Musika

Zintzotasun ariketa

«Haragi bizitan jartzea bezala izan da». Horrela definitu du Marianne Faithfullek 'Negative Capability' bere azken diskoa. Maitasunaz eta minaz hitz egiten duen lan intimista bezain pertsonala.

Marianne Faithfullen ibilbideko 21. diskoa da Negative Capability. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Marianne Faithfulek (Londres, 1946) publikoarentzat kantatu zuen lehenengo abestia izan zen As Tears Go By, Mick Jaggerrek, Keith Richardsek eta Andrew Loog Oldham The Rolling Stonesen managerrak beretzat propio idatzi zutena. 1964an grabatu zuen kantua Faithfullek, eta jarraian iritsiko ziren This Little Bird, Summer Nights, Sister Morphine... drogekin izan zituen gorabeherek urte batzuz musikatik aldenarazi zuten arte.

Ia 55 urte igaro dira ordutik, hogei diskotik gora grabatu ditu Faithfullek, baina As Tears Go By-k segitzen du iltzatuta kantari ingelesaren corpusean. Horregatik, Negative Capability bere azkeneko diskoan agertzeak ez luke inor harritu behar. Izan ere, bere ibilbideko «diskorik zintzoena» da hori, Faithfullen beraren arabera. «Haragi bizitan jartzea bezala izan da». Ondo sufritu duen lana izan da, urteetan pilatutako minaren isla. «Ez dago benetako zoritxarra bezalakorik sakontasuna lortzeko. Zorigaitz izugarriak jasan ditut, eta zaurituta nago, nire bizitza erabat aldatzeraino betirako». Samin horrek hauspotua grabatu du Negative Capability, barnean pilatutako odola atera nahian. «Gogor lan egin nuen indarrak biltzeko, eta miraria da disko eder hau egiteko gai izan nintzela. Benetan diot ez nekiela nola aterako zen. Baina egingo nuen itxaropenari heldu nion».

Bere ibilbideko diskorik «pertsonalena» da Negative Capability, baita intimoena ere. Bakardadeari eta maitasunari buruzko tratatu bat. Eta horrek isla du diskoko doinu gehienetan ere: pausatuak, pianoaren tonu solemnean oinarrituak, hari konponketek jantziak, Faithfullen ahots sakonak gidatuak.

Warren Ellisek eta Rob Ellisek ekoitzi diote diskoa, eta Nick Cavek, The Gypsy Faerie Queen kantua idazteaz gain, ahotsak ere jarri ditu pieza horretan. «Mirari txiki bat izan da», aitortu du Faithfullek. Ez da biek elkarrekin lan egiten duten aurreneko aldia, Before the Poison (2005) eta Easy Come, Easy Go (2008) diskoetan ere parte hartu baitzuen kantari australiarrak, baina azken laneko parte hartzea «berezia» izan da. «Galdetu nion ea musika jarri zion letra horri. Eta erantzun zidan oso lanpetua zegoela. 'Ulertzen dizut. Barka molestatzeagatik', esan nion, eta, orduan, berak hau idatzi zidan: 'Eskerrik asko ulertzeagatik. Hemen duzu kantua'. Eta kantu egiazki zoragarria da».

Cavez gain, Ed Harcourtek (No Moon in Paris) eta Mark Laneganek (They Come at Night) parte hartu dute diskoan. Azken hori2015eko azaroan Parisen izan ziren erasoen ondoren idatzi zuten —130 lagun hil zituzten hainbat erasotan, besteak beste Bataclan kontzertu aretoan—, eta diskoko tonu lasaitik aldentzen den kantu bakarrenetako bat da. Gitarra elektrikoak eta bateriak nabarmentzen dira tentsio agerikoa duen piezan. Faithfull Parisen bizi da gaur egun, eta atentatuak gertatu eta urtebetera, 2016ko azaroan, estreinatu zuen tragediaren epizentroan: Bataclanen.

Atzera begira

As Tears Go Byez da Faithfullek iraganarekin harremanetan jartzeko berreskuratu duen kantu bakarra. Lan berrian dago Witches Song ere. Broken English (1979) diskoan kaleratu zuen lehendabizi, baina Negative Capability-n bertsio ilun batean ageri da, jatorrizkoaren pop dirdira ezkutatua duela. Eta horrekin batera, Bob Dylanen klasiko agorrezin bat: It's All Over Now, Baby Blue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.