Literatura

Marmitako beltza

Ishmael Scott Reed idazlea funtsezko sortzailea da 1960ko hamarkadan AEBetan loratutako herri afro-amerikarraren askatasun mugimendua ulertzeko. 'Mumbo Jumbo' (1972) nobela da haren sormenaren gailurra.

Ezker-eskuin, Bob Callahan idazle eta irakaslea, Ishmael Reed, Carla Blank idazle eta editorea, eta Shawn Wong eleberrigilea. NANCY WONG.
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ishmael Scott Reed (Chattanooga, AEB, 1938) poeta, saiakera idazle, dramaturgo eta nobela egilea funtsezko sortzailea da 1960ko hamarkadan AEBetan loratutako herri afro-amerikarraren askatasun mugimendua ulertzeko, gurean oso artista ezezaguna bada ere, esaterako, Angela Davis edo Amiri Barakarekin alderatuz gero. Iaz 80 urte bete zituen, eta bere ibilbidean hainbat obra sortu ditu; tartean, hamaika nobela. Reeden testuak, gainera, makina bat musikariren doinuetan infiltratu dira, Albert Ayler, Allen Toussaint nahiz The Supremes-enetan, besteak beste. Jazz zale amorratua da, eta piano jotzailea. 2007an, Ishmael Reed Quintet taldea abiatu zuen.

Reeden sormenaren gailurra, baina, Mumbo Jumbo (1972) eleberria da, nobela heterodoxo eta satirikoa, zeina itzal handiko obra bilakatu den. Letren gumbo hori (afrikar jatorriko Louisianako zopa ezaguna) askatasunaren aldeko manifestu politikoa da, askotariko osagaiak biltzen dituena: jazza, budua, panafrikanismoa, masoien konspirazioak, Egipto Zaharreko mitoak... Eta edabe horretan, Reedek, besteak beste, eleberri historikoaren teknika eta hard boiled tradizioa hibridatzen ditu asmo iraultzaile argiarekin: mitologia beltza berrasmatzea, beltzak mitologia zuritik aska daitezen. Emaitza xelebrea bezain harrigarria da, inauteri literario beltza, be-boparen erritmoarekin irakurri behar dena. Kaleratu zen garaian kritikariek afro-futuristatzat jo zuten.

Funkaren soinua hitzetan

Mumbo Jumbo eleberriaren zantzuak hainbat egileren obretan antzematen dira; bi aipatzearren, Thomas Pynchon eta Edgar Lawrence Doctorow, biak ala biak zuriak. Mumbo Jumbo argitaratu eta urtebetera plazaratu zuen Pynchonek bere hirugarren nobela, Gravity's Rainbow, zeinak Reeden lanetik edaten duen zanga-zanga. Hala, masoien konspirazioei eta magia beltzari buruzko pasarte luze batean, Reeden eragina aipatzen du, literalki: «Galdetu iezaiozu Ishmael Reedi. Hemen inoiz aurkituko duzuna baino asko gehiago baitaki gai honetaz». Doctorowren Ragtime (1975) nobelan ere Chattanoogan jaiotako idazlearen oihartzunak antzematen dira, izenburu jazz zaletik hasita. Halaber, 1970eko hamarkadaren hasieran, Sun Ra jazz musikariak Egiptora eginiko bisitetan, eta bere filosofia jazz zalean eta soinuen esperimentazioan ere, Reeden obren irakurketen arrastoak nabaritzen zaizkio. Parliament-Funkadelic funk egitasmoko abeslari eta buru Geoge Clintonek, bestalde, hauxe esan zuen Reeden gailurraren harira: «O, Jauna! Mumbo Jumbo! Nire libururik kutunetakoa da! Funkaren soinu bera dauka».

Harlemen berpizkundea

AEBetan loratutako estreinako arte beltzaren eztandari deitu ohi zaio Harlemen berpizkundea. Gerrarteko sasoian garatu zen, eta ordura arte folklore komun bat baino ez zen errotu AEBetako beltzen artean, zeinak Afrikako hainbat tradizio eta elementu endemiko uztartzen zituen. Hortaz, Renaissance hori benetako hiri kultur mugimendu bat izan zen, literatura eta arte eszeniko guztiak biltzen zituena, batez ere adierazpide musikalak, jazzari eta bluesari esker hedatu baitzen gehiengo zabal baten artean. Hartara, Zora Neale Hurston antropologoak eta Nella Larsen nobelagileak, eta Langston Hughes, Claude McKay eta Countee Cullen poetek negro izatearen esperientziaren inguruko obrak idatzi zituzten. Bidenabar, jazza, swinga eta bluesa herri musikak bilakatu ziren, besteak beste, Duke Ellingtonen big bandak Cotton Club aretoan eman zituen emanaldiak tarteko.

Kultur gertaera horrekin batera, afro-amerikarren kontzientzia berri bat ere sortu zen. Hala, Beltzen Mugimendu Berria ere deitu ohi zaio lehertze berriari. Hori dela eta, ahalegin politikoak ere gauzatu ziren, kontzientzia beltzak astindu zituzten erakundeen bidez, tartean, Negro Improvement Association eta National Association for the Advancement of Colored People. Dena dela, planeta afro-amerikarra eta arraza arazoa artearen bidez iraultzeko esfortzu hori ezerezean gelditu zen, 1929ko crash ekonomikoaren ondorioz. Hala, beltz berrien hondamen eder hura Depresio Handian lausotu zen. Aditu batzuen arabera, Harlemen berpizkundea intelektual beltzen kontua baino ez zen izan; haatik, etorkizuneko adierazpide afro-amerikarrentzako hazia erein zen.

Birusa hedatzen

Bada, Reedek testuinguru historiko horretan kokatu zuen Mumbo Jumbo mugiarazten duen Jes Grew birusa: AEBetako biztanleria, beltza gehienbat, askatzen duen birus espirituala da, dantzaren eta musikaren bidez barreiatuko dena, kale eta plazetako jende negro-ak eta zuriak frenesi kolektiboan murgildu arte. Festa askatzaile eta iraultzaile horrek, bestalde, agintari zuriak aztoratuko ditu. Hala, WASP (White, Anglo-Saxon and Protestant) agintariek (judu-kristauak, monoteistak, kapitalistak, lanzaleak, teknokratak, puritanoak...) beltzen aldarri erabat librea (paganoa, politeista, ludikoa, umoretsua, musikala, hedonista...) borrokatuko dute. Lehia horretan, Papa LaBas detektibe metafisiko eta budu aztiak rol garrantzitsua beteko du. Mandatariek, halaber, elkarte sekretuen bidez bideratuko dituzte haien ahalegin zapaltzaileak.

1969an, Haitira eginiko iniziaziozko bidaia baten ondotik idatzi zuen Reedek liburua. Bertako budu kultura, hain zuzen, oinarrizko faktorea da eleberriaren hari narratiboan, Egipto Zaharreko mitoen (Isis, Osiris, Moises) berrikuspenarekin eta AEBetako beltzen erritmo eta mito aborigenekin batera. Elementuok askotariko testuekin harilkatzen ditu, jazz kutsuko prosatik gertu dagoen testu polisemiko baten itxura hartzeko. Nobelaren gaztelaniazko itzulpenaren hitzaurrea idatzi zuen Juan Francisco Ferreren aburuz, «Mumbo Jumbo bere zentzua etengabe eraikitzen eta deseraikitzen duen testu sakratu bat da. Mumbo Jumbo-k, horrela, testu ibiltariaren izaera onartzen du: erritu liturgia bat da, irakurketa bakoitzarekin gaurkotzen den testua bilatzen duena».

Mumbo Jumbo askatasunaren aldeko manifestua da, baina baita belztasuna goraipatzen duen parranda ere. Testu eta irakurketa ezberdinen bidez ulertzen den jolas literario bitxia da. Finean, literaturak mundua hankaz gora jarri nahi zuen garai bateko erlikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.