Musika

Argitasunera irteteko bidea

Urte askotako lanean, askotariko bideak urratu ditu Bob Mould musikariak, baina hirukotean sentitzen da erosoen. Horrela argitaratu berri du 'Sunshine Rock' hamahirugarren diskoa.

Jason Narducy, Bob Mould eta Jon Wurster, Sunshine Rock diskoa aurkeztu berritan. BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Belaunaldi oso batentzat erreferentziazko bilakatu ziren bi taldetan aritu ostean, bakarkako ibilbide emankor jarraitua izan du Bob Mould (Malone, AEB, 1960) musikariak azken bi hamarkadetan. Husker Du eta Sugar taldeetako kideak hamahirugarren bakarkako lana argitaratu berri du: Sunshine Rock. Azken diskoetako gogoeta ilunak alde batera utzita, eguzki argitan osatu du lan berria, estilo ugari nahastuta hamabi kanta indartsutan. Alde askoko izaera musikala azaleratu da optimismoaren bilaketan.

Iluntasunetik zetorren musikaria, eta tonu horretan osatu zituen aurreko hiru diskoak: Silver Age (2012), Beauty & Ruin (2014) eta Patch the Sky (2016). Gurasoak hil zitzaizkion, bata besteagandik tarte gutxira, eta heriotzaren eta doluaren inguruan aritu zen azken bi lanetan. «Garai ilun bat izan nuen», esan zuen Mouldek berak 2016an argitaratu zuen diskoaren harira egindako elkarrizketa batean. «Oso bakartuta sentitzen nintzen. Sei hilabete eman nituen bizitzaren emoziotik kanpo, gelditu eta nire bizitzaren zentzuaz hausnartzeko».

Horrelakoa zen Patch the Sky, baina zorion hutsak hartu du Sunshine Rock-en. Diskoaren izen bereko abestiarekin abiatzen da lana: erritmo bizia jartzen du bateriak, Moulden berezko estiloa duen gitarra gehitzen zaio hari, eta baritono ahots bereziak borobiltzen du kanta, gorakada betean. Ez dago alde handirik diskoko gainontzeko kanten artean: What Do You Want Me to Do bigarren kantak ere —lehen biak izan dira diskoaren singleak— melodiari presentzia nabarmena ematen dio.

Hirukotearen neurrira

Orduerdiko lanean, Moulden rock oinarri zabalak aldaera asko hartzen ditu. Badute lekua pasarte gogorragoek (I Fought), baitakanta gogoetatsu eta lasaiagoek ere (The Final Years). Sunny Love Song kantaren hitzek balio dezakete diskoaren giro alaia biltzeko: «My troubles, they have ended/ My sorrows ended too/ I should write a sunny love song every day/ I will shine so bright on you so true (Amaitu dira nire arazoak, baita nire damuak ere, egunero idatzi beharko nuke kanta eguzkitsu bat, benetan egingo dizut argi)».

Amaiera aldera, bertsio batekin egiten du eztanda diskoak: 1960ko hamarkadako Shocking Blue rock psikodeliko talde nederlandarraren Send Me a Postcard kanta bere egiten du musikariak. Western Sunset abestia aukeratu du diskoa errematatzeko: koruz inguratuta, Sugar taldearen tankerako melodiek ixten dute Sunshine Rock.

Power trio baten neurrira egindako diskoa da: Mouldek Jason Narducy baxu jotzailea eta Jon Wurster bateria jotzailea izan ditu lagun. 2012ko Silver Age lanetik aurrera, elkarrekin aritu da hirukotea. Verbow taldea izan zuen Narducyk, eta Wursterrekin batera aritzen da zuzenekoetan ibilbide luzeko Superchunk taldean. The Mountain Goats taldean ere aritzen da Wurster.

Hiruko formatua du gustukoen Mouldek, Husker Du taldearen garaitik. 1979an sortu zen hura, eta hamar urte baino gutxiagoko ibilbidea izan zuen arren, arrasto nabarmena utzi du AEBetako hardcore-punk musikan. Taldearen aurreneko argitalpenek entzuleen zein kritikaren gogoak ase zituzten. Zen Arcade (1984) diskoak, ondoren egindakoekin batera, rock alternatiboaren oinarriak finkatzeko balio izan zuen. Pixkanaka, taldeak hardcore estetika alde batera utzi zuen, rock melodikoago baten aldeko apustua egiteko. Haien diskoak rock undergroundaren kultuko lanak dira zale askorentzat.

Bakarkako aro labur baten ostean, David Barbe baxu jotzailearekin eta Malcolm Travis bateria jotzailearekin elkartu, eta Sugar hirukotea sortu zuen Mouldek, 1992an. Bi lan luze eta EP bat argitaratu zituen taldeak. Hiru urte eskasean amaitu zen proiektua, ordea, eta, ordutik, bakarkako bideari gogor ekin zion musikariak. Hogei urtetik gorako ibilbidean, hamahiru lan luze egin ditu, rockarekin ez ezik, elektronikarekin ere jolastuz. Hamaika bide urratuta, argiranzko bidea hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.