ERRENTAREN KULTURAN, KULTURA ERRENTAN

Desindustrializazio osteko hiriak birdefinizio fase etengabean daude. Hiria bera marka bihurtzea aukeratu dute askok. Hirigintza politika kapital pribatuaren logikara makurtzeraino. Herritarrak beren auzotik egozteraino. Beharrezkoa izan dutenean, kultura erabiliz horretarako.

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2018ko urriak 21
Donostiako Udalaren Turismo Sailaren webgunean, duela urtebete, galdera hau irakur zitekeen: «Egia, Donostiako Sohoa?». Bilbo Zaharrari askoz lehenagotik deitu zion Bilboko Udalaren Bilbao aldizkariak Bilboko Soho, inongo Soho bihurtzea onuragarritzat joz. Eta bai, New Yorkeko Sohon komunitate distiratsua sortu zuten duela mende erdi hango loft-etan ezarri ziren artistek; degradatuta zegoen auzoaren itxuraldaketa eragin zuten; baina mirari hark bere ifrentzua izan zuen: higiezinen arloko inbertsore pribatuek pagotxa ikusi zuten, eta bertako biztanleek ordaindu ezineko prezio gorakada eragin. Auzotarrak —maila ekonomiko apalenekoak, babesgabeenak— egotzi zituen distira hark. Baita artistetako asko ere.

Ordutik, arte munduaren eta gentrifikazio prozesuen arteko harremanen paradigma gisa ikertu eta azaldu izan da Soho, ez New Yorkeko, ez Donostiako, ez Bilboko turismo foiletoetan ageri ez den arren. «Hainbat hedabide Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalari Bilboko Soho berria deitzen hasi zirenean, guk gogoan geneukan New Yorkeko Soho auzoaren gentrifikazio prozesua, eta ezeroso sentitzen hasi ginen horrekin. Bilbo Zaharrean, artea eta kultura auzoaren estetizazio eta amabilizazio planen menpe agertzen dira beti», dio Oihane Sanchez Duro artistak. This is Not a SoHo kolektiboko kidea da. Duela urtebete sortu zuten arte munduarekin lotura duten hainbat pertsonak. Haietako bakarra bizi da Bilbo Zaharrean, baina denek dituzte hor beren sareak, beka egitarauak dituzten guneak, erakusketa aretoak, topaketak... Hainbat bilera egin dituzte auzotarrekin, egoerari buruz gogoeta egiteko. «Auzoan arazo sozial nabarmenak daude, aizu. Bilerez gain, mahai inguru bat egin genuen maiatzean. Denok ikusten genuen auzoari cool itxura eman nahi zaiola, baina ez genuen aurkitu horri denon artean erantzuteko giltza». Arte arlotik ere heldu izan diote gaiari, erantsi duenez, «hedabideetako hirien eta auzoen itxuraldaketari buruzko mezuetan ezkutatzen den fikzioari eta artifizioari buruzko gogoeta sustatzeko».

Mezuak bakarrik ez, dirua ere banatu dute erakunde publikoek Bilbo Zaharrean artista komunitate bat ezar dadin, eta horrek egiten du desberdin New Yorkeko Sohotik, «han diru pribatuarekin gauzatu baitzen gentrifikazioa, eta Bilbon diru publikoarekin», Lorenzo Vicario soziologoaren hitzetan. Bilboko Udalaren 2005eko Bilbo Zaharra, San Francisco eta Zabalarako Plan Berezia du gogoan. Plan hartan, hitzez hitz, gaur egun sortzaileena deitu ohi zaion «aisialdi-arte-kultura-moda-teknologia sektorearekin» zerikusia zuten enpresa egitasmoak, «turistak eta bisitariak» eta «eremua soziologikoki biziberrituko duten pertsonak» auzora erakartzeko beharra nabarmentzen zen. «Gazteak, artistak eta bohemioak». Eta sortzaile eta berritzaileon proiektuak diruz lagundu zituzten.

