Albistea entzun

Musika

Girlschool, bigarren lerroan duin

Girlschool taldeak Music Legends jaialdian jo zuen herenegun, Bilbon, eta rock gogorraren eremuan lau hamarkada baino gehiago iraun duen ibilbideari errepasoa egin zioten.
Girlschool taldeko Kim McAuliffe, herenegun, Bilbon.
Girlschool taldeko Kim McAuliffe, herenegun, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko ekainak 26 - Bilbo

Izenak berak argi uzten du hasiera-hasieratik: Bilboko BBK Music Legends jaialdiren berezitasuna da legendak programatzea, hots, Bilbora ibilbide luzeko eta eskarmentu handiko talde eta musikariak ekartzea, omenaldiaren eta nostalgiaren erdibidean, talentu berriak bilatzeko eginbeharra beste jaialdi batzuei utzita. Hala izan zen aurreko aldietan, eta hala izan da aurten ere: Status Quo, Hawkwind, Paul Carrack eta beste dinosauro batzuk aritu dira Bilbo Arena pabiloian. Eta, haiekin batera, Girlschool talde ingelesa, Euskal Herrian lehenengo aldiz jo zutenetik 41 urtera.

Taldea 1978an sortu zen, Londresen, Painted Ladies izenpean, laster Girlschool behin betiko izentzat hartu zuten arren, eta taldekideak lau neska gazte ziren: Kim McAuliffe eta Kelly Johnson ahots eta gitarretan, Enid Williams baxuan eta Denise Dufort baterian.

Urte haietan, punk rock eta new wave mugimenduen eztandari esker, askoz arruntago bilakatu zen emakumeek parte hartzea musika taldeetan, baina rock gogorraren esparrua artean ere oso maskulinoa zen, eta lau neskak osatutako hard rock talde bat ez zen batere ohikoa. Taldekideek inoiz azaldu dute emakumez osatutako taldea eratzea ez zela izan nahita egindako hautu bat, beharrak agindutakoa baizik: neskak izanik, gizonek ez zuten haiekin jo nahi izaten.

1979an Girlschool Motorheaden talde gonbidatua izan zenetik Overkill diskoaren promozio biran, bi taldeek harreman handia izan dute. Gauza askotan egiten zuten bat: diskoetxea (Bronze), ekoizlea (Vic Maile), parrandarako gogoa eta, batez ere, rock-and-rolla ulertzeko modua.

Izan ere, Girlschool askotan lotu dute Saxon, Def Leppard, Iron Maiden eta beste zenbait talde ekarri zituen New Wave of British Heavy Metal izeneko mugimenduarekin, baina hortik aldentzen ziren euren doinuei txertatzen zieten punk kutsuari esker, eta ezaugarri horretan ere badute antza Motorhead, Tank eta olatu hartako beste zenbait talderekin.

Kidetasun horren ondorioz, Girlschoolek eta Motorheadek disko bat egin zuten elkarrekin, 1981ean grabatutako St Valentine's Day Massacre EPa, eta Lemmy Kilmister hil aurretik egindako azken biran, Girlschool izan zen berriro Motorheaden talde gonbidatua.

Demolition (1980), Hit and Run (1981) eta Screaming Blue Murder (1982) dira taldearen disko klasikoak. Gero etorriko ziren AOR eta glam rockera hurbiltzeko ahaleginak inoiz iritsiko ez zen arrakasta baten bila, kideen joan-etorriak, talde ospetsuagoen itzalean egindako bira amaigabeak, eta Kelly Johnsonen heriotza 2007an. Denbora tarte horretan Girlschool beti egon dira bigarren lerroan, banda ezagunagoen emanaldietan hasierako taldea izatera kondenatuak, baina duintasunari eta zintzotasunari eutsi diote, eta horri esker irabazi dute zaleen estimua.

Herenegungo kontzertua horren adibidea izan zen. Oraindik ikusle gutxi zegoen taldekideak agertokira igo zirenean, eta bolumena nahikoa apala zen, batez ere Status Quok geroago izango zuen soinu indartsuarekin alderatuta, baina, hala ere, rock-and-roll grinatsuz beteriko emanaldia izan zen.

Sirena hotsak

Sirena hotsek Bilbo Arena betetzen zutela hasi zen kontzertua, eta, berehala, lehen diskoko Demolition Boys abestiari ekin zioten. Jarraian, taldearen abestirik ezagunenetako bat jo zuten: bigarren diskoa irekitzen zuen C'mon Let's Go astun eta erritmikoa.

Soinu nahasia gorabehera, taldeak errepasoa egin zion bere ibilbide luzeari, 1978ko lehen singlean agertutako Take It All Away abestitik azken diskoko Guilty As Sin eta Take It Like a Band kantetara. Tartean, aro guztietako kantuak jo zituzten, baina arreta berezia jarriz lehen diskoetakoei: Hit and Run, The Hunter eta beste.

Kim McAuliffe berbati eta ikusleekin komunikatzeko gogoz egon zen kontzertu osoan: gogora ekarri zuen Euskal Herrian hainbat aldiz jo dutela —lehena Anoetako kiroldegian, 1981eko azaroaren 29an—, Lemmy Kilmister oroitzeko hitz batzuk esan zituen, eta iragarri zuen abuztuan disko berria grabatuko dutela.

Kontzertua amaitzeko, bertsio pare bat egin zuten: Run with the Devil —kantu hori klasiko bat da Girlschoolen errepertorioan, baina, jatorrian, The Gun taldearena da— eta Motorheaden Bomber mitikoa. Eta, bukaeran, beste klasiko bat: Emergency. Punk giroetan, abesti hori ezaguna da Infa Riot taldeak egin zuen bertsioagatik, eta Euskal Herrian ere, MCDk bere erara moldatu zuen eta Violencia sin cuartel izenburua jarri zion, 1993an bertsioekin ondu zuten disko hartan.

Besterik ere egon da BBK Bilbao Music Legends aurtengo jaialdian: Anari, Maika Makovski, Status Quo eta Hawkwind ere aritu ziren ostiralean, eta dudarik gabe Status Quorena izan zen emanaldirik arrakastatsuena, jai giroko eta abesti klasikoz beteriko kontzertu batekin, duela hamar urte Azkena jaialdian eman zutenarekin antz handia izan zuena.

Atzo, berriz, Paul Carrack, Walter Trout, Shirley Davis & The Silverbacks eta Mikel Renteria & The Walk on Project Band aritu ziren jaialdian. Hasieran, Alan Parsons ere jotzekoa zen, baina joan den astean antolatzaileek iragarri zuten ez zela Bilbon izango, musikariaren osasun arazoak zirela eta. Haren ordez, Loquillo abeslari katalana etorri zen aurtengo jaialdiari amaiera ematera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.
Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...