Musika

Denboraren gainetik

Paul Webbek, Talk Talk taldeko kide eta Beth Gibbonsen kolaboratzaileak, iaz kaleratu zuen bere bakarkako lehen lana, Rustin Man goitizenarekin. 'Clockdust' du bigarren lana.

Rustin Manek urtebetean kaleratu duen bigarren lana da Clockdust. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bere lehenengo urratsak 1980ko hamarkadaren hasieran egin zituen arren, Paul Webben musika ibilbideari jarraitu nahi dionak hutsarte handiak aurkituko ditu. Talk Talk taldean baxua jo zuen hamarkada batez, baina, 1992an Mark Hollisek gidatzen zuen bandak agur esatea erabaki zuenetik, Webb fokuetatik kanpo gelditu zen. O.rang abangoardiako proiektu efimeroan parte hartu ondoren, 2002an itzuli zen, Rustin Man izen artistikoarekin eta Beth Gibbonsekin (Portishead) batera grabatutako Out of Season diskoarekin. Isiltasun ia erabatekoa ondoren, harik eta Drift Code bere bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zuen arte iaz. Musikari ingelesaren tempoak kontuan izanda, eman zezakeen lan hura puntuala izan zitekeela eta berriro desagertuko zela. Aitzitik, urtebete besterik ez dela igaro, Clockdust disko bikainarekin bueltatu da Webb; aurrekoan bezala, Rustin Man izen artistikoarekin.

«Denbora honetan guztian, ez dut disko bat grabatzeko helburua izan», zioen Webbek orain dela urtebete, Drift Code argitaratu zuenean. «Baina kantuak idazteari ere ez diot utzi. Hori egiten dut; kantuak sortu, aurretik ideia jakinik izan gabe. Gitarra jotzen hasi, ideia bat sortu, beste bat baztertu... eta bat-batean zati batzuk elkartu eta kantu baten antza duen zerbait daukazu esku artean». Hamazazpi urte behar izan zituen kantu bilduma bat diskora eramateko, eta hamabi hilabete bakarrik bigarren disko bat argitaratzeko. Izan ere, Drift Code ekarri zuten saio berberetan grabatu zituzten Clockdust-eko kantuak ere.

Nolanahi ere, disko berria ez da pieza solteen bilduma huts bat. Are gehiago, disko kontzeptual gisa ere har liteke, Webbek azaldu duenez. Diskoaren azalean Oskar Schlemmer diseinatzaile eta koreografoak 1922an Bauhaus arte eskolako Ballet triadikoa-rentzat eginiko jantziak erreproduzitu ditu, eta diskoko bederatzi piezek «musikal zahar baten giroa» ekartzen dute XXI. mendera.

Musikalki, lan sofistikatua, dotorea, iluna —baina ez zaila— eta malenkoniatsua da Clockdust. Robert Wyatten anaia gazteagoa ematen du zenbaitetan (Love Turns Her On, Old Flamingo), Tom Waitsen eremuetara gerturatzen da besteetan (Kinky Living), dub ukituz janzten du Night in Evening City, eta, hala ahots moldez nola musikalitatez, Peter Hammill ekartzen du gogora Man With a Remedy azken kantuan. Eta David Sylvianek Secrets of the Beehive eta Dead Bees on a Cake diskoetan landu zuen musikaren arrastoak ere aurkituko ditu batek edo bestek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.