Musika

Ametsak bilatzen eta betetzen

Valerie June musikari estatubatuarrak musika sustraidunetatik abiatuta R&Bera eta popera iristen den disko laudatua argitaratu du: 'The Moon and The Stars: Prescriptions for Dreamers'

Valerie June 2000ko hamarkadan hasi zen lehen diskoak argitaratzen, baina azken zortzi urteetan lortu du oihartzuna. BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
AEBetako hegoaldeko beltz askok bezala, Valerie Junek (Jackson, AEB, 1982) oso gaztetatik izan zuen harreman estua gospelarekin, baina, musika espiritualaz gain, soulak, folkak eta countryak ere eraiki zuten haren memoria musikala. Horien guztien arrastoak nabari dira The Moon and The Stars: Prescriptions for Dreamers aurten kaleratu duen diskoan, baina oker legoke diskora sustraietako musiketan ardaztutako disko huts baten bila doana, Junek jakin izan duelako —Jack Splash ekoizlearen laguntza ezinbestekoarekin—oinarri hori guztia soinu garaikide eta askotan pop batekin janzten. Gauzak horrela, The Moon and The Stars: Prescriptions for Dreamers azken hilabeteetako kantu bildumarik aipagarrienetakoa bilakatu da.

Hona iristeko bidea, baina, ez da erraza izan Junerentzat, nahiz eta oso gaztetatik ametsek elikatu duten haren jarduna. «Badirudi gizartea ez dagoela ameslaria laguntzeko prest», azaldu du Junek berak, amets egiteak eta amets horiek betetzeak beretzat duten garrantzia azpimarratuta. Tennesseeko herri txiki batean hazi zen, musikarekiko grina zuen familia batean. Haren aitak eraikuntzan egiten zuen lan, baina, zaletasunak bultzatuta, kontzertuak antolatzen zituen, eta besteak beste, Prince eta Bobby Womack eraman zituen herrira. Horrela, haurra zela ikusi zuen Junek zer zen egunetik egunera dolar mordoxka bat galtzea: «Kontzerturen bat gaizki ateratzen zenean, aitak laneko arropak jantzi eta eraikuntza lanetara joaten zen, baina ez zuen inoiz etsi. Ameslaria izatea zer den ikasi nuen aitari begiratuta».

2000n, 19 urterekin, Memphisera lekualdatu zen June, eta bere senarrarekin Bella Sun soul bikotea osatu zuen. 2005ean, ordea, dibortziatzearekin batera, taldea desegin, eta Junek gitarra hartu eta bakarrik kantatzeari ekin zion. Hurrengo urteetan bi disko kaleratu zituen bere kasa, folk, gospel eta country doinuetara bideratutako lan biluziak: The Way of the Weeping Willow (2006) eta Mountain of Rose Quartz (2008). Lan haiek ez zuten oihartzun handirik izan, baina 2009anMTVren $5 Cover saioan izateko aukera izan zuen —Memphisko musika eszenan girotutakoa—, eta, horrek emandako bultzadak akuilatuta, New Yorkera mugitu eta Dan Auerbach The Black Keys taldeko kide eta ekoizle ezaguna ezagutu zuen. Auerbach «liluratuta» gelditu zen Juneren ahotsarekin eta talentuarekin, eta, musikariaren esentzia mantenduta, konponketa eta ñabardura gehiago gehitu zizkien haren hirugarren diskoko (Pushin' Against a Stone, 2013) kantuei. Lehenengoz, June izar bat bilakatzeko bidean zegoen.

The Order of Time-n (2017) bide horretan sakondu zuen Junek, baina, kantu bikainak izan arren, errepikakorra ere gerta zitekeen une batzuetan, eta musikariak ez zuen barnean izan zezakeen guztia azaleratzen.

Ildo horretan, The Moon and The Stars: Prescriptions for Dreamers, abesti bilduma paregabea izateaz gain, urrats handi bat ere bada Juneren ibilbidean. Jack Splash ekoizlearen esku utzi du ekoizpena —Kendrick Lamar eta Alicia Keysekin lan egindakoa da—, eta horrek jakin izan du Juneren kantuak ukitu garaikide leun baina definitzaile batekin apaintzen. Tradizioari muzin egin gabe —Carla Thomas soul kantariak parte hartzen du Call Me a Fool-en—, bere diskorik askotariko, gaurkotu eta dirdiratsuena egin du. Smile poparen eta R&B garaikidearen artean mugitzen da eroso, eta Stay blues piano batekin hasten da, baina hari eta haize konponketa dotoreek beste eremu batera eramaten dute kantua. Baina Sam Cookek ezaugarritu zuen soulera ere arrimatzen da (Two Roads), eta bere lehenengo diskoko Colors ere berreskuratzen du bertsio apaindu bezain zirraragarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.