Desordena eta alaitasuna

Belle & Sebastian taldeak 'A Bit Of Previous' diskoaren saio berberetan grabatutako abestiekin osatu du estudioko hamabigarren lana: 'Late Developers'.

2021. urtean grabatu zituen taldeak Late Developers osatzen duten kantuak. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ezustean iritsi da Belle & Sebastian talde eskoziarraren azkeneko diskoa: Late Developers. Lehenengo singlea argitaratzearekin batera (I Don't Know What You See In Me), astelehenean bertan iragarri zuten Stuart Murdoch eta lagunek lan berriaren etorrera. Eta kontuan izanda zortzi hilabete besterik ez dela igaro A Bit of Previous azken-aurreko lana atera zutenetik, ezustea handiagoa izan da.

Izan ere, bi diskoak saio berberetan grabatu zituzten, 2021ean, Glasgown. Koronabirusaren ondorioz, Los Angelesen (AEB) grabatzeko asmoak baztertuta, taldeak bere entsegu lokala bilakatu zuen estudio, eta han grabatu zituzten 30 bat kantu: «Taldekideei esan nien: 'Izan daitezela bi LP! Eman diezaiogun diskoetxeari nahi duena, eta gorde dezagun bigarrena sekretu gisa», eman du azalpena Murdochek.

Saio berberetan grabatuak egon arren, aurreko lanekoekin alderatuta, Late Developers-eko kantuek beste tonu bat daukate, «alaiagoa», taldeko liderrak adierazi duenez: «Lehenengo diskoarekin, saiatu ginen narratiba bat eraikitzen, eta, alde horretatik, orekatuagoa da. Bigarren diskoa, berriz, lan dibertigarriagoa da, eta baita desordenatuagoa ere».

Desordena hori diskoak biltzen duen doinu paleta askotarikoan islatzen da, Belle & Sebastianek inoiz grabatu duen diskorik irekiena izan baitaiteke Late Developers. The Shins pop taldearen ahaireak antzeman ahal zaizkio Juliet Naked-i; Belle & Sebastian jostalarienak dakartza Give a Little Time biziak, malenkonia kutsua dario erritmo kutxez hornitutako When We Were Very Young-i, eta 1970eko soul-funk ukituak dituzte The Evening Star eta When You're Not With Me-k. Gainera, taldearen lehenengo diskoa (Tigermilk, 1996) grabatu aurreko kantu bat (When The Cynics Stare Back From The Wall) berreskutatu dute —lehenengo disko hartan joan zitekeena—.

Taldearen zaleak harritzeko gaitasunik handiena duen kantua, ordea, I Don't Know What You See in Mee singlea da, zeinetan pop elektroniko dantzagarri eta komertzialera egiten duen salto Belle & Sebastianek. Kantu hori Pete Ferguson musikari eta ekoizlearekin konposatu du Murdochek. «Diskoan sartzeko nahiko indar zuela iruditu zitzaigun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.