Erakusketen joskurak, agerian

Garazi Ansa, Marc Badal eta Laura Valles komisarioek egindako ikerketen emaitzak daude ikusgai Bilboko Azkuna Zentroan

Komisario Berriak programaren erakusketaren aurkezpeneko irudi bat, Bilboko Azkuna Zentroan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Ni hasi nintzenean hitza ez zen oraindik existitzen; erakusketak egiten genituen, baina ez ginen komisarioak». Arte munduak hamarkada batzuetan izan duen bilakaera ilustratzen du Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariaren lekukotzak. Izan ere, urteen buruan, nabarmen joan da hedatuz anglosaxoiek asmatutako komisarioaren figura, eta ia ezinbesteko bilakatu da jadanik. Eta, hain zuzen ere, garapen hori kontuan hartuta sortu zuten Komisario Berriak programa, ibilbide hasieran dabiltzan komisarioei ikerketzen eta erakusketak egiten laguntzeko. Garazi Ansa, Marc Badal eta Laura Valles komisarioen proiektuak hautatu dituzte aurten, eta Bilboko Azkunazentroan jarri dituzte ikusgai beren erakusketak. Besteak beste, feminismoa, naturaren idealizazioa eta arteari buruzko ediziogintza lantzen dituzte euren proiektuek. Azaroaren 17ra arte egongo da zabalik.

Artiumeko zuzendari izateaz gainera, Komisario Berriak programaren koordinatzaileetako bat ere izan da Herraez, eta, zehaztu duenez, komisariotzaren dimentsio narratibo eta historiokoa ere kontuan hartzea izan dute buruan aurtengoan. «Horretarako testuinguru sozial, politiko eta historikoa ere kontuan hartu behar zela planteatu genuen». Eta bakoitzak bere modura erantzun dio eskaera horri.

Espektakularitatearen ifrentzura jo dute Bilboko erakusketan Ansak, Badalek eta Vallesek, eta itxura xumea du aretoak, horren ondorioz: mahai batzuk, posterrak, liburuz betetako apal bat eta bideo proiekzio bat. Ikerketa sakon bat dago, ordea, elementu horietako bakoitzaren atzean.

Erabateko itzalpea

Feminismoaren eta artearen bidegurutzean jarri du arreta Garazi Ansa komisario eta BERRIA egunkariko arte kritikariak. 1970eko eta 1980ko urteetako mugimendu feministan jarri du arreta, zehazki, eta mugimendu haren parte eta ilustratzaile izan ziren emakumezko artisten lanak aztertu ditu. Horregatik mahaiko posterrak; irudi horien atzean dauden egileen, ideien eta elkarlanen atzetik ibili baita ikerlaria. Ansak dioenez, Euskal Herriko artearen historiografian «erabateko itzalpean» egon dira kasu eta egile hauek, eta horiek ikustaraztea izan da bere ikerketaren helburua orain.

Vicente Ameztoi izan da abiapuntua Marc Badal komisarioaren kasuan. Haren koadrorik ez dago muntatu duen erakusketan, baina haren koadroak buruan zituela egin du ikerketa prozesu guztia, eta horregatik egin dio aipamena. Izan ere, hiri guneetatik, orokorrean, eta, zehazki, kulturaren esparrutik egiten den naturaren eta landa inguruaren idealizazioa landu du Badalek, eta Ameztoik pintatutako natur elementuz osatutako giza erretratuek lagundu dute bide horretan. «Ameztoik aukera ematen zidan gai horietara zuzenean sartzeko», aitortu du. Eko-nekazaritza du berezko esparrua Badalek, baina maiz baliatu du kulturgintza gogoetan aritzeko. Azaldu duenez, gainera, boom moduko bat izan dute natura gaiei buruzko liburuek, eta ikertu ahala esku artean izan duen liburuak jarri du ikusgai erakusketan. Horregatik liburuen apala.

Paisaiari buruzko elkarrizketa sorta bat ere egin du Badalek programaren barruan. Iratiko basoan egon da, esaterako, inguru hartako biztanleekin; eta Errioxan ere egingo du beste saio bat, ardogintzaren azken urteetako gorakadak paisaia ulertzeko moduan izan duen eraginari buruz. Pere Jaume Borrel i Guinart artista kataluniarrarekin egindako elkarrizketa baten bideoa ere ekarri du Bilbora. Hori da proiekzioa. Bizkarrez ikusten dira bi hizlariak irudian, eta paisaia, natura eta kultura dituzte mintzagai. Ia xuxurlaka dirudi Jaume Perek, esaterako, zeru zabal baten azpian: «Jarraitutasuna da landa mundua, errepikakortasuna, luzapenarena, ia ezer ez hori».

Egin gabeko historiografia

Aldizkariak izan dira Laura Vallesen gaia. Artelekuren bueltan sortutako Zehar agerkaria, eta Valentzian (Herrialde Katalanak) sortutako Arena argitalpenaren nondik norakoak aztertu ditu; eta, besteak beste, publikazio horien faksimilak jarri ditu erakusketan. «Bi kasu horiek berrikusi ditut, eta, haien bidez, komisariotzaren historiografia bat ere egiten dut, zeren eta, oraindik, egin gabe baitago lan hori».

2016ko Donostiako Kultur Hiriburutzaren aterkipean sortu zen Komisario Berriak programa, baina Tabakaleraren, Azkuna zentroaren eta Artiumen artean daramate orain. Haiek ezartzen dituzte laguntzak jasotzeko baldintzak, eta hautatutako komisarioei tutoretzak ere eskaintzen dizkiete. Eta lankidetza horren garrantzia azpimarratu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak: «Euskal arte garaikideenaren akuilu lana egiten dute hiru erakundeek». Eta haien arteko hartu-emana estutuz joango dela aurreikusi du.

Programa «oso garrantzitsua» dela ere azpimarratu du Muñozek, eta euskal artearen sistema sendotzeko komisarioen lana ere sendotu behar dela uste du. Horregatik erabaki zuen Jaurlaritzak 2016a amaitu ostean ere programa finantzatzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.