Literatura

Konpromiso aratz bat molde ilunean emana

XX. mendearen alde ilunak ikusi zituen Paul Celanek, eta haren poesiak agerian uzten du Europan eginiko sarraski andana. Ulertzeko zaila den poetatzat dute, oro har, baina gai batzuk argi antzematen dira. Duela 100 urte jaio zen, eta duela 50 hil.

XX. mendeko poetarik txalotu eta ikertuenetariko bat da Paul Celan. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Baieztapen gutxi izan dira hainirmoki gezurtatuak Theodor Adornok egindako sonatu hura baino: alegia, ezinezkoa zela poesia Auschwitzen ondoren. Argi dago filosofoak hanka sartu zuela. Areago, poeta askok idaztera jo zuten preseski, izuak sorgortuta, poesiaren moldeak ematen baitzien bizitakoa adierazteko abagune bakarra. Sinestezina kontatu ahal izateko, forma poetikoaren urrunketaz baliatu ziren, eta hurbildu egin zizkieten gainontzekoei sarraskiaren ertzak.

Lazgarrikerien inguruan aritu zen kronistetako bat izan zen Paul Celan —Paul Antschel sortzez—. XX. mendeko idazleen kanonean ezinbesteko, 100 urte egingo lituzke asteazkenean, bizirik egon izan balitz; askoz arinago bukatu zuen berak bere bizia, ordea, mende erdirik ere ez baitzuen betea bere burua Parisko Mirabeau zubitik Sena ibaira bota zuenean. Edan zuen, hartara, berak ere «egunsentiko esne beltza», Heriofuga olerki ezaguna blaitzen duen heriotzaren metafora erabilita. Badu haren suizidioak saihetsezinaren kutsurik: 1970. urtean gaztaroko sufrimenduak zeramatzan bizkarrean, eta horiek itota hil zen, Senaren urek bainoago, orain dela 50 urte.

1920. urtean jaio zen Celan, garai hartan Errumaniako Erreinua zen eta orain Ukraina den Txernivtsi hirian. Judua izaki, goiz ezagutu zuen bazterkeria. 1933an Alemanian Hitler gailendu izanak hauspotu egin zuen antisemitismoa. Ordura arte ikasle errumaniarrak zituen ikastetxeetan egondakoa zen Celan, baina, 1934-1935ko kurtsotik aurrera, juduak eta ukrainarrak izan zituen ikaskide. Garai hartan bertan piztu zitzaion sozialismoarekiko interesa, eta bereziki Piotr Kropotkinen eta Lev Trotskiren idatziek liluratu zuten. Hurrengo urtean, 1936an, gerra betean zeuden espainiar errepublikanoen aldeko diru bilketan hartu zuen parte. 1938an Toursera (Frantzia) lekualdatu zen unibertsitate ikasketak egiteko, Alemaniako eta Austriako giro arrazistak juduak uxatzen zituelako bertako unibertsitateetatik.

Medikuntzako lehen urtea baino ezin izan zuen burutu, ordea. Jatorrira bueltatu zen 1939ko uztailean, oporrak senideekin batera igarotzera, baina ezin izan zen berriro Frantziara itzuli II. Mundu Gerraren eztanda tarteko. Hortik aurrera, eta SESBek eta Alemaniak sinatutako itunak iraun bitartean (elkarri eraso ez egitekoak), sobietarren kontrolpean egon ziren Txernivtsi eta inguruak. Naziek akordioa apurtu zutenean, alemaniarrek ordeztu zituzten errusiarrak, 1941ean. Hurrengo urtean, Celanen gurasoak hilketa esparru batera eraman eta bertan akabatu zituzten, eta semeak urteak eman zituen morroi zenbait lan esparrutan. 1944an aske utzi zuten, eta hurrengo urtean osaba-izebekin batera Bucarestera joan zen aurrena, Vienara 1947an, eta, azkenik, Frantziara itzuli zen 1948an, Parisera, orduko hartan. Distantziak, ordea, ez zituen jatorriko mamuak baretu: 1962an, depresioa jasaten hasi zen, eta hainbat ospitale psikiatrikotan saiatu zen konponbidea topatzen. Jakina denez, ez zuen lortu.

Esan ezin zitezkeenen pisua

Celanen poesiak oro har du iluna eta zaila izatearen fama, eta ikerlari asko eta asko aritu dira haren hitzek ezkutatzen duten esanahiak deszifratzen saiatzen. Autore oso ikertua izan da, eta hala da oraindik ere, eta haren obrara hurbiltzen den orori eskaintzen dio arakatzen ibiltzeko adina mami, izan formal zein edukizko. Halere, badu Celanen obrak elementu konstante bat, haren bizitza ardaztu zuena, halabeharrez, eta, haren poesiaren iheskortasuna gorabehera, aratz ageri zaiona irakurleari: heriotza. Modu askotara irudikatua, gainera, esne beltz gisara, Heriofuga-ren kasu aipatuan, edota figura gorpuztu bezala, ohiko Parkaren irudia iradokitzen duen emakume batean mamitua, Gerizpeko andrearen chanson-ean ageri denez: «Dama isila etorri eta tulipanak lepo egiten dituenean:/ Nork irabazi?/ Nork galdu?/ Nor doa leihorantz?/ Nork aipatzen du aurrena haren izena?».

Izendaezinak diruditen jazoerak izendatzeko aproposak diren hitzen bilaketaz gain, surrealismoak bere poetikan izan zuen eragin nabarmenak ere baldintzatzen du obraren ulergarritasuna. Halaber, bere lan tresnarekin, hizkuntza alemanarekin, alegia, izan zuen harreman gatazkatsuak ere haren poetika astindu zuen. Izan ere, orobat zen bere ama kuttunaren hizkuntza eta baita haren borreroena ere. Anne Carson poeta kanadarrak egoera hori azpimarratu zuen Economy of the Unlost (Galtzen ez denaren ekonomia) saiakeran, esanez Celanek, poesia idazten zuenean, kanpoko harreman bat garatu beharra zuela bere ama hizkuntzarekin: «Alemana berrasmatu behar zuen bere galbahea erabiliz, bere ama hizkuntza alemanera itzuli beharreko atzerriko hizkuntza balitz bezala». Azken urteetan, muturrera egin zuen joera horrek, hizkuntza ia kriptikoa erabili baitzuen.

Gazte hasi zen poesia idazten Celan, hamalau urterekin, hain zuzen ere. 49 betetzera arte, Europako gertuko historiaren lekukotza oparoa eta paradoxikoki ederra ondu zuen 800 olerki ingurutan. Bizitza eta obra gurutzatu zitzaizkion ezinbestean, baita heriotzaren momentuan ere, Heriofuga-n naziek hildako juduen antzera estutasunik gabeko hilobi bat eduki baitzuen berak ere azkenean, hodeietan beharrean ibaiko ur gozoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.