Kritika. Musika

Mamuei izena jartzeaz

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra



Zuzendaria: Roberto Fores Veses. Abesbatzak: Easo Eskolania eta Easo Gazte. Egitaraua: M. Musorgskiren Gaua mendi gorrian, G. Carpenterren Mamu kantak etaP. I. Txaikovskiren 4. sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 4

Euskadiko Orkestraren bigarren abonu programak nork bere barnean zein kanpoan aurkitu ditzakeen mamuak ekarri nahi izan ditu taula gainera, hain zuzen ere, Gau Beltzaren eta Arimen Egunaren inguruan egin diren kontzertuetan. Programaren lehen zatiak lanbroz eta kondairaz betetako giroan murgildu gintuen, eta bigarrenak, aldiz, gatazka pertsonalek zeharkatutako patuaren aurreko etsipen eta ahaleginetan.

Gazterik idatzi zuen Musorgskik Gaua mendi gorrian poema sinfonikoa, berariazko errusiar musika sinfonikoa bilatu nahian zebilen mugimendu nazionalistaren barruan kokatzen dena. Nikolai Gogolen kontakizuneko sorginen antzera, espiritu beltzei heldu egin zien orkestrak akelarrean, Foresen keinu kementsuak lagunduta, lehenengoz entzun ziren Gary Carpenterren fantasmagoriei bidea irekiz.

Euskadiko Orkestrak beste hiru orkestra britainiarrekin batera egindako enkargua dira Mamu kantak, Marion Angusen zein Robert Louis Stevensonen hainbat olerki oinarri hartuz ahots zurientzako idatzitakoa. Ez da ohikoa haur eta gazte abesbatzak erdigunean jartzen dituzten obra sinfoniko-koralak topatzea eta, hortaz, eskertzekoa da sorkuntza. Orkestraren presentzia zuhurraren gainean, Easo Eskolaniak eta Easo Gaztek lan aparta egin zuten jitoan ibili gabe erritmo sinkopatuetan barrena nabigatzen eta tranpa harmonikoak opari bihurtzen, beheko erregistroan berebiziko kolorea erakutsiz.

Orkestrak ez zuen galdu Txaikovskiren 4. sinfoniak eskaintzen duen luzimendurako aukera. Foresen batutak markatzen zituen tenpo azkarrei segika, metalak distiratsu agertu ziren lehen gaiaren aurkezpenean zein bukaerako allegro con fuoco-aren euforia dramatikoan. Hariek gau paregabea eskaini zuten, bigarren mugimenduaren melankoliatik scherzo-aren pizzicatoak pizten duen irudimenera, non haizeek ere azken urteotan erakutsi duten bikaintasuna modu sotilean zabaldu zuten.

Norberak sortutako edota tradizioz jasotako mamuak uxatzeko erremedio eraginkorra: haien parean jarri eta, aurpegira begiratuz, izen-abizenez deitzea. Ospa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.