Musika

Elza Soares eta Brasilen zimurrak

Ia zazpi hamarkada daramatza Elza Soaresek Brasilen alderik aztoragarriena bere ahotsarekin eta gorputzarekin azaleratzen. Aurten lan berri bezain askea argitaratu du: 'Planeta Fome'.

Elza Soares musikari gazte eta berritzaileekin elkartu da azken urteetan. BERRIA.
Jon Urzelai
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Danbor erritmoek gidatzen dituzten gorputz izerdituak, baita faveletatik datozen tiro hotsak ere. Maracana zelaia mukuru, zaleak Canarinharen golak sutsuki ospatzen. Halaxe irudikatu izan da, milaka kilometrotara izanda. Samba, bossa nova eta tropicalia doinuak ere iristen dira tarteka, Joao Gilberto zenaren antzeko xuxurlak era guztietako biolentzien artetik. Brasil da, noski. Baina Elza Soares ere izan liteke.

Elza da Conceiçao Soares 1937an jaio omen zen —bere adina espekulazio iturri baita— , Getulio Vargas diktadoreak militarren laguntzaz Estado Novo izeneko proiektu autoritario eta antikomunista abiarazi zuen urte berean. Rio de Janeiron sortu zen Elza, Moça Bonita izeneko favelan. 12 urte zituenerako ezkontarazia zuten jada, aurrez bortxatu zuen eta hamar urte zaharragoa zen bere aitaren lagun batekin. 13 urterekin, ama izan zen lehen aldiz, eta, bi urteren buruan, bere seme-alabetako bat gosez hiltzen ikusi behar izan zuen.

Talentu goiztiarrak identifikatzeko sortutako Calourous em Desfile telebista saioan izan zen, 1953an. «Zein planetatik zatoz itxura horrekin?». «Bada, zeure planeta beretik». «A bai? Eta zein da planeta hori?». «Gosea Planeta». Ary Barroso aurkezleak 16 urteko Elzaren janzkera zarpaila zela-eta egindako iruzkinari emandako erantzunak entzuleak zur eta lur utzi zituen, zinez. Neskatoak kantatzean iritsi zen sorpresarik handiena, halere. Lehiaketa irabazi zuen Soaresek, eta huraxe izan zen, segur aski, bizitzak berarentzat idatzia zuen gidoia aldrebesteko lehen saiakera. Dena dela, senarrak errealitate gordinera itzularazi zuen laster asko, abeslari guztiak putak izatea leporatuta besora tiro egin baitzion.

1962ko ekainaren 17a, Santiago (Txile). Munduko Futbol Kopako finala, Brasil eta Txekoslovakia aurrez aurre jarri zituen hura. Urdinez eta horiz jantzitako futbolariek titulua berreskuratu nahi zuten, lau urte lehenago irabazi baitzuen kopa hura lehen aldiz gerora mitiko bilakatuko zen taldeak. Zito, Vava, Zagallo eta Nilton Santos, jokalari ezin trebeagoak zeuden hamaikakoan. Baina batez ere, Pele eta Garrincha. Lehenak ez zuen jokatu partida hartan; bai, ordea, txori itsusi, trakets baina ezin bizkorragoaren ezizena jarri zioten Manuel Francisco dos Santosek. Brasildarrek eskuratu zuten titulua, eta Garrinchak eskuratu zuen jokalaririk onenaren saria. Elza Soares ere han izan zen egun haietan. Ordurako bost seme-alabaren ama zen, eta alargundua zen jada. Ospetsua ere bazen, Se Acabó Voce Chegasse eta A Bossa Negra bere lehen bi diskoak oso arrakastatsuak izan baitziren, eta jazzetik ikasitako scat teknikaren erabilera samban txertatzeagatik goraipatua izan baitzen, baita Louis Armstrong berak ere. Berritasun hark, Boato kantuak eta bere ahots indartsuak kantari entzutetsu bilakatu zuten. Horregatik zegoen Soares han, talde nazionalaren ama-ponteko izendatu zutelako. Orduan hasi omen zen Elza Soareseneta Garrincharen arteko harremana.

Infernua

Brasilia hiri ustez utopikoa inauguratu zuen Juscelino Kubitschek presidenteak 1960an, klaserik gabeko gizarte bati hasiera eman bide zion metropolia. Hamarkada hartakoa da Joao Gilbertok Stan Getz jazz musikari estatubatuarrarekin argitaratu zuen diskoa, baita Antonio Carlos Jobimek Frank Sinatrarekin grabatutakoa ere. Brasilen ekoitzitako musika hura mundua txunditzen ari zen, eta, konturatzerako, tropicalia izeneko asmakizun hura ere iritsi zen. Veloso, Gil, Costa, Ze, Os Mutantes eta beste hainbat lotsagabe, rocka, psikodelia eta abarrak herri musikekin nahasten. Munduak Brasil eta Brasilek mundua ezagutu zuten urte haietan, baina Soaresek nekez ezagutuko zuen halakorik. Betiko infernua, ez besterik. Tropikalistei inperioaren musika jotzea leporatzen zieten, baina Soares familiaren suntsitzailetzat jotzen zuen gizarteak. Puta bat zen, sorgin bat. Bestea zen, gizon ezkondu bat ebatsi eta familia bat hautsi zuena. Herriaren gorrotoa eta etengabe kolpatzen zuen gizona izan zituen alboan urte luzez ordainetan. Garrincha hain zuzen, Herriaren poza izengoitia ere jarri zioten futbolari alkoholiko huraxe. Gizona mozkor gidatzen ari zela galdu zuen ama Soaresek, istripu batean. Telebistan kantatzera irten aurretik kolpe batez hortzak puskatu zizkionean erabaki zuen amesgaiztozko erlazioari amaiera ematea.

Etxeko hormetatik kanpo gauzak ez ziren askoz ere hobeak, dena dela. Garrincharekin izandako harremana zela eta, etxean harrikadak jaso izan zituen Soaresek, baina indarrak bildu eta aurrera egiteko gai izan zen. 1969an etxea tirokatu ziotenean, aldiz, erbestera joatea erabaki zuen. Diktadura garaiak ziren, 1964tik aurrera bi hamarkadaz militarrek agindu baitzuten Brasilen. Caetano Veloso eta Gilberto Gil Britainia Handira joanak ziren ordurako, eta berak Italia hautatu zuen, Chico Buarquek aurrez egin moduan. Edonola ere, Soaresek ez zion musika sortzeari inoiz utzi, eta urte haietan argitaratu zuen, besteak beste, Elza Pede Passagem diska. Lan hark afrikar erroetatik edan eta AEBetako soularen eta funkaren eraginak era arrakastatsuan nahasten zituen, ordurako formula hori garatzen hasiak zirenen (Jorge Ben) ereduari jarraikiz.

1970. Peleren eskutik heldu ziren garai loriatsuek ez zuten luze iraun gizonezkoen futbol talde nazionalarentzat. Mexiko Hiriko Estadio Aztecan lortutako garaipenaren ondotik, ezereza besterik ez baitzen etorriko, 1989an Bebeto azaldu bitarte, bederen. Artean, ageriko lasaitasuna eta oreka moduko bat bizi izan zituen Brasilek, petrolioaren prezio altuak eta gobernu militarra tarteko. 1976rako Soares etxean zen berriro, giroa zertxobait baretu zela aprobetxatuz. Berandu baino lehen iritsi ziren, baina, krisi ekonomikoa, hamarkada galdua, eta baita Garrincharen heriotza ere. 1983an hil zen 14 seme-alaben aita zena, baina Garrincharen heriotza ez zen kezka iturri izan kantariarentzat. Bai, ordea, berarekin izan zuen seme bakarrarena, Garrinchinharena. 1986an hil zen, eta orduan etorri ziren depresioa, drogak, suizidio saiakera eta bigarren erbestea. Zirku batean abesten ere aritu izan zen urte haietan, bizirik iraun ahal izateko. Europa eta AEBetara joan zen gero, 1994an behin eta betiko etxera itzultzea erabaki zuen arte.

Unibertsoko kantari onena

Unibertsoko kantaririk onena izendatu zuen BBC telebista kateak Elza Soares 2000an, 60 urte pasa eta 28 disko kaleratuak zituela. Milurte aldaketak artista brasildarra biziberritu zuela zirudien, bi urte geroago De Coccix Até o Pescopo lana kaleratu baitzuen, Chico Buarque lagun zaharraren kolaborazioaz gain, Carlinhos Brownena ere biltzen zuena. Hip hop doinuak ere entzun litezke disko hartan, ausardiaren eta gaztetasun inposatu baten arteko zerbaiten ondorioz agian; hori pentsa zezakeen asmo txarreko entzuleak. Kontua da kontsakrazioa iritsi zela Soaresentzat, Langileen Alderdiak eta Lula da Silvak gidatuko zuten aro bat hasi zen garai bertsuan. Etorriko ziren gero Brasilen jokatuko ziren 2007ko Joko Panamerikarrak eta protesta artean ospatuko ziren 2016ko Olinpiar Jokoak —bietan kantatuko zuen Soaresek; lehenengoan Brasilgo ereserkia, gainera—. Urte haietakoa da emakumeen futbol taldearen lehen nazioarteko titulua ere: zilarrezko domina eskuratu zuten 2007ko munduko txapelketan.

