Musika

Bill Fay, heldutasunari atxikitako sosegua

Musikatik desagertuta hamarkadak igaro ondoren, musikari ingelesa indarberritua itzuli da XXI. mendearekin. Countless Branches azkeneko zortzi urteetan argitaratu duen hirugarren diskoak inoiz baino zirraragarriago aurkezten du.

Bill Fayk hiru disko kaleratu ditu azken zortzi urteotan.
Bill Fayk hiru disko kaleratu ditu azken zortzi urteotan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2020ko martxoak 22

Ezin esan haren historia bakana denik; izan, izan baitira 1960ko hamarkadaren amaieran lan pare bat argitaratu ostean desagertu eta handik urte askora itzuli diren musikariak, Vashti Bunyan, kasurako. Baina Bill Fayren (Londres, 1943) adibidea berezia da ezinbestean, hainbat zale amorratuk —Wilco eta REM taldeko kideek, Marc Almondek...— akuilatuta itzuli baitzen amaitu berri den hamarkada honen hasieran, eta ordudanik hiru disko azpimarragarri kaleratu baititu, zein baino zein ederragoak. Horietako azkena da Countless Branches (2020): ahotsarekin, pianoarekin, gitarrarekin eta elementu gehigarri gutxienekin Fayren talentua lehen planoan jartzen duen lan minimalista bezain hunkigarria.

 

Hona iristeko bidea, baina, ez da erraza izan musikari ingelesarentzat. 1967an, bere lehen singlea argitaratu zuen Deram zigiluaren bitartez, hasierako Bob Dylanen eta Nick Drakeren folk intimista ukitu progresiboekin gurutzatzen zituena (Some Good Advice / Screams in the Ears), eta gerora iritsi ziren bi disko luze ere, Bill Fay (1970) eta Time of The Last Persecution (1971), garai hartako kezka eta interesak biltzen zituztenak. Abestu zion gerra nuklear bati zion beldurrari, amets egin zuen landare bilakatzearekin (Garden song), eta aurre egin zion zibilizazioa hartzen ari zen bideari. Lan haiek, baina, ez ziren nahikoa saldu, eta Deramek —ordurako pop eta folk progresiboaren etxe zena— zalantza handirik gabe eten zuen musikariarekin sinatua zuen kontratua.

Bere kantuak entzungo zituen inor ez izanda, lorezain eta muntatze kate batean egin zuen lan Fayk. Ez zion utzi, ordea, kantuak idazteari eta grabatzeari, 2005ean adierazi zuenez: «Segitu nuen idazten eta grabatzen, baina diskoetxerik gabe, inork ez ninduen-eta nahi». Hain zuzen ere, 1978. eta 1981. urteen artean Bill Fay Group izenarekin grabatu zuen kantu bilduma 2005ean argitaratu zuten: Tomorrow, Tomorrow and Tomorrow. Lan horretan, eta soinu gorabeherekin bazen ere, agerian gelditzen zen rock progresiboak Fayrengan izandako eragina.

Erreskatatua

Bill Fayren musika ibilbideak azkeneko hamarkadan hartu du bultzada, baina horren aurretik, 1998an, bere lehen bi diskoak berrargitaratu zituzten, eta hori bera akuilu izan zen musikariarentzat, 2012an onartu zuenez: «Egun batean, lorezain lanetan nengoela, nire kantu batzuk entzun nituen kasete batean, eta pentsatu nuen nahiko onak zirela. 'Beharbada, egunen batean, baten batek entzungo ditu', esan nion neure buruari. Arratsalde hartan bertan, musika kazetari batek deitu zidan esateko nire aurreneko bi diskoak berrargitaratuko zituztela. Harrigarria zen, ez bainuen halakorik inoiz espero izango».

Fayk, baina, bazituen jarraitzaileak musikari gazteagoen artean, eta XXI. mendeko lehen hamarkadan zenbait talde eta bakarlari hasi ziren haren kantuen bertsioak egiten. Horien artean ezagunena, zalantzarik gabe, Wilco izango da. Jeff Tweedyren taldea Fayren Be Not So Fearful kantua hasi zen jotzen zuzenekoetan, eta abesti bera grabatu zuten John Howardek (2008) eta Ed Harcourtek (2011) handik gutxira. Gerora, Jim O'Rourkek eta Glenn Kotchek, Okkervil Riverrek, The War on Drugsek, A.C, Newmanek (The New Pornographers) eta Marc Almondek jo dute, besteak beste, Fayren kantutegira.

Egindakoaren errekonozimendua izanda, Dead Oceans diskoetxearen babesarekin eta hainbat musikarik hauspotuta, Fayk 2012an argitaratu zuen Life is People, 40 urteko etenaldi diskografikoa hautsi zuen lana. Lan hartan, Fay heldu bat ageri zen, pianoari lehentasuna eman bai baina musikari ugariz inguratzen zena. Pieza soil eta intimistek osatzen dute diskoa, baina badira bertan kantu alai, elektriko eta ia euforikoak ere (This World), eta baita Wilcoren bertsio biluzi eta hunkigarri bat ere (Jesus, Etc).

Who is The Sender-en (2015), bide beretik segitu zuen Fayk, baina lehen diskoa tarteka zipriztintzen zuten pasarte elektrikorik apenas ageri den bertan. Hain zuzen ere, aurreko bi diskoetan garatutakoaren nolabaiteko destilaziotzat har daiteke Countless Branches, musikari ingelesak urte honen hasieran kaleratu duen diskoa.

In Human Hands kantuarekin hasten den momentutik, Countless Branches-ek Fay intimo eta barnerakoiena aurkezten du, askotan pianoz edo gitarraz lagundua, baina bateria kolpe leun batzuek eta biolin eta biolontxelo zertzeladek ere janzten dituzte zenbait pieza.

Hamar kantu labur dira guztira —oso gutxik gainditzen dituzte hiru minutuak—, Fayren ahotsa lehen planoan jartzen dutenak. Ez da zaila ahots horretan denboraren eta adinaren arrastoak antzematea —76 urte ditu kantariak—, baina horrek berak ematen die Time's Going Somewhere, Love Will Remain eta Salt of The Earth-i, esaterako, sosegu berezi bat, gazte baten ahotsean transmititzeko zaila izango zen lasaitasun bat.

Disko bikain honen osagarri, Fayk beste lan bat gehitu dio deluxe argitalpenean. Hor, hainbat bonus track-ez gain, bere bigarren diskoan azaldu zen kantu baten zuzeneko bertsioa bildu du (Don't Let My Marigolds Die), baita diskoko hainbat kanturen gainean talde formatuan egindako moldaketak ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Haurrak eta hezitzaile bat Baztango haur eskolan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Haur eskolak talde iraunkorrekin abiatuko dira Nafarroan

Olatz Esteban Ezkati

Lau egoera posible irudikatu ditu Hezkuntza Sailak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste. Jantoki zerbitzua bermatuko dutela esan du gobernuak

Pentsiodunek agerraldia egin zuten, atzo, Justizia jauregiaren aurrean, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txostena aurkeztuko diote fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalarekin, pandemiako testigantzak biltzen dituen txostena emateko

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Mikel Lizarralde

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna