Teknologia zaharren rocka

Maiatzerako iragarria zuen 'Van Weezer' lanaz gain, Weezer-ek beste disko bat iragarri du asteon: 'Ok Human', pianoan oinarritutako eta tonu orkestralez ondutako hamabi kantukoa.

Weezer izan zen Bilbao BBK Live jaialdiko kartelburua 2019an. Irudian, kontzertu hartako une bat. JAVIER ZORRILLA / EFE.
itziar ugarte irizar
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
W. Wezerren W. Hizkiaren goiko ertzetatik tira egin, bigarren marratxo bat erantsi, eta saguzar baten tankerako W bat sortu; horra Weezerren marka. Kontzertuetan atze pantailan hegan jartzen dituzten milaka uve bikoitzena. Baina marketako bat baino ez, ziurrenik azalekoena. Ez baititu alferrik kasik 30 urte bete taldeak, letra larriko rock alternatiboaren eta hura inguratzen duten power popean, pop rockean, pop punkean eta urrunagoko ildoetan murgil eginez. Jakinekoa zen urte berriarekin disko berria ekarriko zuela Rivers Cuomok gidatzen duen taldeak, baina ezusteko bat eman dute asteon: bat ez, bi disko kaleratuko dituzte 2021ean, eta horietan lehena, espero ez zena, aste honetan bertan jarriko dute eskuragai: Ok Human.

Sare sozialen bidez eman zuen berria asteartean: «All systems go. OK Human, the new album, lands on January 29th (Makina guztiak martxan. Ok Human, album berria, urtarrilaren 29an aterako da)». Eta berehala agertu zen iragarpena han-hemengo kultur orrietako titularretan. Xehetasun gehiago ere bai: pianoaren soinuan eta tonu orkestraletan oinarritutako diskoa izango da, eta soilik «teknologia analogikoak» erabili dituztela nabarmendu dute. «38 piezako orkestra bat barne; baina grabazio pistarik eta gitarra elektrikorik gabe». Egungo teknologiek musika hartu gabe zuten garaietara begira egindako disko bat dela diote, eta horri egiten dio keinu izenburuak ere.

Haren nolabaiteko «ifrentzu rockeroa» izango da, ordea, maiatzaren 7ko kaleratze data jarria duen Van Weezer —iaz hildako Eddie Van Halenen omenezkoa—. «Bi disko guztiz ezberdinak izango dira», Cuomoren hitzetan. «OK Human 1970eko urteetako album batean oinarrituta dago, [Harry Nilssonen] Nilsson Sings Newman-en. Melodia zoragarriak ditu, eta letra bitxiak oso». Jake Sinclairrek ekoitzi du diskoa —2016ko White Album-en egin zuten lan harekin—, eta osatuko duten hamabi kantuen zerrenda ere aurreratu du taldeak. Horietan lehena, All My Favorite Songs, entzungai da jada.

Los Angelesko (AEB) taldearen hamalaugarren diskoa izango da. 1994an debuteko lana eman zutenetik, musikaren industria ertz askotatik aldatu, eta haien diskoek ere denetariko harrerak izan dituzte. Estreinako diskoarekin—Blue Album ere deitu eta koloreen izendatzea hasi zuena— lortu zuen lehen arrakasta taldeak; bertakoak dira, kasurako, Say It Ain't So eta Buddy Holly. 1996ko Pinkerton-ek ez zuen hainbesteko oihartzuna izan, baina 2001eko Weezer (Green album)-ekin berriz piztu ziren zaleak, Hash Pipe eta Island In The Sund bezalako hit-ekin. Eta hurrengo lanekin ere gutxi-asko hala jarraitu du bidea egiten taldeak, bibak eta desengainuak tartekatuz. 2019ko Teal Album eta Black Album diskoekin gainera etorri zitzaizkien hainbat zale, bide komertzialago bat hartu izana leporatuz, eta Brian Bell gitarristak hala defendatu zuen eurena elkarrizketa batean. «Gure helburua hasieratik izan da komertzialak izatea; jendeak gure kantuak irratian entzutea. Horregatik, ez da egia ildo komertzialera jira bat eman dugunik, hori hasieratik izan baitugu. Gu ere denborekin mugituz goaz, eta erronka bota nahi diogu geure buruari, ez errepikatu».

Aurreko eragin askoren bilgune eta hurrengo talde berri askorengan eragin izan da Weezer. Haiek Pixies aldarrikatu izan dute maiz erreferentetzat, eta azkengabeak dira haien eragina aldarrikatu izan duten taldeak ere. Horien artean, gertuko bat, Berri Txarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.