Musika

Dotorezia eta gordintasuna

Van Morrisonen estilo garbi eta zainduak bide eman zion Dead Cross taldearen hardcore gogorrari Azkena Rock jaialdiko lehen egunean, eta rock etiketan unibertso oso bat sartzen dela islatu zen.

Man or Astroman taldearen surf eta garage instrumentalak ikusle asko harritu zituen agertoki txikian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Kontraste biziko jardunaldia Azkena Rock jaialdiko lehen egunean. Van Morrisonen dotorezia eta Mike Pattonen gordintasuna. Rocka ulertzeko bi ertz, parez pare. Antolakuntzaren arabera, 15.050 lagun bildu zituen aurtengo lehen egunak, arratsalde eguzkitsu baten babespean.

Tutan Come On gasteiztarren stoner rock indartsuak egin zien harrera ikusle askori. Oskar Conde Kanda-ren eta Ibon Salterainen gitarra eta bateria bortitzari heltzeko ez zen ziur aski ordutegirik egokiena, baina proposamena ondo defendatu zuten, eta, ziur asko, zale gehiago bereganatu zituzten kanpotik etorritakoen eta bertakoen artean.

Agertoki nagusietan, rockaren doinu klasikoetara bideratu zen arratsaldea. The Sheepdogs bandak AEBetako mendebaldeko eremu zabaletara eraman dezake ikuslearen irudimena, baina sortzez Kanadakoak dira. Soinu onak eta tronboiaren erabilerak ikusleak berotzeko balio izan zuen.

Beroa —ziur aski sobran— sufritu zuten Rival Sons taldeko musikariek. Eguzkiak bete-betean jotzen zuen bigarren agertokian, Los Angelesko taldea atera zenerako. Hard rock musikaren esparruan izen bat egin du bandak, jadanik bost disko kaleratu dituela. Jay Buchanan abeslaria, pandereta bat eskuetan Jim Morrison balitz bezala, ikusleak animatzen saiatu zen. Tarteka lortu zuen, baina erritmorik gabe. Hutsune eta atseden gehiegi ordubete baino gutxiago iraun behar zuen emanaldi baterako.

Ezohiko ordutegian, kartelburuaren txanda iritsi zen. 20:15 pasata atera zen Van Morrison oholtza nagusira, zazpikote baten buru. Kartelburuaren aukeraketak beti eragin ohi ditu iritzi ezberdinak, baina zatiketa handia egon da. Kontua ez da eztabaidatzea zer leku duen Belfasteko lehoiak musikaren historian, horretan ez baitago zalantza handirik, baina ez dago hain garbi Azkenaren moduko rock jaialdi baten izar nagusia izan behar duen edo ez. Horretan behintzat frogatu zen goiz jotzeak lagundu ziola. Oraindik egun argiz eta eguzkia agertoki handiaren atzetik ezkutatzen hasia zela, bazuten lekua haren swing erritmoek.

Eztula eta irribarrea

Mila marrako trajea, kapela eta betaurreko beltzak jantzita atera zen abeslaria, haren irudi ikonografikoak agintzen duen eran. Urre koloreko mikrofonoa eta horren oinari ezker eskuarekin oratuta ekin zion errepertorioari. Soilik saxofoiari edo harmonikari heltzeko utzi zuen. Bolumen baxua hasieran; tarteka, mikrofonotik aldendu, eta eztulka aritu zen. Mukizapiak, itxuran edari beroren bat zeukan katilua eta ur botilak eskura izan zituen une oro, baina dudak laster uxatu ziren. Emanaldiak aurrera egin ahala, hobera egin zuen ahotsak.

Emanaldia, berriz, gorabeheratsua izan zen. Zaleak pozik uzteko material asko utzi zuen. Musika berria jotzeari ere ez zion uko egin. Iaz kaleratutako Versatile diskotik —haren 38. diskoa—Broken record jo zuenean irribarreren bat ere atera zitzaion. Rockera hurbildu zen pasarteetan publiko orokorrak eskertu egin zion, baina arreta lausotu zen jazzera jo zuen uneetan. Bukatzeko, Brown Eyed Girl eta Gloria eskaini zituen. Azken kantua bukatu aurretik taldearentzat txalo bat eskatu, eta musika amaitu baino lehen desagertu zen oholtzatik.

Kontzertua hasi aurretik ere keinu bat egon zen Azkenaren jarraitzaileentzat. Jaialdiak badu data 2019. urterako. Ekainaren 21ean eta 22an izango da, eta, garrantzitsuena, badu lehen talde bat iragarria: Wilco.

2001: Odisea bat espazioan filmean, primate batek zerura hezur bat jaurti, eta bat-batean espaziontzi bat ateratzen da. Halako jauzia egin zuen musikak Van Morrisoni jarraitu zion kontzertuarekin. Dead Cross taldeak hardcorea du ikur gisa, Faith No More taldeko abeslari Mike Pattonen proiektu berria. Dotoreziatik gordintasunera jauzi egin zuen jardunaldiak, argi erakutsita unibertso oso bat sartzen dela rock etiketa erraldoi horren azpian.

Bistan da ez dela Dead Cross edonorentzako proposamena, baina soinu traketsak eta bolumen ikaragarriak—ez da halakorik entzun jaialdian ziur aski Hank Williams III.ak countrya alde batera utzi eta doom jotzen hasi zenetik, duela hainbat urte— ez zuten gehiegi eztitu. Geratu zirenek burua astintzeko beta izan zuten, eta Pattonek karisma sobran duela erakutsi zuen, tarteka manada-ko rapist-en (bortxatzaile) aurkako mezuak ozen botata, mexikar azentuko gaztelaniaz. Ea jaialdia gustatu zaion Pattoni, eta Faith No Moreren bisitaldi batekin errepikatzeko aukerarik duen.

MC50, bisitari ospetsuak

Kartelburua igarota, publikoa sakabanatu egin zen gaueko kontzertuetan. Agertoki nagusietan Chris Robinsonen Brotherhood taldeak maila tekniko itzela erakutsi zuen, batzuek arima gehiago exijitu zuten arren. Bitartean, Man or Astroman ezuste atsegina izan zen, surf eta garage abesti instrumentaletan oinarritutako emanaldi fresko batekin.

MC50rekin hasi zen azken txanpa. 1968an rock musika hankaz gora jarri zuen MC5 Detroiteko taldetik soilik Wayne Kramer geratzen da. Aurten, Kick out the jams disko mitikoak 50 urte betetzen dituela ospatzeko, musikari ezagunak elkartu, eta omentzeko bira egiten ari da. Plazera izan zen Mendizabalan ikustea Marcus Durant (Zen Guerrilla), Kim Thayil (Soundgarden) eta Brendan Canty (Fugazi).

Rambin Rose eta Kick Out The Jams gogoangarriekin abiatu zuten kontzertua. Lastima Duranten mikrofonoaren arazoen ondorioz ezinezkoa izan zela abeslaria behar bezala aditzea. Diskoari errepasoa emanda eta atseden txiki baten ondoren, berriro itzuli ziren, Donald Trump «gizon oso- oso gaixoari» The American Ruse abestia eskaintzeko, amaiera gisa.

Ostiralak larunbatarekin bat egin zuen ordu txikietan, lehen egunari itxiera jarri zioten Nebula eta Girlschool taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.