Literatura

Tokion ama bakar izatea zer den

'Argiaren eremua' nobelan, Yuko Tsushimak bizipen gogorrak kontatu zituen: senarrak alde egin dion emakume batek eta alabak bizi izanikoa, familia funtsezko unitate den eta gizonek kontrolatzen duten gizarte batean.
Tokioko kaleak, 1970eko apirileko argazki batean.
Tokioko kaleak, 1970eko apirileko argazki batean. SZILAS

Estibalitz Ezkerra -

2018ko apirilak 22
Udaberria heldu da. Gereziondoak loretan daude, eta apain ageri da Tokio. Senarrak alde egin ostean, ama gazte bat eta haren 2 urteko alaba bestelako bizimodu bati ekitekoak dira. Bizileku berri bila ari dela, alokairuko zenbait apartamentu ikuskatzen ditu emakumeak. Beste edonork berehala baztertuko lituzke hain egoera eskasean dauden apartamentuak; hari, ordea, aukera handikoak iruditzen zaizkio, ama ezkongabearen rolean hastera doan bizimoduari begira. «Zenbat eta apartamentu triste eta txiki gehiago ikusi, orduan eta urrunago irudikatzen nuen senarra». Emazteak uste du ezen, behin apartamentu egokia aurkituta, modua izango duela mihise huts eta ilun batetik bizimodu berri bati heltzeko.

Ez da egia, ordea. Banaketa osteko lehen asteetan, emakumeak badu itxaropena senarra itzuliko dela, goiz ala berandu. Hots, behin-behineko kontua da bizimodu berriarena, lehengo ordena itzuli bitartekoa. Hilabeteak igaro eta senarra bueltatzeko aukera murriztuz doan heinean, ohartzen da itzulera gabeko bidaia batean abiatu dela. Iuntasunerako bidaia ematen du, ordea; ihes psikologikoaren itxura du, hasiera batena baino gehiago. Begiz jotako apartamentua alokatzeko dagoela jakiten duenean, eta bertan bizi zen bikoteak alde egin duela, bidaiako lehen geltokira iritsitakoaren antzera sentitzen da. «Bi tatamiko logela armairu bat bezain txikia zen, eta bertan etxean bezala sentitu nintzen».

Japoniako historian eta historiatik baztertutakoa izan den talde bati, hots, ama bakarrei ahotsa ematen die Yuko Tsushimaren (Satoko Tsushima jatorrizko izenez, Tokio, 1947-2016) Hikari no ry?bun nobelak (Argiaren eremua). Gunzo hilabetekarian argitaratu zuten estreinakoz, 1978 eta 1979 bitartean, hamabi ataletan, hilabete eta urtaro bakoitzari jarraituta.

Familia oinarrizko eta funtsezko unitate duen eta gizonezkoek kontrolatzen duten gizarte batean, gordina da oso ama bakarra izatearen errealitatea, eta gizartearen itzalean bizitzera behartzen ditu ama bakarrak zein haien umeak. Hala azaltzen du Tsushimaren nobelak, sentimentaltasunean erori gabe, zorrotz baina umorea erabiltzeari uko egin gabe. Hain zuzen, hausturaren ostean guraso bakarraren egoerak eragin ditzakeen maitasuna eta erresumina, desira eta atsekabea, itxaropena eta porrota irudikatzen ditu nobelak, kamera batekin jasota baleude bezala.

Lehen urtea gogorra izango da emakumearentzat, alabatxoa berak bakarrik zaindu eta hezi behar duelako. Hiriko eraikin garaietako batean dagoen denda baten gaineko apartamentu txikian eguneroko bizimodu isila dute biek, noizbehinka jazotzen diren gertakari aztoragarriek etendakoa. Existentzia porotsua da haiena: apartamentuko paretetan zehar ura sartzen da; zarata entzuten dute ama-alabek; ematen du auzokoek haien gaineko guztia dakitela. Bestetik, argia dago. Etxe berria argitsua da erabat, ia itsutzeraino, leihoetatik sartu eta horma zuri-zurietan islaturiko argi izpiak direla medio. Hala ere, iluntasunean geroz eta hondoratuago sentitzen da narratzailea; ezusteko txikienak amildegiaren ertzean jartzen du, zer egin behar duen erabakitzeko gaitasunik ezak paralizaturik. Ohetik jaikitzeko ezintasunarekin —egun osoa lotan emateko desirarekin— hasten dira emakumearen egun gehientsuenak. Galerak eragindako zauri sakonaren ondorioz, errealitatearen eta ametsaren artean galduta sentitzen da, 1970eko hamarkadako Tokio bera bezala.

Ametsak eta zamak

Ama ona izan nahi du narratzaileak, baina, amatasunaren zamak itota, umerik gabeko bizimodu baten aukerarekin amets egiten aurkitzen du maiz bere burua. Egun batean, alaba eramaten duen jolastokian ume bat erori eta hil egiten da, eta, gauean, amets egiten du alaba dela hildakoa. Iratzartzean, errudun sentitzen da, halako ezbeharra irudikatzeagatik ez ezik, ametsean gertaeraren inguruan inolako asaldurarik ez agertzeagatik ere. Aitzitik, arinduta sentitzen da bera baino ez dela geratzen jakinda. Alabak laguntxoen etxean gaua igaro behar duela-eta etxean bakarrik geratzen den egunetan, iruditzen zaio iluntasunak atzera egiten duela. Horrelakoetan, sentitzen du dena ez dagoela galduta; ikusten du gai dela aurrera ateratzeko.

Une zail eta desatsegin dezente gertatzen dira ama eta alabaren artean. Haietako batean, leher eginda dagoelarik, amak garrasi egiten dio alabatxoari; eta gogotik iraintzen du gauaren erdian jaikiarazi duelako amesgaizto baten harira. Baina goxotasun uneak ere badaude, amaren laguntzarekin apartamentu berriko teilatutik behera alabak kolore biziko origami paper zatiak jaurtitzen dituenean bezala.

Hilabeteak aurrera doaz, eta, urtaro batek hurrengoari bide egin ahala, narratzaileak aurre egin beharko dio galdutakoari, eta bihurtu den pertsona onartu. Era berean, borrokatzen jarraitu beharko du, Japonian berarentzat eta alabarentzat komunitate bat sortu nahi badu. Okerrena igaro ostean, etorkizunari itxaropentsu begiratzen dio emakumeak nobela bukaerarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna