Musika

Bi hamarkada atzera eginda

'Days of the Bagnold Summer' filmeko musikarekin itzuli da Belle and Sebastian. Bihar Iruñeko Baluarten aurkeztuko du Stuart Murdochek gidatutako taldeak.

Stuart Murdoch, orain bi urte emandako kontzertu batean. KIKO HUESCA / EFE.
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ez da berria Belle and Sebastian talde eskoziarrak zinema munduarekin duen harremana. Bere kantuetan ugariak izan dira erreferentzia zinematografikoak, eta 2002an Todd Solondzen film bateko musika ere egin zuen, gerora disko bihurtuzuena: Storytelling.

Ordutik ia bi hamarkada igaro diren honetan, Stuart Murdoch abeslariak zuzentzen duen bandak beste film bateko musika egin berri du, Days of the Bagnold Summer komikiaren egokitzapenarena, hain zuzen ere. Joff Winterhartek 2012an kaleratutako eleberri grafikoak ama liburuzain baten eta haren seme heavy metalzalearen arteko harremana du ardatz, eta zinemarako egokitzapenaz Simon Bird aktorea arduratu da zuzendari gisa aritzen den lehen aldian.

Hala komikia nola filma 1990eko hamarkadaren amaieran daude girotuak, eta, agian horregatik, Belle and Sebastianek garai hartan lantzen zuen pop dotore, preziosista eta malenkoniatsua da nagusi da filmean. Hainbat pasarte instrumental baditu ere —aipagarria Sister Budha (intro), Bob Dylanek 1973an Pat Garrett and Billy The Kid filmerako egin zuen musika oroitarazten duena—, entzulea Glasgowkoen lehen lau diskoetara eramaten duten pieza kantatuak dira diskoaren ardatza.

Hori dela eta, ez da harritzekoa aurretik argitaratuak zeuden bi kantu ere grabazio berrietan berreskuratu izana : Get Me Away From Here, I'm DyingIf You're Feeling Sinister (1996) taldearen gailurrean agertu zena— etaI Know Where The Summer GoesThis Is Just a Modern Rock Song EPkoa (1998)—. Horiekin batera, taldekideek azaldu dutenez, diskoan badira 90eko hamarkadan idazten hasi eta bukatu gabeko hainbat pieza ere. Esaterako, Safety Valve, taldearen lehenengo diskoa (Tigermilk, 1996) irten baino lehen idatzitakoa.

Kantu batzuek lotura zuzena dute 90eko hamarkadarekin, baina disko osoari dario hasierako Belle and Sebastianen kutsua. Badu horretan zerikusirik taldeak azken urteetako diskoetan hartu duen norabide dantzagarri eta elektronikoaren arrastorik ez izatea, edota Sister Buddha bizi eta arima-altxatzailean tronpeta batzuk ere azaltzea.

Ikusteko dago entretenimendu honek zer ondorio izango dituen Belle and Sebastianen etorkizunean; izan ere How To Solve Our Human Problems (2018) aurreko diskoan bildutako hiru EP-ek taldearen aurpegi ugariak erakusten zituzten, identitate jakin bat izan gabe.

Bitartean, bihar, Iruñeko Baluarten izango dira Murdoch, Stevie Wilson, Sarah Martin, Chris Geddes, Richard Colburn etaBobby Kildea. Disko berria aurkezten, baina baita taldearen ezinbesteko pieza bihurtu direnak jotzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.