Literatura

Maitasunaz nola (ez) idatzi

'Maitasunezko istorio irandar bat zentsuratzen' nobelaren bidez, Shahriar Mandanipour idazleak kontatzen du zer ondorio dituen zentsurak Irango literatura garaikidean.

Zenbait gazte Teheranen, Liburuaren Nazioarteko Azokako erakusmahaietan dauden liburu batzuei begira. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Idazteko orduan, irandar idazlea istorio beraren bi bertsio pentsatzera behartuta dago: istorioa den bezala diseinatzen du lehenik, eta zentsore ofizialaren esku hartzetik libratuko den bertsioa jorratzen du ondoren. Azken hori da Kultura eta Orientazio Islamikorako Ministeriora bidaliko duen kopia. Hortik aurrera, idazleak itxaron besterik ezin du egin. Egunak, asteak, hilabeteak edo urteak igaro daitezke zentsore ofizialaren epaiaren berri jaso baino lehen, eta epai horrek istorioaren behin betiko heriotza zein egun, aste, hilabete edo urteak beharko dituzten aldaketak ekar ditzake.

Idazle ofizioa odisea hutsa da Iranen, baina bidaia horretan idazlea ez dago bakarrik. Shahriar Mandanipourren (Shiraz, Iran, 1957) Maitasunezko istorio irandar bat zentsuratzen (2009) nobelan agertzen den bezala, idazlearen eta zentsorearen arteko harremana sakona da, eta harreman horrek eragin nabarmena du sormen prozesuan. Nobelako hari nagusian, Mandanipour izeneko idazleak, egilearen beraren alter ego-ak, Sara eta Dara izeneko bi irandar gazteren arteko maitasun istorioa idazteari ekiten dio. Sormen prozesuan eztabaida sutsuak izango ditu zentsore ofizialarekin, edukiaren zein erabilitako hizkuntzaren gainean. Dostoievskiren Krimena eta zigorra nobelan Raskolnikoven atzetik dabilen detektibea gogoan, idazleak Porfiri Petrovitx izenarekin aurkezten duen zentsorearen aburuz, Mandanipourrek tentuz ibili behar du irakurleak berotu, balio islamiarrak kaltetu, nazio segurtasuna kolokan jarri edo iraultza susta dezaketen esaldi zein ideiekin; hots, maitasunean gehiegi sakondu gabe kontatu behar du berez maitasunari buruzkoa den istorioa.

Bigarren plano batean, Sara eta Dararen arteko harremana azaltzen da, Mandanipourrek idatzi bezala. Dara zinema ikasle izan zen garai batean, eta kartzelan pare bat aldiz egon da, ekintza subertsiboetan parte hartzeagatik; Sara, berriz, literatura ikasten ari da Teherango unibertsitatean. Lehen aldiz topo egiten dutenean, liburutegi batean, Sara Sadek Hedayat idazlearen Hontza itsua nobela debekatuaren bila dabil, eta Darak, txerpolari plantak eginez, kopia bat lortzen dio merkatu beltzean. Nobela irakurtzen ari dela, Sara ohartzen da testua more koloreko puntuz beterik dagoela; Darak mezu bat utzi dio. Hortik aurrera, denetariko testuak erabilita, elkarri mezuak bidaliko dizkiote Teherango unibertsitatean biek parte hartuko duten protestan beren arteko harremana sendotzea erabakitzen duten arte.

Elkarrekin egoten lagunduko dien eta polizia moralaren susmoak piztuko ez dituen estrategiak asmatzeari ekingo diote. Kalean ibiltzea ez da gauza erraza, eta bata bestearen etxera bisitan joatea ere pentsaezina da. Nora jo, orduan? Bere pertsonaien gogoetetan parte hartzea gustuko du Mandanipourrek, eta azaltzen duipuinetako batean bikote protagonista hilerri batean elkartzen dela azkenean. «Garai hartan, polizia moralaren irudimena ez zen gai asmatzeko neska batek eta mutil batek hildako ama baten hilerria aukera zezaketela bekatuan erortzeko». Hilerrira beharrean, ospitaleko larrialdetarako gelara joko dute Darak eta Sarak inoren arreta ez erakartzeko.

Pertsonaien erabakiek sistemari aurre egiteko moduak adieraz baditzakete ere, bestelakoa da testuak berak azaltzen duen errealitatea. Azken horrek zentsuraren aztarna nabarmentzen du: esaldi osoak daude zirriborratuta, zentsoreari edukia politikoegia edo erotikoegia iruditu zaion seinale. Esaterako, pasarte bat honela hasten da: «Sara irandar literatura ikasten dabil Teherango unibertsitatean». Baina hurrengo esaldiazirriborratuta dago: «Hala ere, idatzita ez dagoen lege bati jarraituz, Irango eskola eta unibertsitateetan debekaturik dago irandar literatura garaikidea irakastea». Beste pasarte batean, Sara eguzkitako betaurrekoak erostera doa, eta saltzaileak hau esaten dio: «Zer pena begi eder horiek eta aurpegi erakargarri hori betaurrekoen atzean ezkutaturik egotea». «Eta aurpegi erakargarri hori» zirriborratuta agertzen da.

Zentsorea egilekide

Idazleak barre egiten du zentsuraren harira. Subkontzienteki Iranek «Roland Barthesen egilearen heriotza teoria» praktikara eraman duela esaten du, eta idazleen gaineko kontrola tortura politikoarekin eta desagerpenekin lotzen du: «Kultura eta Orientazio Islamikorako Ministeriotik igarotzen direnean, istorio asko zauritu egiten dira; gorputz adarren bat galtzen dute, edo heriotza zigorra jasotzen dute». Haren argudioa da Iranen ezin dela idatzi maitasunezko istorio moderno bat, ez bakarrik jasoko duen zentsuragatik, baizik eta zentsuraren ideiak jadanik literatur baliabideak kutsatu dituelako. Irakurleari agian ezaguna egingo zaio Sararen eta Dararen istorioaren oinarrian dagoen Khosrow eta Shirin XII. mendeko poema. Amodiozko poesia sufian ohikoa den bezala, emakumezko gorputza altzifre batekin konparatzen da bertan, begiak gazela baten begiekin, bularrak granadekin. Apaingarri figuratibo horiek autozentsura ereduak direla dio Mandanipourrek, poetak ezin diolako zuzenean heldu desira sexualari. Era berean, Sararen eta Dararen istorioa klixez eta eufemismoz beterik dago, zuzeneko hizkuntza erotikoa ezin delako erabili Irango literatura garaikidean.

Paradoxikoki, Mandanipourren eta Petrovitxen harremanaren bidez Maitasunezko istorio irandar bat zentsuratzen nobelak azaltzen duen bezala, zentsuraren eraginez idazleak behartuta daude idazketa teknika berriak bilatzera, eta, prozesu horretan, zentsorea gogoz kontrako egilekide bihurtzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.