakoen artean. Pozik zeuden horregatik, atzo, azokan erakusmahaia jarri duten argitaletxe, diskoetxe eta kolektiboak. Eta pozik oso sortzaileak ere, nabarmentzen zutenez, zaleak haiengana gerturatzea eta zuzeneko harreman hori izatea baita azokaren alderdirik aberasgarrienetako bat haientzat. Gaurko eguna du aurretik azokak oraindik, iluntzean itxiko baititu ateak datorren urtera arte. Egunak emango duenaren faltan, beraz, eta sentipenetatik, aurtengo azokaren lehen balorazioa egin zuten atzo BERRIArentzat hainbat argitaletxek, diskoetxek eta sortzailek. Eta positiboa izan da, oro har, sentipena haientzat.

Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk azokara etortzen, eta bertaratzen den jende kopuruarekin urtero «onerako» harritzen dela zioen. «Aurtengo pertzepzioa oso-oso positiboa da, ez dugu motiborik ezkorrak izateko; argitaletxe gisa beti izan dugu oso harrera ona». Azokaren lehen eguneko goizeko «ikasle uholdea» bereziki pozgarria egin zitzaion, «behar-beharrezkoa» iruditzen baitzaio. «Editoreek badugu pedagogia egiteko ardura bat; [goiz horretan] ez da askorik salduko, baina ereiten ari gara». Iruditzen zaio azoka hortik aurrera egunez egun «aparra bezala gorantz» joan dela. Beren salmahaian Joseba Sarrionandiaren Bizitzea ez al da oso arriskutsua? eskatu dute gehien. Horrez gain, Irati Elorrietaren Neguko argia nabarmendu zuen, urteko liburuetako bat dela iritzita, baita Juan Carlos Etxegoien Xamar-en Etxera bidean ere.

Azken egunaren faltan, azoka «iazkoaren pare eta agian zer edo zer hobeto» joan izanaren sentsazioa du Txalapartako Jon Jimenezek. Argitaletxearen mahaian, Altsasu auzia-ri buruz Aritz Intxustak eta Aitor Agirrezabalek idatzitako lana saldu da gehien; «nabarmen», gainera. «Bigarren edizioarekin etorri gara, eta ez dakit bukatuko ez ote den», esan zuen. Halaber, Gerezi garaia ere gehien salduen artean egon da; lan horretan, Mikel Santos Belatz-ek komiki moduan kontatu du Lucio Urtubiaren biografia. «Maiatzean kaleratutako liburu bat da, eta hirugarren edizioan doa». Editorearen hitzetan, harrera ona izan dutenen artean dira Edorta Jimenezen Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua, Harkaitz Canoren Mecanografiak eta Joseba Asironen eta Martin Alzueta Martintxo-ren Euskal Herriko Historia ilustratua —bildumako hirugarren liburua plazaratu berri dute, eta Asiron historialari eta Iruñeko alkatea aleak sinatzen izan zen atzo—.

Katakrakeko kideek «aurreikuspenen gainetik» ibili izanaren sentipena zuten atzo. Bell Hooksen Feminismoa denon kontua da, Angela Davisen Emakumeak, kultura eta politika eta Rosa Luxemburgen Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti lanek izan dute harrerarik onena haien mahaian. Susako Leire Lopez, berriz, bereziki pozik zegoen idazleen eta irakurleen artean izan den hartu-emanarekin. «Urte osoan ateratzen ditugu liburuak, baina aurrez aurreko harreman hori gutxi batzuekin izaten da, eta egun hauek horretarako dira». Hainbat nobedade ekarri ditu Susak azokara; besteak beste, Fakirraren ahotsa (Harkaitz Cano), Munduko tokirik ederrena (Iñigo Aranbarri), Goseak janak (Idurre Eskisabel Larrañaga), Hariak (Yoseba Peña) eta Hitzen ahairea (Gotzon Barandiaran), eta salmentekin ere gustura zegoen Lopez, «idazle denek izan baitute beren publikoa». Eta pozik ere mahai atzeko giroarekin. «Badugu Bihotz handiegia izeneko liburu bat, eta egunotan komentatu dugu bihotz handiegia idazleek dutena dela, halako egunetan egiten duten lanagatik; giro horrekin geratzen gara».

Ereinen erakusmahaian agerikoa zen zein lan izan diren arrakastatsuenetako batzuk. Egunero sortu dira jende ilara luzeak Toti Martinez de Lezearen sinadura bat lortzeko, eta haren Malkoak lur antzuan nahiz Nur bildumako liburuak egon dira gehien salduen artean, Idoia Gonzalez argitaletxeko kideak baieztatu zuenez. Martinez de Lezearen lanez gain, Alaine Agirreren Kamisoi zuri zetazkoa, Pako Aristiren Rosa itzuli da eta Jon Arretxeren Ez erran deus nabarmendu zituen, eta azokaren balorazio oso positiboa egin.

