Literatura

Udaberriaren ordez, negu gorria

Eraikin ofizial bat, eta mugitu ere egiten ez den ilara luze bat kanpoan. Distopia baten trazekin sortu du Basma Abdel Azizek 'Al-Tabuur', Egiptoko sistema bortitza eta burokrazia jomugan dituen eleberria.

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, Egiptoko Turismo Ministerioak herritarrei eskatu zien nazioari buruzko beren irudia sare sozialen bidez bidaltzeko#ThisIsEgypt (Hauxe da Egipto) traola erabilita. Batzuek Poliziaren zaintzapean torturaturiko eta hildako herritarrei buruzko albisteen estekak bidali zituzten erantzun modura. Beste batzuek, atxiloturiko umorista, idazle eta kazetarienak, zeintzuek gizarte zibilaren kontrako neurri gogorrak eta epaitegi militarrek emandako heriotza epaien kopurua aipatu zituzten. «Ongi etorria #Egiptora, presoen, indarrez desagerrarazitakoen eta hildakoen lurraldea. Egonaldiaz gozatzea espero dugu zinez» txioa bidali zuen norbaitek Kairotik. Ekarpen kritiko horietako batzuk biral bihurtu ziren, baina turismorako jardueren buru Sami Mahmoudek aipamen ezkorrei garrantzia kendu zien, «ehuneko lau edo bost» baino ez zirelako izan, eta, oro har, herritarren parte hartzea «oso ona» izan zelako. Hala ere, kanpaina bertan behera utzi zuten, zarata handirik sortu gabe.

Gaur egun, erregimenari dagokionez, ez da ideia ona herritar arruntei beren iritziaz galdetzea. 2016an, Abdel Fattah al-Sisi presidenteak «niri bakarrik entzun» ohartarazpena zabaldu zuen nazioari zuzendutako hitzaldian. Erregimenaren barruan tortura hain arrunt bihurtu denez, Giza Eskubideen Begiraleak gizadiaren aurkako krimen mailara iritsi dela ondorioztatu du. Protesta oro legez kanpo dago, eta Interneten erabilera arras mugaturik eta kontrolaturik dago. Burokraziak, bestalde, nabarmen egin du gora.

Basma Abdel Azizen (Kairo, 1976) Al-Tabuur (Ilara, 2013) nobelan, herritarrek uste dute Hosni Mubaraken erregimenaren kontra Udaberri Arabiarreko altxamendu zikloaren barruan mobilizatu zirenek beren bizi-baldintzak hobetzeko egindako protestek arrakasta gutxi izan zutela. Hasieran, gobernuak gertaera lotsagarri izendatuko ditu herritarren eta Poliziaren arteko liskarrak; denborak aurrera egin ahala, ordea, Poliziak tirokatu eta hildako kopuruari garrantzia kentzen saiatuko da, eta protesta saioak eragozteko, zaintza-sistema gogorra eta sistema burokratiko nahasgarri bat jarriko du martxan. Aurrerantzean, edonolako eskaeretarako denetariko gobernu-inprimakiak bete beharko dituzte herritarrek Atea izeneko gobernu-bulego berriaren bitartez.

«Hasieran inor gutxik zekien zein zen egitura erraldoi eta liluragarri haren funtzioa; jarri zioten izena —Ipar Eraikinaren Ate Nagusia— haren existentziarentzako aitzakia baino ez zen. Luze jo gabe, ordea, [Ateak] haien bizitzetan jokatu behar zuen rol garrantzitsuaz jabetzen hasi ziren. Agintaria bizitza publikotik desagertzearekin batera, Ateak prozedura oro arautzeari ekin zion, orotarako arauak eta erregulazioak indarrean jarrita. Halako batean, dekretu ofizial baten bidez imajinagarria den edozertara zabaldu zuen Ateak bere eskumena... Dena kontrolatzen zuen zeharo; prozedura guztiak, agiriak, eskumenak zein baimenak —jateari eta edateari buruzkoak barne— haren kontrolpean zeuden».

Atetik kanpo, eguzkipean eta kilometroko ilara batean, ehunka lagun daude behar duten inprimakia jasotzeko zain. Haien artean dago Yehia Gad el-Rab Saeed izeneko 39 urteko gizona. Balak Atera eta Kentzeko Baimenaren premiak ekarri du ilarara; bala bat darama barruan, pelbisetik gertu, lehen aldiz zauria artatu zion medikuak erauzi ez zuena. Harrigarria izan daiteke, baina, baimen egokirik ezean, balak bere barruan jarraituko du, eta barne-odoluste baten ondorioz hilko da. Haren medikuak, Tarek Fahmik, pazientearen beharraktxosten batean eguneratu besterik ezin dezake egin. Harenustez, balak ezin du Yehiaren pelbisean jarraitu, eta Yehiak berak ezin du ilaran gehiago itxaron. Azken hori eta unibertsitate garaiko bere bi lagun baimena eskuratzeko prozesua azkartzen saiatuko dira; arrakastarik gabe, ordea.

Itxarotea, bizimodu

Egiptoko herritarren bizitzak kontrolatzen dituen burokrazia-sare ikusezina da Atea; jendeak ez du erabat ulertzen zehazki zer egin behar duen oinarrizko beharrak ase ahal izateko. Nobelan zehar, ez du ematen ilaran zain dagoen inork Atean sartzeko aukera duenik. Jendeak egunak, asteak, hilabeteak... igarotzen ditu zain, gau eta egun. Alegia, itxarotea beren bizimodu bakarra bihurtu da.

Tarek doktoreak maiztasunez ikuskatzen du Yehiaren txostena, egunetik egunera aldatu egiten delako, pazientea hil gabe bala ateratzeko diseinatu duen ebakuntza barne. Bulegoan giltzapean gordeta daukan arren, pazientearen okerragotze prozesuaren arabera, norbait xehetasun berriak gaineratzen ari zaio txostenari. Gauza jakina da herritar guztiak une oro behatuak direla, eta txostenaren inguruko gertaerak doktorea bera ez dela salbuespena adierazten du. Denborarekin argi geratuko da agintariek ez dutela bala erauzterik nahi, okerreko jendearen esku eroriko balitz, frogatu ahalko luketelako bala gobernuko segurtasun indarretako norbaiten armatik atera zela.

Halako batean, Ateak dekretuz adieraziko du gertaera lotsagarria ez zela inoiz jazo; ustezko gertaeren unean filmatzen ari ziren arrakasta handiko pelikula baten gidoiaren parte izan zen dena. Gauzak horrela, Tareken esku dago Yehiarekin zer egin erabakitzea: ordura arte egin bezala, protokoloari jarraitu eta gaixoa hiltzen uztea, ala legeari bizkarra eman eta hari laguntzea, lanbidea eta bere askatasuna arriskuan jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.