Musika

Paisaia puruen bila

Damon Albarnek bakarkako bigarren diskoa argitaratu du: 'The Nearer the Fountain, More Pure the Stream Flows'. Barrura eta iraganera egindako bidaia bat da, ohiko moldetik aldentzeko saiakera bat.

Damon Albarn abeslaria, Gorillaz taldearen zuzeneko kontzertu batean. TORBEN CHRISTENSEN / EFE.
aitor biain
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Damon Albarnek 30 urte baino gehiago daramatza musika sortzen. 1990eko hamarkadaren hasieran egin zen ezagun, Blur taldeari esker. Britpop izeneko generoaren eta mugimenduaren ikurretako bat izan zen taldea, Oasisekin batera, besteak beste. Bide eta soinu berrien bila ibili da ordutik, halere, eta beste hainbat proiektutan ere aritu da modu paraleloan: Gorillaz eta The Good, the Bad & the Queen dira horietako bi. 2014an, ordea, bakarkako bideari ekin zion, eta, ia zazpi urte igarota, bigarren bakarkako lana argitaratu du orain: The Nearer the Fountain, More Pure the Stream Flows.

Rock alternatiboa eta indie rock doinuak albo batera utzi, eta bestelako proposamenak batu zituen Albarnek Everyday Robots bere bakarkako lehen diskoan. Eta orain ere hala egin du. Izan ere, The Nearer the Fountain, More Pure the Stream Flows lanak gehiago du musika esperimentaletik rocketik baino: elektronika, jazza, popa, ambient musika... askotariko estilo eta generoak aurki daitezke diskoko 11 kantuetan.

Islandian egindako egonaldi batean idatzi zituen kantu guztiak, iazko urtarrilean, beste musikari batzuekin batera; paisaia musika bilakatu zuten, zehazki. Helburua zen kantu horiek orkestra batekin grabatzea gero, baina, pandemiagatik, bertan behera utzi zuten asmo hori. Konfinamendua etorri baitzen, eta bakardadea. Ingalaterrara itzuli zen Albarn, eta proiektua ez atzera ez aurrera geratu zen, harik eta kantuak moldatzea erabaki zuen arte. «Islandian lanak bukatuta geneuzkala sentitzen nuen, baina mundua desberdina zen, eta ni guztiz bestelako ingurune batean nengoen. Nire sentimenduak adierazi nahi nituen, nire barne mundua garai hartan», adierazi dio musikariak Rolling Stone aldizkariari.

Iluntasunetik argitasunera

John Clare poetaren olerki batetik hartutako esaldiak ematen dio izenburua diskoari. Nerabezaroan ezagutu zuen Clare, amak oparitutako liburu bati esker. «Erabat ahaztua nuen esaldi hori, baina Islandian grabatzea erabaki nuenean konturatu nintzen uste nuena baino askoz adierazgarriagoa sentitzen nuela». Izen bereko kantuarekin abiatzen da diskoa.

Kantuetan, askotariko erreferentziak aurki daitezke, halere: haurtzaroan egin ohi zituen marrazkien ingurukoak, mamuei eta naturari buruzkoak, Hego Amerikara eta Iranera egindako bidaiei lotutakoak, eta hegaldietan ezezagunekin izandako hizketaldiak ardatz dituztenak, besteak beste. Izan ere, barrura eta iraganera egindako bidaia bat da diskoa, introspektiboa eta malenkoniatsua aldi berean. Oroimenak zeharkatzen du diskoa alderik alde. «Ez da disko morboso bat, baina hilkortasunaz erabat kontziente den batek egindakoa da», azpimarratu du abeslariak. Etengabe ari baita gizakiaren hauskortasunari, galerari eta beldurrari buruz kantuan.

Talka egiten dute, hala ere, kutsu tristeagoa duten abestiek The Cormoran, Royal Morning Blue, Darkness to Light eta alaitasun izpiak dituztenek Polaris, Particles, The Tower of Montevideo. Erdibidean geratzen dira kantu instrumental esperimentalakCombustion, Esja, Giraffe Trumpet Sea. Finean, ohiko moldetik aldentzeko saiakera bat da diskoa; ez du inor uzten erdibidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.