Literatura

Hamaika Jose Bajoren istorio

Espainiatik Euskal Herrira lanera etorritakoen bizipenak kontatu zituen lehen lanetako bat izan zen Raul Guerra Garridoren 'Cacereño'. Aurten beteko dira 50 urte argitaratu zenetik.

Raul Guerra Garrido idazlea. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Miren Garate.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Korronte baten azken liburuetako bat. Hala definitu du Felipe Juaristik Raul Guerra Garridoren (Madril, 1935) Cacereño nobela. Errealismo sozialaren azken aleetako bat, alegia. Espainiatik Euskal Herrira lanera etorritakoen bizipenen lekukotza. «Extremaduratik-eta etorritako jendeari aipatzen diezu liburua, eta denek ezagutzen dute. Esaten dizute: 'hori nire istorioa da'». Aurten beteko dira 50 urte argitaratu zenetik, eta, aitzakia hori hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egingo dio idazleari martxoaren 27an.

Jose Bajo da Cacereño-ko protagonista nagusia. Extremaduratik (Espainia) Alemaniara joan nahi du, beste herrikide askok bezala, baina ez du paperik, eta, Hendaiara iritsitakoan, Gipuzkoara joateko aholkatzen dio batek, han beti egoten delako lana. Lanean hasi ostean, baserritar baten alabarekin maitemintzen da, baina haren gurasoek ez dute alaba Bajorekin ezkontzerik nahi, cacereñoa delako. Kanpotik etorritakoak aipatzeko erabiltzen zen termino hori, modu peioratiboan. Langile horiek bizi zuten bazterketa sozial eta ekonomikoa, fabriketako garai hartako giroa eta halakoak ageri dira nobelan. Azkenean, baserriko alabarekin ezkontzen da Bajo, eta pasarteetako batean emozionatu egiten da bien alabak euskaraz hitz egiten dionean.

«Emigrazio istorio bat da, eta integratzeko borroka kontatzen du. Fikzioa da, pertsonaia horiek ez zirelako existitu, baina pertsonaiek erabiltzen duten hizkera, deskribatzen dituen giroa, tokiak, enpresak eta abar oso errealistak dira», dio Juaristik. Esate baterako, Eibain herria agertzen da, Eibarren eta Andoainen arteko nahasketa izan daitekeena; Urraenea auzoa ere bai, Donostiako orduko Roteta, Altza edo Intxaurrondo auzoetako kutsua duena;eta Lizarraga enpresaburua ere sortzen du, gerora beste nobela batzuetan ere erabiliko duena.

Guerra Garridok berak ere antzeko zerbait bizi izan zuela kontatu du Juaristik. Izan ere, Madrilen jaio zen, eta Farmazia ikasketak egin ostean, Gipuzkoara etorri zen bizitzera, eta euskaldun batekin ezkondu. Hain zuzen, Espainiatik Euskal Herrira lanera etorritakoen egoera landu zuen lehen idazleetako bat izan zen. «Aurretik, El Intruso idatzi zuen Blasco Ibañezek, baina Bizkaiko meategietara joandakoen kasua kontatzen du; Katalunian ere atera zuten libururen bat, baina, nik dakidala behintzat, ez dira askoz gehiago izan». Gerora Jon Maiak idatzitako Riomundo liburua ere aipatu du. «Integrazioari buruz idazten duen bakarrenetakoa da, baina fikzioa baino gehiago, autobiografia da».

Omenaldi liburua ere bai

50. urteurrenaz baliatuz, Cacereño euskarara itzultzeko asmoa duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Juaristiri eman dio itzulpen hori egiteko enkargua. Aurretik, ordea, edizio kritiko bat egin behar du Fernando Larraz Alcala de Henaresko Unibertsitateko irakasleak, Guerra Garridoren laguntzarekin. Besteak beste, nobelari buruzko azalpenak eta zentsurak jatorrizko bertsiotik kendutako zatiak sartuko dituzte ale horretan. Era berean, Cacereño-ri buruzko dokumental bat prestatzen ari da Euskal Telebista, eta nobelan agertzen diren leku nagusien errepasoa egingo du, kulturgintzan eta literaturan aritzen diren pertsona batzuekin batera.

Ez da hor amaitzen Guerra Garrido omentzeko jardueren zerrenda, hil honetan bertan argitaratuko baitute idazlea omentzeko liburua. Idazleak berak, Cacereño-k edo garai haiek zer ekartzen dioten gogora kontatuko dute zenbait idazlek. Euskaraz idatziko dute Lourdes Oñederrak, Arantxa Urretabizkaiak, Anjel Lertxundik, Ramon Saizarbitoriak, Felipe Juaristik eta Aritz Gorrotxategik; gaztelaniaz, berriz, Luisa Etxenikek, Edurne Portelak, Jon Juaristik, Santiago Aizarnak eta Fernando Aranburuk.

Ramon Etxezarretak egin ditu koordinatzaile lanak. «Nolabaiteko aldekotasuna izan zezaketela iruditzen zitzaidan idazleengana jo dut, ez Guerra Garridorekiko aldekotasuna, baizik eta jasan zuen jazarpenarekiko elkartasun minimo bat adierazteko gaitasuna izan zezaketengana». Inork ez diola ezetz esan gaineratu du. Hasiera batean, manifestu bat egiteko eskatu zioten, ondoren sinadurak biltzeko. Alabaina, ikusi zuen liburuak «askoz libreago» jokatzeko aukera emango ziela idazleei. Guerra Garridoren istorioa eta biografia ikusita, Etxezarretari iruditu zitzaion euskarazko idazle batek baino gehiagok izan zezakeela zeresana, bakoitzak bere ñabardurekin. «Euskal munduak, oro har, harreman kritikoak eduki ditu Guerra Garridorekin, eduki dituenean, batzuetan harremanik ere ez duelako izan». Besteak beste, Ermuko Foroko kidea izan zen Guerra Garrido, eta hainbat urtetan bizi izan zen bizkartzainarekin. Donostiako Altza auzoan zuen botika ere erre zioten.

Etxezarretak azaldu du idazle bakoitzak ukitu «oso pertsonala» eman diola testuari. «Hizkuntzaren aldetik, euskaldunen eta etorkinen arteko harreman korapilatsu horretatik, geure kulturaren ikuspegitik eta abar hartu dute». Argazkien bidez bereiziko dira artikuluak. «Ahal dela paisaia humanoen argazkiak sartu nahi ditugu, egia izanik ere, indarkeria esplizituaren erretorika hori errazegia izan daitekeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.