Epidemia musikara ekarri zuen gizona

Duela 50 urte hil zen, Cambridgen, Roberto Gerhard, musika klasikoak Katalunian inoiz eman duen konpositorerik onena. Askoz ere leku handiagoa merezi du oraindik kontzertu aretoetako programazioetan.

Musikologian ezaguna da Roberto Gerhard konpositore kataluniarraren izena, baina gutxi programatzen da. BERRIA.
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ez dago zalantzarik musikologoen artean Roberto Gerharden katalogoa (Valls, Katalunia, 1896 - Cambridge, Ingalaterra, 1970) kalitate gorenekoa dela aitortzeko orduan, batik bat teknikaren ikuspegitik: ofizioa nabari da haren obra guztietan, edozein delarik ere haien estiloa eta etapa artistikoa. Baina haren musikak harrera oso eskasa izan du orain arte gure auditoriumetan, arrazoi politikoak eta estetikoak tarteko; batzuk zein besteak neurri bertsuan, seguru asko, kontuan hartuta hil zenetik urte dezente igaro direla.

Gerhard Generalitateko Gobernuaren musika aholkularia izan zen 1931 eta 1939 artean. Francoren tropak Bartzelonara sartu zirenean, erbestea beste aukerarik ez zuen izan, eta Ingalaterran kokatu zen betiko. Britainiar nazionalitatea ere eskuratu zuen 1960an. Informazio horrek pertsonaiaren lehen erretratua egiten du: intelektual errepublikazalea, nazionalista leiala, eta demokrata sinetsia. Gehiegi, inondik ere, faxismoaren zentsoreentzat.

Bigarren erretratua koloretsuagoa da, eta inguru germaniarretik dator. 1923an, Gerhardek Arnold Schoenbergen klaseetara joatea erabaki zuen, aurrena Vienan eta geroago Berlinen, bere belaunaldiko kideengandik zeharo bereiziz. Pirinioetatik beherako konpositoreak Parisen trebatzen ziren gehienetan, ez Europa erdialdean. Han musika klasikoaren bertsiorik gordinena ari zen sortzen urte horietan: dodekafonismoa. Gehiegi, hau ere, publiko zabalarentzat.

Bi argazkiok elkarren ondoan jarrita, ez da kostako ulertzea Gerhard zergatik ez zen inoiz iritsi ohiko errepertorioaren parte izatera: haren musika zaila zen, eta haren itzala, luzeegia. Gaur egun, Britainiarrek estimatzen dute gehien: euren egileen zerrendetan sailkatzen dute aspalditik, batere arazorik gabe. Katalunian, ostera, ez da ekitaldi handirik espero aurten haren omenez; dirudienez, nahiago izan dute 2021era arte itxaron, eta bere jaiotzaren 125. urteurrena ospatu.

Gerharden obrak

Gerharden produkzioa bi multzo handitan sailka daiteke: 1930eko eta 1940ko hamarkadei dagokiena, batetik, unibertso katalanarekin lotura estuagoa duena, eta, bestetik, 1950eko eta 1960ko hamarkaden barruan sartzen dena, abstrakzio zorrotzeko lengoaiak gobernatutakoa. Musika horren guztiaren bilakaeran, Europan XX. mendean gurutzatzen diren bi korronte sendo igar daitezke: batetik, eskola nazionalen bigarren olatua (Leos Janacek, Zoltan Kodaly), eta, bestetik, dodekafonismoa eta abangoardia.

Lehen multzoan aipa daitezke 6 cançons populars catalanes (1929), L'alta naixença del rei en Jaume (1932), Ariel (1934), Albada, interludi i dansa (1937), Don Quixote (1940), Pedrelliana (1941) eta Pandora (1944), besteak beste. Gerhardek dotoretasun handiz janzten ditu tradiziotik edaten duten partitura horiek, baina, aldi berean, eremu moderno eta ezezagun batera eramaten du entzulea. Bartzelonan garai horretan usaintzen den musika giro kontserbadorean, nekez topa daiteke bere mailara iristen den inor.

Bigarren multzoan sartuko lirateke 1. hari kuartetoa (1950), Piano eta harietarako kontzertua (1951), 1. sinfonia (1952), Klabe, harizko orkestra eta perkusiorako kontzertua (1955), Nonetoa (1956), 2. sinfonia (1957), 3. sinfonia (1960), 2. hari kuartetoa (1962), Orkestrarako kontzertua (1965), Gemini (1966), 4. sinfonia (1967), Libra (1968) eta Leo (1969). Bigarren multzo horretan, bere potentzialtasun osoan loratzen da1920ko hamarkadan Schoenbergekin ikasitako hizkuntza, askoren harrigarri.

Azken urte horietan, 1950 eta 1970 artean, Gerhard BBC kateari lotua ageri zaigu: korporazio erraldoiaren orkestra sinfonikoa baita, hain zuzen ere, obra ugari enkargatzen eta estreinatzen dizkiona, eta instituzio horrekin lan egingo du erregulartasunez. Musika elektronikoarekin izango dituen lehen esperientzietan ere BBC erabakigarria izango da, puntako tresneria jarriko baitu bere esku. 1940ko hamarkadaren hasieran elkarren artean izandako zenbait errezelo atzean utzita, sinergia erabatekoa da hortik aurrera.

Izurria

1963 eta 1964 bitartean, etaBBCren enkarguz, Gerhardek kantata bat konposatu zuen Albert Camusen Izurria eleberria abiapuntutzat hartuta. Orango (Aljeria) herri kutsatua koru mistoa da partituran, eta, hartaz gain, narratzaile bat eta orkestra sinfoniko handi bat ageri dira. Camusen testuan bezala, hemen ere lanak balio sinbolikoa du, zentzu orokorrago batean: eleberrian, naziak eta Vichyko gobernua zeuden jomugan, eta kantatak giza kondizioaren inguruko oihua plazaratu nahi zuen.

Bachen Pasioak gustuko dituen irakurleak gozatu ahal izango du, ziurrenik, obra handi honekin, azken finean, pasio laiko bat legez ulertu daitekeelako: Izurria. Lengoaia aldetik, ordea, musika seriala da: ertzez beteriko paisaia lakarra topatuko du entzuleak haren noten artean, 1960ko hamarkadan idazten ari ziren partituren arrastoan. Burura datorren lehen konpositorea Arnold Schoenberg bera da, baina badira beste batzuk ere: Edgar Varese, Karl Amadeus Hartmann eta Luigi Dallapicolla.

BBCko Orkestra eta Koru Sinfonikoak 1964an estreinatu zuen Izurria, Londresen, Antal Doratiren batutapean. Hamar urte geroago, 1974an, zuzendari berakgrabatu egin zuen obra lehen aldiz, Amerikako Estatu Batuetan, eta, ordutik, tantaka ikusi ahal izan da han eta hemen. Madrilen, Teatro Realen, bertsio eszenifikatu bat programatuta zegoen 2018-2019 denboraldirako —Juanjo Mena euskal zuzendariaren debuta izan behar zuen operak antzoki horretan—, baina bertan behera geratu zen azkenean.

LAN HAUTATUA

Gerhard, Roberto: 'The Plague'. Michael Lonsdale, BBC Symphony Chorus, JONDE. Zuzendaria: Edmon Colomer. Auvidis Montaigne MO 782101 (1996).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.