Literatura 

Matematikako panpina hautsia

Joel Kupperman irratiko izar bilakatu zen 1940ko hamarkadan, matematika galderei erantzunez. Haren istorioa jaso du Michael Kupperman semeak 'All The Answers' eleberri grafikoan.

Joel Kupperman oso ezaguna bilakatu zen 1940ko eta 1950eko hamarkadetan, AEBetan. MICHAEL KUPPERMAN.
mikel lizarralde
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Dena pantailaren aurrean hasi zen. 2004. urteko Esker-emate Egunean, Michael Kupperman (AEB, 1966) aitaren ondoan eserita zegoen sofan, ama afaria prestatzen ari zen bitartean. Telebista piztu zuen, eta TCM katean Abbott eta Costelloren pelikula zahar bat ematen ari ziren. Keinua ere aldatu gabe, aitak bota zuen: «Horiek txakur bat oparitu zidaten. Terrier eskoziar beltz bat. Lassie deitu nion». Eta, berehala, Michaelen mundua erori egin zen; 38 urterekin, ez zekien ezer aitari buruz. Ez zekien deus haren haurtzaroaz eta gaztaroaz. Are gehiago, Joel Kupperman benetan zein zen ez zekien bakanetakoa zen haren semea. Eta ikertzea eta ikerketa dokumentatzea erabaki zuen.

Izan ere, semeari ezer esan ez zion arren, Joel Kupperman haur eta gazte ospetsua izan zen, une jakin batean iraganaz ahaztea erabaki zuen arte. Quiz Kids irratsaioko izarrik handiena bilakatu zen 1940ko hamarkadan, irratia AEBetako gizartearen entretenimendu iturririk inportanteena zenean. 6 urterekin, 219ko adimen koefizientea eman zuen Stanford-Binet testean, eta 7rekin ariketa matematiko konplexuak ebazten zituen segundo gutxiren buruan, ez paperik, ez arkatzik erabili gabe. Ia ohartu gabe, Quiz Kidseko kide finko bilakatu zen, eta han jarraitu zuen —baita telebista saio bihurtu zenean ere— institutu garaian ere. Gizarte osoarentzat heroi bilakatuta. AEBetako gaztetxorik ezagunena bihurtuta. Halako batean, unibertsitatean sartzear zela eta lagunik ere ez zuela, zerbaitek bere barruan krak egin, eta iraganarekin hautsi eta alde egin zuen.

Telebista aurrean izandako elkarrizketa haren ondoren, Michaelek aita elkarrizketatzea erabaki zuen. Ordurako, Kupperman semea hasia zen komiki industriarako lanean, eta, artean ez bazekien ere, elkarrizketa haiek —eta batik bat argazki eta artxibo zaharretan arakatzen eginiko denborak— bidea emango zioten hamar urte geroago aitaren bizitza eleberri grafiko batean jasotzeko. Joan den urtean argitaratu zuen All The Answers (Erantzun guztiak) lana —aurten Niño prodigio izenburuarekin kaleratu du, gaztelaniaz, Blackie Books argitaletxeak—.

All The Answers Joel Kuppermanek haurtzaroan eta gaztaroan bizi izandakoaren kronika gisa irakur daiteke, baina hori baino gehiago ere bada. Alde batetik, Michaelek aitarekin izandako harremanaren isla ere badelako, baina, batik bat, egileak tarte zabala hartzen duelako azaltzeko zer izan zen eta zertarako erabili zuten Quiz Kids saioa Bigarren Mundu Gerraren aurreko eta ondorengo urteetan. Eta ondorioa gazi-gozoa da beste ezeren gainetik; gazia gozoa baino gehiago. «Quiz Kids kontrolatzen zutenek asmo ilun batzuk zituzten», esan zion aitak Michaeli elkarrizketa horietako batean: «Nik uste dut jator agertuko zen haur judu bat behar zutela». Antisemitismoa AEBetan zabaltzen ari zen garaian eta Bigarren Mundu Gerra hasita zegoela, Louis G. Cowan ekoizle eta CBSkateko buruetako batek garbi izan zuen irratiak propagandarako tresna izan behar zuela. AEBek eredu izan behar baitzuten. «Arraza juduak bizirik irauteko borroka gisa ikusi zuen gerra», dio Michael Kuppermanek. Ondorioz, eta AEBak gerran sartu zirenetik bertatik, irratsaioa armadaren aldeko dirua biltzeko erabili zuen, eta, horren ondorioa izan zen, halaber, Joel Kupperman haur judua izar bilakaraztea. «Nire aita propaganda izan zen?», galdetzen du egileak liburuaren une batean. Eta segidan, erantzuna: «Orain uste dut baietz. Hala tokatu zitzaiolako edo halabeharrez, nire aita sinbolo bilakatu zen bere arraza dela eta».

Sinbolo bilakatuta, Kupperman gaztetxoak herrialdeko agintariak eta Hollywoodeko izarrak ezagutu zituen, eta hamaika aldiz azaldu zen telebistan, garaiko izarrekin —Bob Hope, Chico Marx, Bing Crosby—. Orson Wellesekin ere pasatu zuen tarte bat, eta, aktore eta zuzendariak magia trikimailu bat egin nahi izan zionean, Joelek berehala ikusi zuen amarrua. «Ikaragarria. Albert Einstein bezain zintzo eta gardena da», adierazi zuen Citizen Kane-ren egileak hartaz galdetu ziotenean.

Michaelek gaztetan bizi izan zuen bakardadearen isla ere bada All The Answers. Ez amak, ez aitak —historialaria bata, irakaslea bestea—, inork ez zion inoiz kasu handirik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.