Literatura

Beldurra kaleen jabe egin zen eguna

Indarkeriaren espektakuluaren izenean, ipar irlandarren esperientziak alde batera utzi izan ditu istiluen literaturak. Azken bi hamarkadetan, ordea, herritarren bizipenak kontuan hartzen dituen literaturak indarra hartu du.
Herritarren eta armadaren arteko liskarrak.
Herritarren eta armadaren arteko liskarrak. GILES PERESS

Estibalitz Ezkerra -

2018ko urriak 21
Ipar Irlandako Derry hirian 1968ko urriaren 5ean eskubide zibilen alde modu baketsuan manifestatzen ari zirenei indarkeria handiz jazarri zitzaien Polizia. Irlandako zein nazioarteko zenbait komunikabideren presentzia tarteko, mundu osoan ikusi ahal izan ziren larri zaurituriko protestarien irudiak, eta gaitzespen adierazpen ugari ere eragin zituzten.

Gainerako herritarrak bezala, Glenn Pattersonen The International nobelako (1999) protagonista, hau da, Belfasteko International hoteleko tabernako barran lan egiten duen Danny, ezustean harrapatzen du istiluei hasiera ematen dien gertakariak—The Troubles edo Istiluak deritzote Ipar Irlandan 1960ko hamarkadaren amaieratik 1990eko hamarkadaren erdialdera indar paramilitar errepublikanoak, indar paramilitar unionistak eta britainiar segurtasun indarrak protagonista izan zituen gatazkari—.

Pintak atera bitartean bezero xelebreen joan-etorrien aurrean agertu ohi duen interes falta bera erakutsi zuen hotelean bertan Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Elkarteak antolaturiko lehen bileran. Urriaren 5aren ostean, Belfasten ezer ez da izango lehen zen modukoa. «Munduko pantaila txikiak begira zeudela, borrek eta harriek astindu, dardarazi eta etzanarazi» zuten hiria garai batean zen bezala gogora ekarri nahi du tabernariak, baina, tamalez, ezinezkoa egiten zaio, hari erreparatzeko ohitura handirik ez duelako izan. Keak eta oihuak egin dira haren oroitzapenen jabe.

1960ko hamarkadan, Ipar Irlandako hainbat hiritara zabaldu ziren eskubide zibilen aldeko elkarteak. Eta haien abiapuntu izan ziren etxebizitza arloan katolikoek jasaten zuten diskriminazioaren kontra egindako protesta kanpainak. Unionistek kontrolaturiko Ipar Irlandan, etxe bat ez zen bizileku bat bakarrik; ordezkapen politikoa eta, azken batean, boterea eskuratzeko bitartekoa ere bazen. Izan ere, botoa emateko eskubidea jabetzari loturik zegoen, eta, etxebizitza bat lortzeko jartzen zizkieten oztopoak direla kausa, katolikoek ez zuten bozkatzeko aukerarik. Auzo katolikoetan ohiko egoera zen etxebizitza berean familia bereko bizpahiru belaunaldi elkarrekin bizitzea, eta haietako bakar batek —etxearen jabe zen gizonezkoak— zuen bozkatzeko aukera.

Istiluen aurretik katolikoek pairaturiko bizi baldintza eskasen isla da Seamus Deaneren Reading in the Dark (1996, Ilunpean irakurtzen), Derryko auzo pobreenetako batean kokaturik dagoen nobela. Izenik gabeko narratzaile nerabeak bere familiaren gora-beheren berri ematen digu, eta istiluekin etorritako aldaketen kronika ere eskaintzen du. Soinu banda jakin batek iragartzen ditu aldaketa horiek: armadak botatako negar gasek erdi itota utzitako auzokoek «eztandak, tiroak, istiluak [auzora] gerturatzen ari zirela adierazten zuten kristal hautsiak, molotov koktelen distira, ulu luze bihurtuko ziren garrasi isolatuak, babes ezkutuen eta borren arteko talka hotsa» bakarrik entzun ditzakete goizetik gauera. Narratzailearen familiak telebista piztuta edukitzen du une oro, beren buruak kaleen jabe egin den indarkeriatik distraitze aldera.

Bai Internationaleko Dannyren bai Derryko gaztearen istorioek 1968ko urriaren 5aren ondoren Ipar Irlandako hiri eta herrietako kaleetan nagusitu zen beldur eta segurtasunik eza azpimarratzen dute. Sentimendu horiek areagotu egin ziren hurrengo hamarkadan, talde paramilitarren eta britainiar armadaren indarkeria gogortzearen ondorioz. Azken horri toki zabala eskaini dio Ipar Irlandako literaturak, gai eta genero propio bihurtzearren.

Istiluen gaineko literaturaz ari garenean, thriller tankerako nobelaz ari gara: nazioarteko irakurlea eta merkatua kontuan hartuta idatzitako lanak dira, indarkeriaren errepresentazio gordina zein pertsonaia estereotipatuak eskaintzen dituztenak, Trouble trash edo istilu zaborra esaten zaienak. Gatazka puri-purian zegoen garaian literatura mota horren salmentak hain oparoak izan zirenez, Ipar Irlandan bertan zein Ipar Amerikan, Belfasteko ontzioletatik ateratako Titanic ontziaren ostean lurraldeko ekoizpen emankorrena izendatu zuten batzuek.

Bi tradizioen eredua

Izan bada thriller-aren ezaugarriei eutsi arren eduki aldetik hain komertziala ez den istiluei buruzko literatura jasoagoa ere, esate baterako, Benedict Kielyren Proxopera (1977), Brian Mooren Lies of Silence (1990, Isiltasunezko gezurrak) eta Colin Batemanen Divorcing Jack (1995, Jackengandik bananduz) nobelen antzekoa, gatazkaren alderdi politikoari heltzen diona. Hala ere, gertaeren ikuspegi sinplistegia eamten du azken horrek ere, Peter Shirlowen eta Mark McGovernen bi tradizioen ereduarekin bat datorrena.

Bi tradizioen ereduaren arabera, Ipar Irlandako gatazka, funtsean, bi erlijio talderen arteko gatazka da, katolikoarena eta protestantearena. Eredu horrek, ordea, ezkutatu egiten du, alde batetik, Ipar Irlandako herritarren errealitate ekonomiko, kultural eta sozialen aniztasuna, eta aldaera horiek guztiek bizikidetzari begira aurkezten dituzten aukerak eta oztopoak; eta, bestetik, prozesu historiko batzuen ondorio diren eta erlijio-nortasunaren bidez adierazi bai baina erlijioari buruzkoak ez diren egitura politikoak ere ezkutatzen ditu. Hots, indarkeriaren espektakuluaren izenean, ipar irlandarren esperientziak alde batera uzten ditu istiluen literaturak.

Azken bi hamarkadetan, Ostiral Santuko Hitzarmena sinatu zenez geroztik, kaleak eta batez ere kale horietan bizi diren herritarren esperientziak berreskuratzea helburu duen literatura agertu da. Robert MacLiam Wilsonen Eureka Street-ek (1996) hasiera eman zion korronte horrek ez du Ipar Irlandaren historia konplexu eta zaila baztertzen, baina herrialdeak gaur egun bizi dituen bestelako erronkekin harremanetan jartzen du: langabeziarekin, genero indarkeriarekin, homofobiarekin eta arrazakeriarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna