KRITIKA. Musika

Olgetan

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Johannes Brahmsen 1. Serenata (op. 11).Lekua: Etb2n eta Euskadiko Orkestraren Youtube kanalean. Eguna: Ekainak 20.

Clara Schumannen gomendioz eta haren ordez, Johannes Brahms gazteak Detmoldeko gortean pasatu zituen 1857 eta 1860 bitarteko neguak. Han, piano klaseak eman zizkion, besteak beste, Leopold III printzearen alabari, eta emakumeen ahotsez osatutako abesbatza ere zuzendu zuen. 1856ko otsailean Robert Schumann bere burua Rhin ibaira botatzera eraman zuen sormenaren eta erotasunaren arteko harremanean pentsatzeko ez ezik, bere ikasketetan sakontzeko aukera ere izan zuen Brahmsek. Giro horretan idatzi zituen bere bi serenatak.

Lehen serenata (op. 11), bederatzi musikari bakarlariz osatutako taldearentzat idatzi zuen, hasiera batean, Brahmsek, baina hurrengo urtean orkestra osoarentzat moldatu zuen. Hannoverren eman zen lehen aldiz 1860an. Txukun aritu ziren Euskadiko Orkestrako tronpak lehen mugimendua irekitzen duen gaiaren aurkezpenean, kutsu herrikoia hedatuz. Bereziki eder agertu zen gaiaren errepikapena klarinete bakarlariaren fraseatze ederrean. Brahmsek zintzilik uzten zuen lehen allegro molto honen bukaera, flautak, klarineteek eta biolek sostengatzen duten akorde finean. Scherzoan ziurgabetasunaren eta argitasunaren arteko kontrastea nagusitzen da, Treviñok eite lasaiaz gidatu zuena.

Luis Camararen klarineteak eta Helene Billard-Alirolen flautak Adagioaren arima sublimatu egin zuten, eta Brahmsen eztizko melodiek norabide ona hartu zuten Treviñoren batutari esker. Bigarren minuetan ere espresibitatea ere bide onetik eraman zuen. Bosgarren mugimenduak Beethovenen sinfonien handitasunaren printzak zabaltzen ditu nonahi, Scherzo atletikoan eta baita Trioan ere. Lau tronpen presentzia ziurrak aurreko kontzertuetan antzeman ziren zalantzak ia ahantzarazi zituen. Energia mantenduz, azken rondo mugimenduaren gai nagusia orkestrak aurreko mugimenduetan erakutsitako aberastasunarekin jolasean zebilela zirudien, eta Treviñoren keinua ere gozagarri ageri zen. Musika klasikoa askotan publikoa, musikariak eta norbera dibertitzeko ere idazten delako froga bizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.