Elkarreko Olatz Osa ere pozik zegoen jendearen harrerarekin; agian iaz baino jende gehiago zebilen sentsazioa zuen. «Jendeak erantzun du, eta esker oneko gaude guztiz, behar dugulako horrelako bultzada bat, bost egunetatik harago urte guztian euskal kultura zentralitatera eramateko ahalegin horretan». Elkarren ere ez zen nobedaderik falta, eta, beste erakusmahaietan bezala, horiek eskatu zituen jendeak gehien. Helduen literaturan, Amek ez dute (Katixa Agirre) eta Gure oroitzapenak (Joseba Sarrionandiaren poema musikatuak); gazte literaturan, Jasone Osororen Eskularru Beltzak bildumako liburuak; eta, haurrentzako lanetan, Poza (Uxue Alberdi-Eider Eibar) nabarmendu zituen Osak.

Musikariak eta zaleak

Musikari dagokionez ere, lanik berrienek erakarri zuten jende gehien. Elkarren, esaterako, Gure oroitzapenak disko-liburuaz gain, kutxa batean bilduta plazaratu berri duten Mikel Laboaren lanen bilduma saldu zen gehien. Ruper Ordorikaren Bakarka lan berriak izaniko harrera ona ere nabarmendu zuen Anjel Valdesek, Elkarreko musika ataleko arduradunak. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren erakusmahaiaren beste aldetik, azoka ongi joan dela zioen Jose Felix Azkarate Xarra-k. Lurpekariak eta Broken Brothers Brass Band taldeen lan berriak eta singleen sailekoak eskatu dizkiete gehien, baina baita katalogoko lanak ere. «Jendeak, normalean, badaki zer atera berri den, eta horren bila dator; beste batzuk, berriz, katalogotik pixka bat pikatzera ere etortzen dira». Jazzak azokan bere publikoa ere baduela gehitu zuen, Errabal Jazz zigiluko lanen harrera aipatuta.

Bidehutsen mahaira ere, batez ere, nobedade bila joan zen jendea. Nabarmendu zuten Lisaboren eta Joseba Irazokiren lanek «oso harrera ona» izan dutela. Baga-Bigako Ritxi Aizpuruk, berriz, adierazi zuen Aneguria rap kantariaren, Modus Operandi taldearen eta Txapelpunken lan berriak asko mugitu direla, baina, batez ere, Hesian taldearen Hasiera diskoa nabarmendu zuen, bai ale asko saldu dituztelako, bai zaleen eta taldekideen arteko harremanagatik. Ilara luzeak sortu dira egunotan haien sinadura bat edo argazki bat lortzeko, eta azken urteotako joera hori positibotzat du Aizpuruk, zaleen eta sortzaileen arteko harremanaren erakusle ere badelako. «Zu babesten zaituen jendeari maitasuna bueltatzeko modu bat da».

Musikariak erakusmahaiaren beste aldean ikustea ohikoa da Musikazuzenean atariaren mahaian. 50 lan jarri ditu aurten eskuragarri, asko talde hasi berrienak, eta denak aurten plazaratutakoak, autoekoitziak edo zigilu txikien bidez. «Guk, gure txikitasunean, zubi lana egiten dugu talde horiek leku bat izan dezaten azokan», azaldu zuen Koldo Otamendik. Alde horretatik, taldeetako kideak bertan egoteak ere laguntzen du horiek ezagutarazten, Otamendiren ustez, jendea haiengana hurbiltzen delako.

Hainbat talderen lanak biltzen ditu Erraia kolektiboaren mahaiak ere, eta azokan lehen aldia du aurtengoa. Haiek ere balorazio ona egiten dute jendearen harrerarekin. Izaki Gardenak taldearen Dena oskol lan berria eskatu diete gehien, eta izan dute hartu-emanik jendearekin; zaleek Erraiaren berri bazutela jabetu dira.

Zaleekin harreman hori izatea da Willis Drummond taldekoek azokatik gehien estimatzen dutena; horregatik izan dira egunero beren erakusmahaiaren beste aldean. Zuzeneko lan berria ekarri dute plazara, eta pozik dira izan duen harrerarekin, baina, nabarmendu zutenez, batez ere zaleak aurrez aurre ezagutzeko aukera hori da gehien eskertzen dutena. Azken urteotan gero eta gehiago dira azokan mahai propioa jartzen duten taldeak, eta sumatzen da haiengana zale ugari hurbiltzen dela; bai lanak erostera, bai taldekideekin iritziak azaltzera edo sinadurak nahiz argazkiak eskatzera. Berri Txarrak, Gatibu, Izaro eta beste dira horren adibide.

Gerediaga ere, «oso pozik»

Behin-behineko balorazio batean, aurten azokak emandakoarekin «oso pozik» agertu zen atzo Gerediaga elkartea, azokaren antolatzailea. «Gure aurreikuspenak bete eta gainditu direla iruditzen zaigu». Egunero bisitari asko izan dela, eta lehen egunean milaka ikaslek tailerretan parte hartu zutela nabarmendu zuten elkartetik, «estrategikotzat» dutena transmisiorako. Adierazi zuten beste egunetan ere Landako eta beste guneak beteta egon direla eta oso giro ona igarri dutela, eta erakusmahaietatik ere balorazio onak jaso dituztela oraingoz.

«Uste dugu aurtengo azokan oso gogoeta mamitsuak egin direla, eta kulturaren plaza etorkizunari begira jarri dela», gaineratu zuten, Sormen beka horren adibidetzat jarrita.

[youtube]https://youtu.be/sgGo5C6wOzg[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.