Literatura

Zaharraren eta berriaren arteko lehia

Doris Lessingen 'The Golden Notebook' nobela apurtzailea izan zen, hainbat gai lehenago ez bezala landu zituelako, amatasunaren eta bizitza erotikoaren arteko gatazka, tartean.

Doris Lessing idazlea, Literaturako Nobel saria jasoko zuela jakin berritan, Londresko bere etxeko atarian, 2007ko irudi batean. LEFTERIS PITARAKIS / AP.
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Senarrarengandik banandu eta garai batean sutsu defendatu zuen alderdi komunistarekin itxaropena galdu ostean, emakume aske bat izatearen aukera eta arriskuei aurre egitea egokitu zaio Anna Wulf idazleari. Londres iparraldeko bere apartamentuan, bere bizitzaren gorabehera guztiak koaderno batean jasotzeari ekiten dio. Pentsatzerik ez dagoena hausnartzen du, esaterik ez dagoena esaten du; den-dena idatziz jartzen du, inolako beldurrik gabe. Kolore ezberdineko lau koaderno betetzen ditu horrela: beltzean, II. Mundu Gerraren aurretik eta ostean Hego Rhodesian —oraingo Zimbabwe—, jaioterri duen horretan bizitako eta bere nobelarik arrakastatsuenak inspiratu zituzten gertakariak deskribatzen ditu; gorrian, alderdi komunistako kide izatearen ingurukoak; horian, idazten ari den eta gaizki bukatzen den harreman erromantikoa oinarri duen nobelari buruzkoak jasotzen ditu; eta, urdinean, bere oroitzapenak, ametsak, eta bizitza emozionalaren gainekoak islatzen ditu. Haren asmoa da lau koadernoetan idatzitakoa urre koloreko bosgarren batean biltzea.

Doris Lessingen (Kermanshah, Iran, 1919 - Londres, Ingalaterra, 2013) The Golden Notebooknobela (1962, Urre koloreko koadernoa) apurtzailea izan zen bere garaian, ordura arte ez bezala aztertu zituelako amatasunaren eta bizitza erotikoaren arteko gatazka alde batetik, eta amatasunaren eta bizitza profesionalaren artekoa bestetik. Liburuaren gai nagusia emakumeak gizartean duen rola da, baina bestelako gaiak ere jorratzen ditu, hala nola alderdi bati edo bere herrialdeari batek erakusten dion konpromisoaren kostua, bakardadea, adiskidetasuna, eta besteekiko zein norbere buruarekiko traizioa. Hitzaurrean, Lessingek esaten du nobelako gairik garrantzitsuena zatiketa dela, bai subjektuarena—Annak jasaten duen nerbio krisia bere bizitzaren zatiketaren adierazle da, lau koadernoek azaltzen duten bezala—, baita gizartearena berarena ere, eredu zaharrak erabat gainditu ezin, eta eredu berriak ezartzeko ahaleginaren arteko borroka dela eta.

Apurtzailea bai, baina kritika dezente ere jaso zuen The Golden Notebook-ek. Batzuentzat feminismoaren biblia bihurtu zen bezala, beste batzuek kargu hartu zioten liburuko zenbait adierazpenengatik. Gaur egungo ikuspegitik irakurrita, ezin da ukatu liburua kontraesanetan erortzen dela, Lessingek aipaturiko gizarte zatiketaren erakusgarri argi. Emakume askea den aldetik, Anna Wulf protagonistak bere garaiko hainbat topikorekin hausten duen arren, justu kontrakoa adierazten duen jarrera azaltzen du hainbatetan. Koadernoetako batean esaten du «emakume orok barru-barruan daki[ela] gizon batek ez baduela asetzen beste batengana joateko eskubidea duela. Horixe da bere lehendabiziko pentsamendua eta bulkada, berdin du geroago penak edo egoerak bultzatuta pentsamendu hori berau nola egokituko duen». Hala ere, bera uztera doan gizonarentzat kozinatzen aurkitzen dugu handik gutxira. Xehetasun handiz deskribatzen du prestatzen ari den jaki bakoitza, gizonak dastatuko ez dituen jakiak, ez baitu duintasunik hitzordura azaltzeko. Nobela osoan, emakumeek orduak igarotzen dituzte sukaldean, haienganako begirunezko keinurik azaltzen ez duten gizonentzako kozinatzen edo tea prestatzen.

Askatzailea izan zen The Golden Notebook, zalantzarik gabe, geroxeago emakumeei zuzenduriko aldizkarietan ere agertuko ziren gaiei zuzenean eta inolako disimulurik gabe heldu zielako. James Joycek sabelustea literatur gai bihurtu zuen bezala, Lessingek beste horrenbeste egin zuen hilerokoarekin. Hala ere, hilerokoaren normalizazioa aldarrikatu arren, nobelak ez ditu erabat baztertzen hari loturiko zenbait aurreiritzi: hilerokoa duen egunetan bere gorputzari darion usainarekiko Annak azaltzen duen kezka neurrigabea da.

«Benetako gizonak»

Emakumeen orgasmoa da Lessingen liburuak heltzen dion beste gai interesgarrietako bat. Haren gainean hitz eginda zeuden Freud eta britainiarren sexu bizitza aztergai zuen 1948ko Kinsey txostena, baina ez emakumeen ikuspuntutik. Kasu honetan ere, The Golden Notebook-ek adierazpen apurtzaileak kontserbadoreagoekin tartekatzen ditu. Annak zalantzan jartzen du emakume batek gizon batekin sexu harremanak izan eta goza ditzakeela hura maite ez badu, edo klitori orgasmoa baginako orgasmoa baino hobea izan daitekeela —ezezkoan dago bera—, eta erabat ziur dago emakume batek benetako gizon baten beharra duela. Annaren ustez, gizon ingeles gehienak ez dira benetako gizonak; emazteekin zakarrak eta plazera emateko ezgai dira, berekoiak eta seme-alabeekin arduragabeak dira, eta, aukera izanez gero, idazkari gazte batekin ezkonduko lirateke. Eta benetakoak diren gizon gutxi horiek ez dira leialak.

Gizonei buruz ematen duen irudiagatik nobela zikiratzailea izatea leporatu zion kritikari batek baino gehiagok, batik bat ezohikoa zelako liburu batek gizonak gizonezkoen beraien ikuspuntuarekin bat ez zetorren ikuspuntu gordin batetik azaltzea. Dena den, benetako gizona leloak badu aintzat hartu beharreko ukitu homofobo bat. Ingalaterra «mutikoak eta homosexualak eta... erdi-homosexualak diren gizonez» beteriko herrialde baten gisan deskribatzen du Annak, eta bere maizter Ivor eta haren bikotekide Ronnie «beldurrak jotako gizonak» direla esaten du, orduko iritzi homofoboak bere eginez. Garai hartan bi gizonen arteko harremana legez kanpokoa izateak Ivor eta Ronnieren jokabidean eragina izan dezakeela aitortzen duen arren, Annak gaitzetsi egiten du bien artekoa, ez datorrelako bat benetako gizontasuna-ri buruz duen ideiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.