Halaxe azaldu zuen Vicariok politika horren funtsa La cuestión del centro, el centro de la cuestión lanean (Erdigunearen auzia, auziaren erdigunea, 2009): «Badirudi etortzear daudenen beharrei eta lehentasunei erantzuteko egina dagoela gehiago estrategia, dagoeneko badauden —eta sortzaileen klasekoak ez diren eta sekula izango ez diren— horienei erantzuteko baino». Auzoak eraldatzeko, birsortzeko, askotarikoago egiteko.

Lugorria

Halako prozesuetan artistek, kultur munduak, jokatzen duten rola, oraindik ere, eztabaida iturri da. «Gentrifikazioaren aitzindaritzat jo izan dituzte. Zenbaitetan, biktima ere badira; baina beti ez dira inuzente hutsak. Eremu bat erabat gentrifikatu bitartean ari ohi dira artistak, eta bitartean horrek lugorria esan nahi du. Artistak dira lugorri hori beste inork okupa ez dezan hirigintza arduradunek darabilten tresna. ZWAP dugu horren adibide garbi bat, Zorrotzaurren», adierazi dio Vicariok egunkari honi.

Zorrotzaurre Art Work in Progressek (ZAWP) bere webgunean bertan esplizitatzen du, «Zorrotzaurre eta Deustuko Erribera auzoan, hirigintza prozesuaren bitarteari [sic] aurre egiteko» sortua dela. «Kultura eta sormenaren aldetik, mugimenduan dagoen auzoaren egoeran mugitzen gara». Bilbo Zaharreko eraberritze planetan Sortzaileak sailkapenean ageri ziren diziplinek dute tokia gune horretan. «Hirigintza prozesua gauzatu bitartean ekintza artistiko politak egiten dituzten orube horietan, gero, unibertsitate pribatuak ezarriko dituzte», Vicarioren arabera. Eta hori da benetako helburua, erantsi duenez: «Hirigintza publikoarekin ekimen pribatua sustatzea, kultura trantsiziorako eta zuriketarako erabiliz». Desindustrializazio fasea gainditu nahi duten hirien artean gero eta hedatuago dagoen hiri eredu neoliberalaz ari da. Kapitalarentzako etekin eremuak irabazteaz. «Eta eskema beti da bera. Hiria enpresa eta salgai bihurtu da; eta enpresa horrek marketin sistemak eta erosleak ditu».

Bilbo hiria eta Guggenheim efektua deitu ohi zaion eraldaketa sozioekonomikoa dira horren eredu garbia. «Oraintxe bertan, Mendebaldeko hiri handi eta ertain gehienetan, aldi berean, artearen eta artisten bitartez auzoei kutsu bohemioa ematen ari dira, turistak erakartzeko; eta espektakuluaren arkitektura ere erakargarri moduan erabiltzen ari dira», Unai Fernandez de Betoño Aldiri arkitektura aldizkariaren zuzendariaren esanetan.

Arkitekto batzuk «zuzenean» sartu dira eraldaketarako ikurrak sortzeko prozesuan, Ula Iruretagoienaren esanetan, eta Frank Gehry da horren adierazle. «Arkitektoak ez gara batere kritikoak. Gai estetikoetan zentratzen gara. Unibertsitatean oso ezerosoa da arkitektura eta politika elkarrekin lantzea. Apolitikoa izan nahi da, hori ezinezkoa den arren». Unibertsitatean egiten du lana Iruretagoienak, EHUko Arkitektura Sailean. Baita Fernandez de Betoñok ere. Azken horrek erantsi duenez, eraikin berriak ez dira gentrifikaziorako ikur arkitektoniko bakarrak: «Beste asko bezala, Gasteizko Alde Zaharra ia-ia gauza arkitektoniko hutsa balitz bezala —bertan jenderik biziko ez balitz bezala— tratatzen ari dira. Horrekin ez dut esan nahi zaharberritzea gaizki dagoenik, gure ondarea ondo zainduta eduki behar dugulako, baina katedral zaharra apaintzeko lanekin gentrifikazio prozesu bat hasi zen. Eraikinaren inguruko etxeak desjabetzeko mehatxua ekarri zuen».

Zer kultura?

«Zein da kultura beti ahotan duten politikarien kultur proiektua, baina?», galdetu du Iruretagoienak. Atzo bertan itxi zuen Donostiako Tabakaleran Hiria eta bestelako politikak. Boterearen formak eta geografia jardunaldien aurtengo edizioa. 2013an sortu zen egitasmo hori, abiapuntu honekin: «Gune publikoek jasan duten eta hirigintzaren praktika gidatu duen merkantilizazio prozesua aitortzea; baita propaganda kapitalista fordistan arkitektoak jokatu duen aliatu rola ere. Komunaren eraikuntzaren zentzu galera eta subjektu politikoaren desaktibatzea izan dira horren ondorioak». Hiria kritikatzen ari dira proiektu horretan, bai, «baina Donostiako aldaketa urbanistiko potenteenetako baten bihotzean egonda, Tabakaleran», Iruretagoienak berak azpimarratu duenez. «Horrek sortzen dituen kontraesanei buruz aritu nahi dugu. Tabakaleran bitartekaritza lantalde bat ere badute, gainera, eta ikastetxeekin, auzotarrekin eta immigranteekin lanean ari dira. Kontraesan horien jakitun direlako».

Donostiako Soho izan omen daitekeen Egia auzora begira dago Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. 2016an inauguratu zuten, Donostia Europako kultur hiriburu izan zen urtean. Egiatik begiratzen dio Tabakalerari Harkaitz Cano idazleak. Bertan bizi da 2000. urte hasieratik, eta auzoko giroa aldatzen ikusi du. «Duela hogei urte ez zen turista alerik heltzen hona, jakina. Erdigunetik gertu, baina pauso bat aparte, horrelako auzoak oso golosoak dira, bereziki distantziak hain minimoak diren hirietan. TAOari eta beste hainbat konturi erreparatzen badiegu, Egiari erdigunearen tratua ematen zaio jada udaletik. Nori otuko zitzaiokeen duela hamabost urte ekitaldi instituzional bat Egian egitea? Tabakalerako lanzadera behar horretarako». Le Bukowski tabernako —kultur aretoa ere bada— buru Josu Bukowskik ez du zalantzan jartzen kultura tresna politiko gisa erabiltzen denik, baina Egiaren kasuan ez du mamurik ikusten: «Ez ahaztu hau guztia fabrika erraldoi horrekin zer egin ez jakitetik datorrela. Eta kultura jostailu aparta da gabezia horiek estaltzeko».

Kulturaren eta turismoaren arteko identifikazio sistematikoari eta mugen lausotzeari «perbertso» deritzo Canok. «Musika eta zinema jaialdi handiak albo batera utzita, ez dut uste turistek Donostiak kulturalki zerbait esanguratsua emateko daukala sinesten dutenik... Ez dut uste soilik eta nagusiki kanpora begirako dinamika kulturalak sustatzeak zentzu handirik duenik: barrura begirako kultur sustapen bat egin beharko litzateke, batez ere. Hori ongi egiten bada, piztuko du kanpokoen interesa edo ez».

Bukowskik zehaztu du kulturak «sormena» behar duela eta kultur administrazioak «dirua». Eta ez du uste Tabakalerak aldaketa berezirik ekarri duenik auzoko giroan. Canoren aburuz, jada existitzen ziren erakunde eta egitasmoen «kultur kontenedore zentralizatu baten sinergiak» ekarri ditu eraikinak batez ere. Eta halako azpiegiturak biziak izan daitezen, donostiarren konplizitatea lortzeaz gain, euskal herritarrak erakartzea eta kanpoko turistengan interesa piztea behar da. «Baina zer proportziotan eta nola?». Ez dauka erantzunik, baina hausnartu beharreko kontuak direla uste du. Ez dauka zalantzarik kultura gentrifikaziorako tresna gisa erabiltzen ari direla Egian ere, «kafetegi diafano pare batekin eta hiruzpalau jatetxerekin» hori berdin-berdin lor daitekeen arren. «Eta zaude: oraindik iristear da AHTaren geltokia».

Bukowskik, aldiz, ez du «gentrifikazioaren ideia kosmopolita hori» ikusten auzoan. «Egian ez duzu ikusiko ez hotelik, ez frankizia ospetsurik; Inditex eta halakoek ibaiaren beste aldean jarraituko dute. Egiako frankiziak bankuak eta okindegiak dira, auzo arruntetan moduan».

Auzoak auzotarrek egiten dituzte, izan ere. Bilbo Zaharreko esperientziatik ikasitakoa gogoan, Oihane Sanchezek dio auzo elkarteak artisten komunitatea baino «modu eraginkorragoan» ari direla erantzuten gentrifikazio prozesuei. Gasteizko Alde Zaharreko auzo elkartearen lana nabarmendu du Fernandez de Betoño arkitektoak ere; eta, Gasteiztik irten gabe, Errekaleor auzokoen gentrifikazio ereduaren aurkako jarrera garbia. «Euskal Herrian gaztetxeen inguruan gai honi buruz sortu den mugimendu guztia oso potentea iruditzen zait. Ez dakit hedabide masiboetan halakoen berri ematen den, baina hori, egon, badago», erantsi du.

Atzo zortzi, hainbat kolektibok sortutako Piztu Bilbo, itzali MTV ekitaldiak antolatuta, Botxo Eguna ospatu zuten Bilbon, MTV-Europe sarien banaketa Barakaldoko BECera ekarri izanaren harira Bizkaiko hiriburuan aktibatu duten ekitaldi sortaren aurka. «Kultura globalizatu eta kontsumistaren sinbolo bikaina den MTV musika kate estatubatuarraren makroekitaldia» diru publikoarekin finantzatu izana eta erakunde publikoetatik bultzatzen den hiri eta kultur eredua salatu zituen plataformak apirilean, bere aurkezpen manifestuan.

Prekarizazioaz

«Kultur munduko jendearen lana erabili nahi bada, oraindik ere erabilgarria dela sinesten dutelako da». Ironiaz dio Harkaitz Canok. «Baina politikariei, orokorkeriaren arriskua nire gain hartuz diot, mainstream-aren barruan edo arrakastaren ataritxoan dagoen kultura interesatzen zaie gehien. Kulturaren industria publiko honekin, kultur mundu prekarizatuko hainbat jendek soldata bat lortu duela esan liteke». Baina hor ere badago desoreka handi bat, idazlearen hitzetan, euren kasa dabiltzan sortzaileen bizi baldintzak «oso eskasak» baitira. «Ohitu behar genuke gauza gutxiago eta hobeto pentsatuak eta hobeto ordainduak egitera. Eta baita sortzaileok egiten duguna oihartzunik gabekoa denean autokritika egitera ere».

Artisten «lan prekaritate handia» salatu du Sanchezek ere. Fernandez de Betoñok garbi dauka prekarizazio horren ondorio bat: «Prekario baldin bazaude, kritikarako askoz aukera gutxiago daukazu. Eta artistak eta kultur arloko langileak oso prekarizatuta daude, sistema honetako beste arloetakoak bezalaxe. AusArt EHUren arte aldizkariaren hurrengo alearen gaia da, esaterako, ea oraindik ere sistematik kanpoko arterik egiten ote den. Galdera horrek adierazten du zerbait, ez duzu uste?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna