Basamortuko olatuak

Kem Nunn idazle eta gidoilaria jotzen da 'surf noir' generoaren aitzindaritzat, eta 'Tapping Source' haren eleberria, olatuak eta ustelkeria lotzen dituen ildoaren lehen adierazpidetzat.

Kem Nunn idazle estatubatuarra. ASTEROIDE ARGITALETXEA.
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Sinesgaitza izanagatik, bada literatur genero beltzaren azpigenero bat, zeinak surfa eta krimena lotzen dituen. Giro hedonista eta eguzkitsuetan gertatu ohi diren noir edo thriller estiloko kontakizunok kutsu estatubatuar nabarmena erakusten dute, Pazifikoak blaitutako AEBetako mendebaldeko itsasaldean gertatzen diren istorioak baitira; Kaliforniako kostaldean, alegia, eta gehienetan 1980ko urteetan kokatuak. Don Winslow idazle arrakastatsua da surf noir edo surf crime delakoaren ordezkari nagusietako bat. Halere, olatuak eta ustelkeria uztartzen dituen proposamen bitxi horren aitzindaria, «surf noir-aren aitabitxia», Kem Nunn idazle eta gidoilaria da (Pomona, Kalifornia, 1948).

Nunnek izkiriatutako Tapping Source (1984), The Dogs of Winter (1997) eta Tijuana Straits (2004) surflari gaizkilez jositako narratibaren hiru klasiko dira. Ohiko klixeekin jositako surf istorio gatzgabeetatik guztiz aldentzen den trilogia osatzen dute, luma zorrotzaz, pertsonaia sendoz eta argumentu-ildo tirabiratsuz baliatuta. Hirukote horretako lehen alea, Tapping Source, zeina noir surfzalearen lehen adierazpidetzat jotzen den, Libros del Asteroide argitaletxeak plazaratu berri du gaztelaniaz, Huntington Beach izenburupean.

Nunnen estreinako lana National Book Award sariko finalista izan zen, eta zinemagintzarekin lotutako legenda gordetzen du: Kathryn Bigelow zinemagileak 1991n filmatutako Point Break kultuzko filma Tapping Source eleberrian oinarrituta dagoela esan izan da. Patrick Swayze eta Keanu Reeves aktoreek antzeztua, 1990eko hamarkadan emakume batek zuzendutako ekintzazko film bakanetako bat da, eta kultuzko izaera atxiki zaio bertan jasotako irudi ikusgarrien ondorioz; tartean, olatu erraldoietan filmatutako ekintzazko eszenak, zeintzuk surflari profesionalekin filmatu ziren. Haatik, kondaira hori behin eta berriz gaitzetsi du idazleak: «Nire buruan dagoen lotura bakarra da tipo bat dagoela surf munduan sartu nahian, zerbait ikertzeko asmoz. Ez dut uste hori baino konexio handiagorik dagoenik liburuaren eta pelikularen artean, baina etengabe aipatzen dute».

Kem Nunn nobelagile eta gidoilaria Kaliforniako Pomona hirian jaio zen, 1948an. 20 urte pasatxo zituela, idazketa ikasi zuen Irvine hiriko University of California zentroan. Sasoi horretan, Herman Mellville, Mark Twain, Hemmingway, Fitzgerald eta Faulkner erruz irakurri zituen. Horrekin batera, nobela garaikide asko irentsi zituen, besteak beste, Robert Stonek idatzitako Dog Soldiers (1974). Gerora, Stone funtsezkoa bilakatu zen Nunnen ibilbidean, berari esker lortu baitzuen Tapping Source argitaratzea. «Gogor aritu nintzen liburua amaitzeko asmoz, eta eskuizkribua amaitzea lortu nuen Bob agertu zenean», azaldu zuen 2020an egindako elkarrizketa batean —autoreari egindako oso elkarrizketa gutxi daude, esan izan duenez, «ahal den heinean [elkarrizketak] saihesten» saiatzen baita—. Stoneren iritziz, «garai guztietako surf eleberri onena da... Chandler eta James Crumley onenen ligan dago [Tapping Source]».

Surfaren eta delitugintzaren inguruko trilogia amaitu zuenean, 2004an idatzitako The Dogs of Winter nobelarekin batera, HBO plataformako Deadwood telesailean hasi zen gidoilari Nunn. Harrezkeroztik, hainbat telesailetan egin du lan, besteak beste, Sons of Anarchy-n, zeinak legez kanpo aritzen den motorzaleen klub baten bizitza kontatzen duen; motorrak eta surfa, hain justu, bi jardun iraunkor dira Tapping Source liburuan. Izan ere, kontakizunaren protagonista nagusia Kaliforniako desertuko herrixka batean bizi den motozikleten mekanikari fina da, 18 urteko Ike Tucker gaztea.

Asfaltoa eta kresala

Camaro zuri batean datorren eta surflari itxura duen gazte baten bisita jasoko du Tuckerrek San Arco herrixkan: duela urte batzuk etxea utzi zuen arreba Ellen Mexikon desagertu dela jakinaraziko dio. Zorigaiztoko berriarekin batera, Tuckerri hiru izen biltzen dituen papertxo bat emango dio. Surflarien paradisu Huntington Beach hirian bizi dira hirurak. Arrebarekin izandako lotura hain da handia, Kaliforniako hondartza liluragarrietarako bidea hartuko baitu nebak, gibelean basamortuko hondarrezko ozeanoak utzita. Hirian, baina, eguzkipean sortu eta garatutako delituzko azpimundua ezagutuko du: droga-trafikatzaileak, porno domestikoa eta praktika okultistak.

Era berean, sasoiko tribuekin erlazionatuko da Ike gaztea, besteak beste, surflariekin, punk rockerrekin, motorzaleekin eta bikinia soinean dutela etenik gabeko festa bilatzen duten neska ederrekin, zeintzuk, Tuckerren antzera, beren jatorrizko herri-zuloak abandonatu dituzten ziutateko eguzkiak, hondartzek eta plazerak sorginduta. «Hiriaren makinaria ere berotzen hasia zen, abiadura handian mugitzen zen, boomer engranajea, haxixaren olioarekin eta kakaoaren gantzarekin koipeztatua, kokainari lotua, New Wave-ko ereserki batekin triki-traka egiten».

80ko urteetako giroa maisuki islatzen du Nunnek, kasik ukitu egin ahal diren metaforen bitartez. Irudi horietan, argia, eguzkiarena batez ere, eta itsasoaren indar geldiezina nabarmenak dira. Ozeanoaren presentziaren harira, surf eszenen deskripzioak itzelak dira, irakurleari sentiarazten baitio tutu batean dagoela, horma bat jaisten ari dela edo metro eta erdiko olatu baten pisuaren azpian dagoela. «Ezaugarri zikliko bat zegoen guztian, argiaren jolasean, olatuen mugimenduan. Momentu aparta izan zen, eta bat-batean sentitu zuen guztiari konektatua zegoela, horren parte zela era organikoren batean».

Kontakizuna, halaber, iniziatikoa da, Ikek narrazioan zehar biziko duen eraldaketa nabarmena baita; besteak beste, naturaren gozamena dastatuko du surfaren bidez, baina gaiztakeriaren itzalak ere harrapatuko du, harrapakarien eta biktimen mundu ilunaren bitartez. Bidean, gehiegikeria eta sexua ere ezagutuko ditu: sekulako zartakoa hareaz betetako etxola batetik datorren trauskil gazte batentzat. «Nire pertsonaiak sarritan isolamendu egoera batetik abiatzen dira», iritzi izan dio Nunnek.

Horiek horrela, genero beltza gainditzen duen lana da Tapping Source. Hori dela eta, Graham Greenek kasik 50 urte lehenago plazaratutako eta orriotara ekarritako Brighton Rock eleberriarekin alderatu daiteke, zeina, beltza izanagatik, Brighton hiriko udatiarrez gainezka dauden hondartzetan gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.