Ezin berezi izateari utzi

Mimi Parkerrek eta Alan Sparhawkek bikotean grabatu dute Low taldearen 'Hey What' disko berria. Aurreko lanean irekitako bidetik segi dute, abstrakzioan murgilduta, baina gozoago.

Mimi Parker eta Alan Sparhawk, Low taldeko kideak. NATHAN KEAY.
Andoni Imaz.
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun

Low taldeak, soinu bereizgarri eta aldi berean aldakor bat sortzeko bidean, ezohiko disko bat argitaratu zuen orain dela hiru urte: Double Negative. Entzuleek eta kritikariek berehala sumatu zuten jauzi bat, soinuaren bilaketa koxka bat muturrerago eraman zutelako, haien doinuen edertasuna zarata basati baten azpian gordeaz bezala. Minnesotako Duluth hiriko taldeak (AEB) hamahirugarren disko luzea atera berri du orain, eta aurreko lanaren jarraipen gisa har liteke, ez soilik kideek azaldu dutelako aurreko diskotik kanpo utzi zituzten kantu batzuk biribiltzea lortu dutela, baizik eta orduko giro abstraktua moldatzen segi dutelako, emaitza argitsuago batekin: Hey What (Sub Pop).

Mimi Parker eta Alan Sparhawk bikoteak konpainiarik gabe grabatu du Hey What. BJ Burton ekoizlea izan dute lagun, aurreko bi diskoetan bezala, baina Steve Garrington baxu jotzaileak taldea utzi du; laugarren baxu jotzailea zen, eta hamahiru urtez jo du Lown. Sparhawken gitarra, Parkerren perkusioak, eta batez ere bien ahotsak izan dira diskoaren lehengaiak.

Gauza jakina zen taldea elementu gutxirekin obra handiak egiteko gai dela; oraingoan ere, distortsioa bera beste tresna bat da ia. «It isn't something you can choose between» (Ez da aukera dezakezun zerbait), abesten dute biek Days Like These lehen singlean, lehenengo zatia garbi eta bigarrena distortsionatuta. Argia eta iluna nahastu egiten dituzte.

[youtube]https://youtu.be/d8QiSZRX8dA[/youtube]

Lowren musikaren ezaugarriak hor daude: ahotsen harmonia, erritmo geldoak, minimalismoa, irauten duen giro bat, hitzen errepikapenak, pasarte instrumental hipnotikoak... White Horses abestiarekin abiatu dute diskoa: interferentzia itxurako zaratekin hasten eta amaitzen da, eta bi ahotsetara kantatutako zati bat dauka erdian. Abiapuntutik ezarri dute giroa, baita seinale batzuk eman ere: apenas aditzen den perkusiorik disko osoan. Hitzak irmoak dira, I Can Wait bigarren kantukoak bezala: «I'm afraid/ A mistake has been made/ There's a price to be paid» (Beldur naiz/ Akats bat egin da/ Ordaindu beharreko prezio bat dago). Otoitz tanketako kantaerak bat egiten du taldeak berezkoa duen kutsu mistikoarekin.

Aurreko diskoan ez bezala, honetan ahotsa gailendu egiten da. «Double Negative-n ahotsak zaratan hondoratuta edo oso prozesatuta zeuden. Esperimentatu egin genuen batzuetan gertu suma zitezen eta besteetan zailagoa izan zedin entzutea. Oraingoan, arrazoiren batengatik, ahotsa zentrala da, eta erraz jasotzen da», azaldu du Sparhawkek Rockdelux aldizkarian egindako elkarrizketa batean.

Egorik gabe

Diskoko hamar kantuen artean, Hey da luzeena: zazpi minutu baino gehiago irauten du. Ahotsek koru baten antza hartzen dute dream-pop pasarte luze batean. Lowren musika denboratik eta garaitik kanpo dagoela eman lezakeen arren, Days Like These abestian gaur egungo munduari buruz hitz egin dute: «Everybody just chased by dreams/ That's why we're living in days like these again» (Ametsak denei segika dabiltza/ Horregatik bizi gara berriro honelako egunetan). Bi kantu labur daude diskoan, bi minutu eskasekoak: There's a Comma After Still abesti instrumental trinkoa, eta More pieza bizi eta zuzena.

[youtube]https://youtu.be/DfQQvHvIPHI[/youtube]

Taldea sortu zutenetik ia hiru hamarkada igaro dira, eta Parkerrek eta Sparhawkek jarraitzen dute soinu berriak urratzen, molde berrien bila. Parkerrek azaldu du zein den gakoa: «Egoa musikatik kanpo uzten saiatu gara beti. Hitzak subkontzientetik datoz, isuri egingo balira bezala. Azken finean, gure musika espirituala izatea eta entzulea eramatea nahi dugu. Transmititzeko... ziur ez dakidan zerbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.