Jair Bolsonaro iritsi zen gero. Diktadura garaietan talde iraultzaile bateko kide izana zen Dilma Rousseff torturatu zuen erregimena goratu zuen berbera. Inor gutxik aurreikusi ahalko zukeen halakorik, eta antzerakoa esan liteke Soaresen ibilbideari dagokionez ere. 2015an mundu osoa txundituko zuen A Mulher Do Fim Do Mundo kaleratu zuen jada agertoki gainean zutik jartzeko gai ere ez zen musikariak. Disko deserosoa zen hura, zaila askorentzat, zaratatsua eta ausarta. Kiko Dinucci, Romulho Froes eta Guilherme Kastrupekin batu zen kantaria lan hartarako. Musikari gazte horiek post-punka, noisea, jazza eta abarrak sambarekin nahastean sortzen den samba sujo —samba zikina, alegia— delakoren mugetan arakatu zaleak izaki, besteak beste, Meta Meta eta Passo Torto taldeetan ikasitakoak erabili zituzten Soaresen norabide musikalaren oinarri berriak ezartzeko. Diskurtsoari dagokionez, mugimendu sozialen aldarrien oihartzunak topa litezke disko hartan eta haren oinordeko izan zen 2018ko Deus é Mulher lanean. Taldekide berriek konposatutako abestietan «haragi beltza merkatuko merkeena» dela-eta «damutuko zaizu berriz ere besoa altxatzen badidazu» bezalakoak esatea zilegi zitzaiola deliberatu zutelako, ziur asko. Aste horietan jazo ziren, hain justu, Mirielle Franco ekintzailearen erailketa eta estatu kolpe instituzionala Brasilen.

Irailean Planeta Fome (Gosea planeta) diskoa argitaratu berri du 80 urteak gaindituak dituen Elza Soaresek, azken bi lanen aldean arrunt eta goxoagoa izanagatik, ildo aske bera jarraitzen duena. Izenburu horrekin autobiografikoa ere izan zitekeen, nahiz eta jada bi biografia argitaratuak ere badituen. Sinbolo bat da egun Soares, hamaika estetika ebakuntza jasan dituen bere aurpegi markatua bezalaxe. Distopia cyberpunk batetik ateratako tronu batean eserita taularatzen den arren, ezin errealagoa da kantari brasildarra. Edertasunak desitxuratutako larruazala eta adinak hautsitako bizkarrezurra izanagatik, Brasilen adierazgarririk onenetakoa da oraindik. Kolpeek eragindako orbainak harro erakusten ditu, distiraren ordaina azaleratu. Agian horregatik da zertxobait desatsegina egun egiten duena. Gordina da, ezohikoa, disonantea eta arantzatsua. Gurtu beharreko hondakin bilakatu da, herriaren boza, herriaren poza baino.

Libertaçao (eu nao vou sucumbir) deitzen da Soaresen 34. diskoko lehen kantua. «Liberazioa (ez dut amore emango)». Mundu osoan kontzertuak ematen jarraitzen du oraindik, eta, horietan, zale beltzak lehen lerroetara gonbidatzeko ohitura du. Bitartean, bi ordutik behin emakume bat erailtzen dute Brasilen, eta herrialde osoan 55 milioi pertsona baino gehiago bizi dira pobrezian. Populazioaren erdia beltza da, eraildakoen %77 ere bai. Soaresek inoiz baina gehiago abestu dio bere herriari oraingoan, eta zera amesten du, esaterako, lan berriko Brasis kantuan: «Badago kolpatzen zaituen Brasil bat/ harrapatzen zaituen beste bat/ zerbitzatzen duen Brasil bat/ jaurtitzen duen beste/ galdu, irabazi / goian, behean/ joan borrokara, kolpatu baloia/ baina ez joan eskolara (...) zure herria alderantziz ikusi nahiko nuke/ Brasil hankaz gora!»

Aurten emakumeen futbol talde nazionala final zortzirenetan kanporatu dute munduko kopan. 2018an gizonezkoen taldeak ez zituen munduko txapelketako final laurdenak gainditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.