Beste olatu bat, itsasoari begira

Boardriders Quiksilver enpresak bederatzi hektareako lur eremua hartu, eta Surf Park bat egin nahi du Donibane Lohizuneko Jaldai eremuan (Lapurdi), olatu artifizialak egiteko.

Beste olatu bat, itsasoari begira.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Toki batzuetan, Mutrikun (Gipuzkoa), adibidez, uhinak baliatzen dituzte energia sortzeko, baina hemen, arrunt kontrakoa... Donibanen energia xahutuko da uhinak sortzeko!». Ironia puntu batekin baina haserre, horrela aipatu du Peio Etxeberri Aintziart Herri Berri taldeko bozeramaileak Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin gogo duten Surf Park proiektua.

Surf Park hori itsasertzetik 1,5 kilometrora egin beharra du Boardriders enpresak —garaian Quicksilver izena zuen—, eta Donibane Lohizuneko herriko etxearen sostenguarekin egitekoa du. Izan ere, joan den otsailean aldatu zuten Tokiko Urbanizazio Plana, eta horrek ahalbidetu du horrelako aldaketa. Praktikoki zer emanen duen: elkarren ondoan baturik hamar errugbi zelaien eremuaduen parke bat, zeinetan bezeroak uhin artifizialetan surf eginahalko baitute.

Quiksilverren eraikinaren gibelean den mendixka batean egin nahi dute Surf Parkea. Ondoan, hotel handi bat eginen lukete; 75 eta 100 ganbera artean lituzke, baita bulegoak eta saltokiak ere. Hori guztia, parte batez laborantzako lurretan eta gune naturaletan; zati bat Boardridersena da, bestea herriko etxearena.

Herri Berri herriko etxeko oposizioko zerrenda da. Badira bi hilabete proiektu horren kontrako borroka hasia dutela. «[Herriko etxean], proiektua aipatzean, ez zuten datarik ematen, ez zuten erraten konkretua izanen zela, lainotsua zen». Eta proiektu horren sorrera honela azaldu du Etxeberri Aintziartek: «Zaila da jakitea, baina xerkatuz pixka bat, aski fite ulertu dugu nondik etorri den. 2014an, Peyuco Duhartek bere burua aurkeztu duelarik [auzapez izateko], Manuel Delara sartu du bere taldean. Eskuineko gizona da, komunikazioan ibili dena. Berak baditu loturak Boardriders Quiksilver enpresarekin, eta helburua dute Donibane Lohizune bilakatzea munduko lerra kirol guztien zentroa». Donibane Lohizunen jadanik bada munduko Quiksilverren zentro administratiboa, eta gune hori garatu nahi izan dute ikerketak eramateko; surf mailan teknika berriak sortzeko, besteak beste. «Hori interesgarria zen auzapezarentzat, enpleguak sortuko baitzituen herrian... Eta ospea sortuko zuen. Delara axuanta bilakatu zen, eta Quicksilver Boardridersekin zuen kontaktu sare hori sartu zuen herriko etxera. Pixka bat isilpean, proiektu hori aitzinera eraman zuen». Duhart hil zen, eta Quicksilverreko nagusia ere, istripuz. «Aferak gibelatu zituen. Eta ez genuen deus entzun tokiko urbanizazio plana ikusi arte».

Etxeberri Aintziartek argi duhorren gibelean, zeintzuk diren interesak: «Lehen interesa ekonomikoa izanen da, eta pribatua;Boardridersena. Ez dira batere kinka onean oraintxe, orduan, erraten dute alde egin beharko luketela bestela...». Joan den urtarrilean, 73 langile lizentziadun zituen Quiksilverrek Donibane Lohizuneko enpresan, eta, bide batez, eraikina saldu. Etxeberri Aintziartek uste du «zilegi» dela enpleguez arduratzea, baina interes ekonomikoen izenean ingurumenari kalte «izugarriak» egitea «arduragabekeria» zaio. «Astakeria». Hala, enpleguen gaiari loturik, horren egiteko partez, beste alternatiba batzuk izan daitezkeela uste du. Bestela, «desastre ekologikoa» izanen litzateke, haren hitzetan.

Surf Park hori egitea, berriz, Gipuzkoan kokatua den Wavegarden enpresak hartuko luke bere gain. Ingalaterran eta Australian badituzte jada horrelako bi eginak, eta Suitzan eta Hego Korean beste bi irekitzear dira. Informazio askorik ez dute eman Donibane Lohizuneko proiektuari buruz, «ingurumen ikerketak» ez baitira oraino bukatuak eta ez baitira oraino «prest», hango langile batek azaldu duenez —anonimoki mintzatu da—. «Hurrengo bizpa hori urteetan munduko bost kontinenteetan izanen dira horrelakoak. Hain diren onak herritarrentzat, non herri guztiek hauek nahi dituzten, Olinpiar Jokoentzat ere kirolariak entrena daitezen. Frantziak munduko surflaririk onenetarikoak ditu, eta pena litzateke horrelako zerbait ez ukaitea».

Bestalde, Wavegardenek segurtatzen du horrelako proiektu batek eragin «kasik hutsa» duela ingurumenean. Instalazio guztia birziklagarria izateko hormigoirik ez dutela erabiltzen azaldu du hango langileak, eta ura berreskuratzeko eta gordetzeko teknikak ere garatu dituztela erran du. «Gure teknologiak ahalbidetu digu ingurumenean eraginik ez duten instalazioak eraikitzea. Guretzat, itxura ekologikoa da gauzarik garrantzitsuena,eta bertako herritarrei gizarte onura garrantzitsuak proposatzea», gehitu du.

Herri galdeketa

«Zer izanen zen ohartzean, serioski hartu dugu afera, eta nahi genuen ikusi Donibaneko herritarrek zer uste zuten horretaz», Etxeberri Aintziartek. Eskabidebat sortu zuten horretarako. Uztailaren 17an ezagutarazi zuten, eta, orduz geroz, izenpetzaileen kopurua beti ari da goiti. 18.000 izenpetze gainditu ditu. «Ikusi dugu ez ginela bakarrak hori pentsatzen, eta horrek pisua ematen dio gure dinamikari».

Horrez gainera, urrunago eraman nahi izan dute afera. «Proiektua gelditu behar da, baina inportanteena da donibandarrek beren hitza ukan dezaten erreferendum baten bitartez». Horren eskatzeko «zilegitasuna» dutela uste du, kontuan harturik, gainera, beste eragile batzuk ere proiektuaren kontra agertu direla. Surfrider Foundation, konparazione, horren kontra da, bai eta eskualdea ere.

Anartean, proiektua noiz gauzatuko den eta eginen den edo ez, ez dakite zuzen. Jean François Hirigoien auzapeza iraila bukaeran biltzekoa da Boardridersekin, eta orduan informazio gehiago izan behar lirateke. Wavegardenek ere, gehiago komunikatuko omen du iraila bukaeran. EtaHirigoienek, bere aldetik, BERRIAk eginiko galderei ez die erantzun nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.